santurtziko berbalagunok: 2009.12

2009/12/22

Sonia, Neguko euskara izpia.

2009 urte laster bukatuko zaigu eta negua horren adibide leiala da. Hotza etxeratu eta gabonak hurbildu zaizkigunez, jendea opor eta otordu oparoen zain dago. Berbalagunok, honetaz gain, badakigu edozein garai ona dela euskaraz bizi eta komunikatzeko, lasaitu eta maitatzeko, goibeldu eta alaitzeko. Honengatik, hemendik urte berri ona opa nahi dizuegu, eta jakina, euskaraz!! Honen adibide ona da Sonia berbalagunak utzi digun testigantza ederra. Entzun eta gozatu.

Urtarrileko agenda ikusgai.

Hurrengo urtea ere ekintza interesgarriz beteta etorriko zaigu. Bakoitzak jakingo du zein aukeratu, baina beti izan behar duzue buruan inportanteena astiro-astiro euskaraz bizitzea dela. Honenbestez, heldu hurrengo urteari euskaraz!!! Hona hemen agenda.

Berbalagunek kredituak eskura ditzakete unibertsitatean.

AEKren mintzapraktika egitasmoetan (berbalagun, mintzalagun...) parte hartzen duten Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek aukera askeko kredituak eskuratu ahal izango dituzte. Adostutakoa honakoa da:
  • Unibertsitateko ikasleen zeregina: mintzapraktika egitasmoan dauden euskaldun berriekin astean ordu batez elkartzea eta euskara ikasleak ikas-prozesua amaitzen laguntzea. Egitasmo hauek mintzataldeetan antolatzen da, unibertsitateko ikasleak bertan integratuko lirateke eta laguntzaile papera beteko lukete. Orotara 45 ordu, hau da, 3 kreditu
  • Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartzen duten ikasleei euren espediente akademikoko aukera askeko kredituak lortzeko aukera emango lizkieke..
  • AEKren Praktika Zerbitzua berriz, ikasle horien jarraipena eta ebaluazio txostena egiteaz arduratuko litzateke.
Izena eman edo informazio gehiago nahi izanez gero, bete fitxa hau eta zurekin jarriko gara harremanetan.

2009/12/17

Umeentzako zinema Gabonetan.


Ohi bezala Santurtziko umeek Gabonetako zinema izando dute ikusgai SKAn Udal Euskara Sailaren eskutik. Oraingoan hautaturiko pelikukak hauek dira:

Pluk eta bere Garabia abenduak 28 12:00etan
Pluk haur ilegorriak atoidun kamioian bidaiatzen du. Bizitzeko leku baten bila dabil eta lorategi batekin egin du topo. Bertan, etxebizitza-eraikina altxatzen ari dira eta Thumper anaiak, bost anaiak, han bizi dira. Guztiak batera eta bidean aurkituko dituzten beste lagunek lagunduta, lursail berdea suntsi ez dezaten eta horren ordez haurrek lasai eta bakean jolasteko leku bihur dadin saiatuko dira. Pluk van de Petteflet Annie M. G. Schmidt-ek (1911-1995) idatzitako haur-literatura holandarreko klasikoa da, idazle berak idatzi ditu, beste askoren artean, Jip en Janneke eta Minnie.

Olentzero eta Oparien Ordua abenduak 29 12:00etan
Gogor aritu beharko dute Anjek, Marik eta beraien lagunek herrira bakea itzultzea nahi badute. Herriko nagusiak elkarrekin erretxinduta dabiltza, mesfidati. Hau guztiaren errua hegazkinarekin inguruko mendietan istripua izan duen atzerritar batek dauka. Dirua eta ospea agindu die hegazkina topatuko duenari.
Baina gauzak erabat aldrebestuko dira Olentzeroren ordulari magikoa desagertzen denean. Ordulari magikorik gabe ezingo du denbora gelditu, eta ondorioz, ezingo ditu gabon gauean opariak banatu.


Honez gain, herriko haurrek izango duten Gabonetako programazioa ikusi nahi baduzu, klikatu honen gainean.

Ken Zazpi taldearen kontzertua!!!

Ken Zazpi taldearen zalea bazara, zortekoa zu!! Izan ere, abenduaren 26an 21:30ean SKAn entzun ahal izando dituzu Udal Euskara Sailak eta Topaguneak antolaturik. Pop-rock soinu atsegin eta sendoek gure gogoa astinduko dute energia pilo askatuz. Tokia, gainera, ezin aproposagoa kontzertu on bat behar bezalako kalitateaz entzuteko, eta larunbat horretarako planik ez baduzu, hartu agenda eta idatzi letra larriz: egun horretan euskal musika!!!

