santurtziko berbalagunok: 2009.02

2009/02/26

Martxoko euskararen agenda. Bete eta oparoa!!

iritzia: 
Santurtziko euskaldunok badugu zer egin martxoan, korrika hurbiltzen ari zaigu eta herriko eragileak gauza andana ari dira antolatzen. Berbalagunok eta euskaltzaleok, oro har, parte hartzen segituko dugu, apurka-apurka euskalduntzen ari baikara gure herria. Hona hemen agenda:

2009/02/25

Bazen behin... haurrentzako ipuin emanaldia.

iritzia: 

Azken aldi honetan blog honetan argitaratu den gehiena helduei begirakoa izan da: berbakagunok, korrika ekintzak, Bai Esanen emanaldiak... Baina inola ere ez dugu ahaztu umeek ere eskolaz gain euskaraz gozatu eta bizitzeko hautua egin dezaketela!! Hauek baitira euskararen etorkizun eta geroa, hizkuntzari babes eta indarra emango dizkiotenak. Ildo honetan, Udal Liburutegi Sareak Bazen behin.. ipuin saioa antolatu du martxoaren 5ean 17:30ean Udal Liburutegian. Bost urtetik gorako haurrei zuzendutako ikuskizun honetan gure herriko haurrek aukera ederra izango dute beren aisia ere euskaraz emateko. Anima zaitezte eta murgildu gaitezen euskararen munduan!!

Koldo Amestoy ipuin kontalaria eta Pantxix Bidart musikaria.

iritzia: 

Urtero huts egin ezin digun bisita bat jasotzen dugu, urtero Iparraldetik ipuin, bizipen, amets berriak ekartzen dizkigute, eta noski, gu pozaren pozez egon ohi gara hauen zain, irrikan. Eguna gero eta hurbilago dago, eta Koldo Amestoy ipuin kontalariak belarri eta arimak erne jarraraziko dizkigu bere istorio liluragarriak aditzen ditugun bitartean, areago, Pantxix Bidart musikari eta kantariak doinuz eta notaz hornitzen baditu.
Musikak eta ipuinek giro magiko eta atseginean murgilduko gaituzte Kresala aretoan, martxoaren 5ean osteguna 20:00etan. AEK-k korrika kulturalaren baitan prestatu duen emankizunean. Aneta Bokaleko ikuskizun paregabea ikusteko prest zaudete berbalagunok?? Bizi, sentitu eta amets egin euskaraz!!

Kultur Etxetik sagardotegira!!

iritzia: 
Argi dago santurtziarron artean Sagardotegiak arrakasta ikaragarria duela, hau ukaezina da, osterantzean nola uler daiteke herri berean bi sagardotegi egin ahal izatea horrenbesteko jenderekin? Bada, Mamarigako Kultur Etxeak Pikoren laguntzarekin urtero antolatzen du honelako irteera bat Santurtzitik Gipuzkoara. Aurtengoa martxoaren 7an izango da, larunbata. Arratsaldeko 18:30ean parketik aterako dira autobusak Tolosako Lasa sagardotegira heltzeko xedez.

Bertan ohiko menua afalduko dugu, eta gauean Hernani aldera abiatuko da jendea goizeko ordu txikiak heldu arte. 40 euro balio du denak, eta inork izena eman nahi badu, helbide elektroniko honetara idaztea du: mamarigakokultur@yahoo.es. Aukera ederra euskaraz hitz egiten segitzeko, gainera hau guztia autogestioaren bidez lortua dela aintzat hartuta!!

Duo Reflections taldearen kontzertua irudietan!

iritzia: 
Hemen duzue aurreko ostiralean planik gabe geratu zinenten berbalagunontzat, Portuko Santa Clra aretoan Duo Reflections taldearen eskutik entzun genuen kontzertu bikaina Korrika kulturalaren barruan. Bertan Iban Galdos eta Patricia Fernandez musikariek beren baitako onena eskaini ziguten aho bete hortz uzteraino!! Ia bada, goza ezazue bideoa!!

2009/02/20

Elkartasunean mendia bide. Argazki erakusketa

iritzia: 



Pasa den astean Alberto Iñurrategirekin berba egin genuen, mendiaz, munduaz. Oraingoan mintzatutakoa irudietan ikusteko abagunea izango dugu Felix Baltistan Fundazioari esker. Izan ere, Portugaleten Argazki erakusketa bikaina paratuko dute (Elkartasuna mendia bide) Salazar dorrean guztiz dohainik, otsailaren 23tik martxoaren 8ra. Mendia eta berari lotutako bizipenak atsegin badituzue ezin duzue huts egin. Portu oso hurbil dago eta!!
Erakusketa honako orduetan egon da zabalik:
*Astean zehar: 17:30-20:30
*Larunbatetan: 11:00-14:00 eta 17:30-20:30
*Igandeetan: 11:00-14:00
AEK-k antolatu du erakusketa hau Korrika Kulturalaren ekimenean. Mendia eta euskara uztartuz, harmonian baina betiere mezu argi bat zabalduz: ezina ekinez egina. Euskarak ere mendi malkartsuenak igoko dituelako!!