Erdizka lauetan Santurtzin

Ziur asko maiz izan duzu dantza egiteko abagunea, eta are ziurrago plazara ateratzeak kikildu zaitu zure ustetan ez baitakizu dantzatzen. Eta jakina denez, hobe da geldi egotea honelako kasuetan barregarri geratu nahi ez badugu. Osterantzean, plazan inolako lotsa eta zailtasunik gabe dantzan dabilen jendearen harridura aurpegiak pairatu beharko zenituzke!!! Eta zure artean diozu: “egunen batean ondo ikasi eta ausartuko naiz”
Zure kasua hau bada, Erdizka Lauetan taldeari esker dantza egiteko oinarrizko urratsak ikasi ahalko dituzu abenduaren 26an 18:00etan Gernika parkean. Udal Euskara Sailak antolatutako emanaldi honek ez du soilik balio hasiberrientzat, aritutakoek ere ezinbesteko papera baitute besteei laguntza ematen!!!

2009/12/14

Olentzero Santurtzira iritsiko da

Negua gain-gainean dugula Olentzero etorri ohi zaigu honen berri ematera: jendea kale ertzetan zain, umeen begiak platerak bezain borobilak, gurasoen irribarrea… Ohiko elementuak dira neguaren etorreran. Hemendik gutxira egunak ilun-ilunak izango dira baina Olentzerori jaramon eginez gero, urtean izandako gazi-gozoak albora ditzakegu, eta urte berria kemen eta gertaera onez beterik helduko zaigu. Santurtzin badakigu data hauek oso garrantzitsuak direla, eta hau dela eta, talde ugarik Olentzeroren irteerak antolatzen dituzte auzo guztietan: Kabiezes, Mamariga, Donibane, erdialdea…

Bakoitzak aukera dezala zein duen gogokoago eta parte hartu abenduaren 24ko ekintza hunkigarri honetan!!!

Negu Eguna jaia Mamarigan!!!

Denok sobera ondo dakigu gure gizartea kontsumistegia dela, gabonen aitzakiapean denok nahi beste sos xahutzen dugula hamaika gauza erosten: lagunentzako opariak direla, itsaskiak direla, arropa dela… Baina aspaldiko Euskal Herrian ez zen honelakorik gertatzen, urte bukaera gerturatu ahala, Neguko solstizioa ospatzen zuten egunak apurka-apurka luzeagoa izateko irrikan, naturari estu-estu lotuak suaren inguruan jai polit eta xumeak egiten zituzten. Honengatik, Mamarigako Kultur Etxeak ohitura zahar hau berreskuratzea proposatu zuen orain dela urte batzuk, eta honi esker, Negu Eguna jaio zen autogestioan beste urrats bat emanez. Adi egon eta irakurri abenduaren 23an (asteazkena) jai pagano honek izango duen egitaraua:

18:30ean Negu Egunaren aurkezpena egingo da eta aurten jazotako gauza txarrak erreko ditugu
19:00etan Olgetan taldearekin erromeria aparta izango dugu
19:30etik aurrera Gazta, ardoa eta barazkiz gainezkako saski baten zozketa eta salda gehi gaztaina banakera!!!

Antzinako euskaldunek legez urtea agurtu gura duzu?? Aukera paregabea duzu ekimen honekin. Animatu eta ez geratu lozorroan!!

Potxin eta Patxin umeekin jolasteko prest.



Potxin eta Patxin pailazoak Santurtzira etorriko zaizkigu abenduaren 23an 18:00etan Gernikako Parkean Udal Euskara Sailaren eskutik. Era honetan barre-algarei tarte handia utziz, Gabonetako Haur Parkea hasiko da emankizun dibertigarri honen bidez.
Ez dakizula nortzuk diren, adi irakurri:
POTXIN eta PATXIN artistak ideia berriekin datoz, haurren parte hartzea eta irribarrea bultzatuz, kontent egoteko tresnen beharrik ez dagoela erakutsiz, imajinazioa erabiliz entretenitzen dituzte.
Gorputz espresio, musika, malabare, mimoen bidez saio alai eta bizi bat eskaintzen dute. Urtero antzezlan berri bat aurkezten dute eta urtean zehar antzezlan hori herriz herri ibiltzen da, plaza, auzo, eszenatoki, kiroldegi, frontoietan... Mimo-keinu, imintzioak, jolasak ikuskizunaren parte bilakatzen dira.

Berbalagunok Santurtziko kaleak hartu genituen!!


Ostiraleko gaua zoragarria izan zen euskararentzat. 80 pertsona inguru (jendetza hori zenbatzea ezinezkoa zen) Txitxarrako tabernak euskalduntzen ibili ginen, hori izan zen hori jende andana!! Eta denok euskaraz!!! Beste garaipen txiki bat eskuratu dugu Santurtzi euskalduna lortzeko bidean. Bide zail eta nekosoa jakina, baina baita dibertigarri eta gozagarria ere. Bestela galdetu bertso-triki poteoan egon zen edonori. Bertsolariak zirikatzaile apartak (Jokin, Gabi eta Aingeru) eta musikariak (Efren, Janire eta Josi) taberna guztiak dantzan jartzeko modukoak izan ziren. Berbalagunok eta Udal Euskaltegiak antolaturiko ekimen honetara bertaratu ginenok pozaren pozez aritu ginen bertsotan kantari eta dantzetan abil (salbuespenak salbuespen jakina!!) Argazki guztiak ikusteko klikatu honen gainean.

2009/12/11

Egunkaria orain eta beti libre!!!

Euskararen aurkako erasorik ez dugulako nahi, gure hizkuntza bizirik nahi dugulako, euskal kultura libre nahi dugulako, adierazpen askatasunean sinisten dugulako, euskaraz idatzi, irakurri eta pentsatzea delitua ez delako, pentsaerari mugarik jarri ezin zaiolako. Honengatik guztiagatik, abenduaren 19an larunbata 17:00etan, manifestazio erraldoia egingo da Bilboko kaleetan hau aldarrikatuz: Egunkaria libre!! Berbalagunokin etorri nahi baduzu 16:20an Santurtziko tren geltokian lotuko gara.

2009/12/04

Berbalagun eta euskaltzaleon Bertso-triki poteo mundiala!!

Berbalagunok Santurtziko kaleak euskararentzat gordeko ditugu hurrengo abenduaren 11n (ostirala) 20:00etatik aurrera. Zergatik? Bada gabonak heldu aurretik, Ttipi-Ttapa Txitxarrako tabernatik abiatuta Bertso-triki poteo mundiala egingo baitugu Udal Euskaltegiaren laguntzari esker.
Ostera ere albokoek burua biratuko dute euskara entzundakoan, baina gogora etorriko zaie ez dela lehen aldia, berbalagunak elkartzen direnetik euskara eguneroko bizitzan dugulako sartuta: kalean, tabernetan, mendian, parkean, antzerkian…

Honengatik eta egindako lan gogor eta pozgarria ospatzeagatik, Santurtziko euskaltzale guztiok derrigorrezko hitzordua izango dugu egun honetan. Abestu, dantzatu eta ondo pasatu nahi duzu? Gainera euskaraz?? Bada ez pentsatu bitan eta etorri gurekin Bertso-triki poteora, ikaragarri ondo pasako duzu eta!!!

Txoriburuak umeentzako filma.

Santurtziko umeek euskarazko zinemarekin ondo pasatzeko aukera izango dute berriro ere Udal Euskara Sailaren eskutik. Izan ere, abenduaren 10 eta 11n SKAn Txoriburuak filma ikusgai izango dute SKAn. Hona hemen sinopsia:

Bederatzi urteko Bonnie bere ama Lis eta amonarekin bizi da. Hirurek oso dituzte gustoko elefanteak.
Lis ama gozoa, baina ezohikoa da: batzuetan oso bizikor eta alaia da, bestetan ordea inor baino ezkor eta ilunagoa. Amona beti dago inguruan denak zaintzeko prest, zorigaitzeko egun batean istripu bat izaten duen arte. Orduan, gauza oso bestelako bilakatuko da. Lis Ceerekin geratzen hasten da eta Bonniek bere ametsik handiena egia bihurtuko dela usteko du: anaia bat izango duela. Dena den, Lisi ez zaio ideia hau gehiegi gustatzen, maskota bat ideia hobea dela uste du. Horregatik, egun batean Bonnieri sorpresa bat emateko asmoz, elefante bat eramango du etxera

Euskaldunon Egunkaria gogoan eta elkartasunez.

Tamalez, asko dira gure euskarak pairatzen dituen bidegabekeriak. Hizkuntza txikia izaki egin dizkioten erasoen tamainak bere ahulezia besterik ez du erakusten. Euskaldunok oraindik ere arazo gehiegi dugu geure hizkuntzan bizi eta gozatzeko, libre sentitzeko. Izan ere, gaztelania da nagusi arlo guzti-guztietan eta jende askoren lana ezinbestekoa da egoera hau iraultzeko. Duela 19 urte pentsaezina zen euskara hutsezko eguneroko bat argitaratzea, munduari ez bide zitzaion bideragarria iruditzen; eta hala ere, zenbait kazetari nahiz euskaltzaleren kemenari esker Euskaldunon Egunkaria sortu zen apustu ezin ausartago batean. Baina nonbait, batzuek ezin dute euskararen aldeko lana ikusi ere egin, eta zentzugabekeriari jaramon eginez adierazpen askatasunari egin dakiokeen urraketarik gordinena egin zuten: Euskaldunon Egunkaria itxi eta bertako langile andana auziperatu. Epaiketa gain-gainean dugu dagoeneko eta zigor handiak eskatu dituzte kazetari eta euskaltzale hauentzat. Harribola kultur elkarteak , honetaz jakitun, Egunkariko adiskideei elkartasuna adierazi nahi die hitzaldi interesgarri hau Portugaleten antolatuz:

EGUNKARIAREN AURKAKO EPAIKETA.

Hizlaria: Txema Auzmendi jesuita, Egunkariako Administrazio Kontseiluko kidea eta auzipetua.
Eguna: abenduak 10, osteguna Naziarteko Giza Eskubideen Eguna
Ordua: Iluntzeko 8ak
Tokia: Nazaret parrokiako lokaletan (Carlos VII kaletik hurbil, botika ondoko autobus-geltokitik 100 metrora, metro geltokiaren beste aldean). Udalak ikaragarrizko trabak jarri dizkie beste nonbait egiteko hitzaldi politikoa zela argudiaturik.