Pirritx, Porrotx eta Mari Motots

iritzia: 


Urtero bezala, Pirritx eta Porrotx Santurtzi herrira bertaratuko dira, kanta, salto, barre eta ilusioa hedatuko dituzte gure umeen artean. Abesti atseginak, dantza saltseroak, eta bereziki, mezu sakon eta garrantzitsuak helaraziko dizkigute. Korrika kulturalaren barnean AEK-k antolatu duen ekimen honek arrakasta itzela izaten du urterik urte, zaila da Pirritx, Porrotx eta Mari Motots gabeko haurtzaroa imajinatzea gure haurrentzat!!

SKA aretoan izango ditugu otsailaren 27an, ostirala. 17:00etan eta 19:00etan. Hori bai, sarrerak aspaldidanik daude agorturik.

2009/02/19

Ikusten ez diren begiradak. Alberto Iñurrategiren dokumentalean

iritzia: 


Mendia zer den ez dugu oso argi. Sarritan, oso irudi idealizatua izaten dugu: elurtutako gailurrak, igo ezineko hormak, ezin malkartsuagoak diren magalak… Ikuspegi ederrak, zoragarriak. Baina zer dakigu horien guztien atzean ezkutatzen diren istorioez, sekretuez, pertsonez?? Ezer ere ez. Alderdi hori ez da ezaguna, ez digu inork kontatzen, oharkabean pasatzen da, horren atzean dagoen jendearen istorioa bezain gordea.

Alberto Iñurrategik izenik gabekoen begirada gerturatu zigun (Begiz begi dokumentalari esker), hirugarren munduko pertsona horien lekukotasuna egon badagoela helarazi zigun, baina gizartean gertatzen den legez, eliteko kirolak ere alboratu eta erabiltzen ditu aipatzen ez direnen usadio eta bizipenak. Exotismoan galtzen den so izoztua, herrena. Atzo korrika kulturalaren barnean, gogoeta hau egiteko parada izan genuen Kresalan bildu ginen guztiok, denok abiatu ginen norabide berean, gizatasunaren norabidean korrika. Eskerrik asko.

2009/02/16

Esku soinu emanaldia Santa Claran

iritzia: 

Jakina denez, santurtziarrok mugitzeko ohitura handia dugu, hankak ederki gogortuta ditugu horrenbeste aldapa igo ostean, hau dela eta, alboko herrietara joan behar badugu, horrek ez digu suposatzen aparteko ahaleginik. Zergatik diogu hau? Bada, ostiral honetan, otsailak 20, arratsaldeko 20:00etan Esku Soinu emanaldi bat edukiko dugulako Santa Clara aretoan. AEK-k korrika kulturalaren barnean antolatutako ikuskizun honetan, musikari apartak izango ditugu (Patricia Fernandez eta Iban Galdos), hainbat estilo jorratuko dituztenak musika klasikotik hasita, jazzeraino.
Zuzeneko on bat ikustea beti da plazerra, areago musika atsegin badugu, eta jakin badakigu euskaltzaleok entzumen fina dugula, eta euskararen aldeko dinamiketan parte hartzea ere gogoko dugula. Honengatik guztiagatik eta musika ona entzuteagatik, ostiral honetan Santa Clararaino joan gintezke ezta??

Sagardotegiko ajea!!

iritzia: 
Ostera ere berbalagunok indar erakustaldi bat egin genuen Larregain sagardotegian, AEK-ko ikasleekin batera 77 lagun joan ziren Gipuzkoako Hernani herria gure euskaltzaletasunez zipriztintzera. Argazkietan ikus daitekeen eran, menua ezin gozoagoa izan zen, arrastorik ez baikenuen utzi!!

Ez dago argazki askorik, baina sartutakoak nahiko adierazgarriak dira. Sagardoa ez zen faltan izan, eta bapo afaltzeaz gain izugarri ondo pasatu genuen. Zer, oraindik ere egarri al zarete?? Kupelak hustu ez genituenean!! Argazki gehiago ikusteko klikatu hemen.

2009/02/12

Alberto Iñurrategi begiz begi!!

iritzia: 

Mendizaleok zortekoak gara Alberto Iñurrategi geure herrira etorriko baita. Gurekin batera mendiarekin dituen bizipenak zein kezkak partekatuko dituelako. Hitzordu aparta ohikoak ez diren irudiak ikusteko, urrun dauden toki miresgarriak apur bat gerturatzeko, eta bereziki, ingurumenaren alde egiteko, izan ere, alpinismoaren globalizazioak hainbat kalte egin dio kirol honi. Asteazkenean, otsailak 18, 20:00etan Kresalan ikusiko dugu elkar!! AEK-k antolatu duen Korrika Kulturalaren barruan. Hona hemen dokumental honen sinopsia:
Begiz begi dokumentalak egungo mendizaletasunari begiratua ematen dio eta, horren bidez, gizarteak mendiarekiko duen jarrera ere aztertzen du. Bestalde, alpinistak bere hausnarketak ezagutzera emango ditu, zenbaitetan pentsamendu globalizatuaren aurka dauden hausnarketak. Horrez gain, bidaiariek helmuga berri bat hautatzeko orduan hartzen dituzten jokabideei ere egingo die tartea; izan ere, bere aburuz, alpinismoa ahultzen dute.

2009/02/11

Ongi etorri Korrika, bildu euskarara!!

iritzia: 

Azkenik korrikaren txanda iritsi zaio Santurtziri, honezkero kaleak kartelez beteta ikusiko zenituzten, baina hemendik aurrera Korrika Kulturalak bere txokoa hartuko du berbalagun eta euskaltzaleei euskarazko eskaintza ugaria emateko.
Gauza asko ikusi genuen atzokoan: irudiak, korrikaren bitxikeriak, kanta, arropa desfilea.. Denak giro bikainean!! Gutxi falta da Korrikari hasiera emateko, martxoaren 26an Tuteratik abiatuko da eta apirilaren 3tik 4ra (ostiral-larunbata) pasako da Santurtzitik goizeko 05:00etan.
Ongi etorri, beraz, Korrika garaira, ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira, euskararen mundura. Kanpotik zein barrutik, denok baikara euskararen seme-alaba, aita-ama. Aurkezpeneko argazki gehiago esteka honetan.

2009/02/09

Bertsolaritza ikastaroa Kultur Etxean

iritzia: 


Ohi bezala Mamarigako Kultur Etxetik beste proposamen interesgarri bat heldu zaigu. Beti bezala elkarte hau kultura euskaltzalea sustatu nahian, hamaika ekimen sortzaile eta parte hartzaile burutzen dihardu. Oraingoan Bertsolaritza Ikastaroa da eskaintza, aurreko tailerra bukatu ostean, hainbat pertsonak euren interesa plazaratu dute ekintza honekiko. Euskaltzale, bertsozale eta berbalagunok alboratu ezin dugun ekintza!

Asteartero izango litzateke 20:30etik aurrera Mamarigako Kultur Etxean. Izena emateko epea otsailaren 19an bukatuko da. Izena eman nahi baduzue idatzi email bat edo bilatu informazio gehiago web honetan. Ez da izango Santurtziko eragileok lan gutxi egiten dutelako euskararen alde!! Anima zaitezte!!


Patinatzen ibili eta gero salda bero!

iritzia: 
Igandean une dibertigarri eta atseginak bizi izan genituen! Jendetza batu (22 lagun) eta segituan patinatzeari ekin genion inolako lotsarik gabe. Hortxe aritu ginen aditu, ezjakin eta hasiberriok. Baina denok pozaren pozez eta barrez:


Den-denok, ezer ez genekienok barne, patinatzea lortu genuen. Hobeto edo okerrago, baina inor ez zen etxeratu bere kabuz patinatzen ikasi gabe!! Argazki guztiak lotura honetan klikatuta.

Natxo Bautista, gure euskara izpia

iritzia: 
Denok dugu zerbait esateko, askotan aukerarik ez. Baina apur bat arakatuz gero, mezu politak ditugu kontatzeko, zirraragarriak. Natxok berarentzat euskara zer den azalduko digu, zergatik berbalagun izan, zergatik euskaldun sentitu.

2009/02/03

Korrika aurkezpena Santurtzin

iritzia: 
Santurtzin ere korrika bagabiltza, baina ez pentsa Larunbatekoaren antzik izango duenik. Hemen ez da dokumentalik egongo, baina bai ostera Korrika aurkezpena: Bideoklipa, bertsolariak, Korrikaren gaineko irudiak, korrika arropa modelo batzuek erakutsiak, korrika laguntzaileak…

Korrika garaian lan pilo egin behar du AEK-k, baita berarekin batera laguntzaile ibiltzen diren beste hainbestek ere. Horregatik da Korrika denona, euskara sustatu eta zabaltzeko, geurean ere kinka larrian dugulako euskara, hiztun bakoitza arnasaldi berri bat delako euskararentzat!! Honengatik, korrika Euskal Herriko hainbat txokotan euskararen alde egiten den kilometro bakoitzak gure hizkuntza indarberrituko duelako. Beraz, aurkezpen hau ikusi nahi izanez gero, otsailaren 10ean (asteartea) arratsaldeko 20:00etan Kresalan hitzordu garrantzitsua izango dugu euskaltzale guztiok!!. Era berean, jakinarazi nahi dizuegu Korrika Arropa Santurtziko AEKn salgai egongo dela otsailaren 9tik 12ra bitartean. Zatozte ikustera!!

Korrika omenaldia. Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira.

iritzia: 

Euskararen inguruan hunkigarriak diren gauza ugari gertatzen dira, ileak lazten dizkiguten gertaerak ez baitira urriak. Korrika, beharbada, une zirraragarri haietako bat izango da, euskaldun guztiok batzen gaituen aldarrikapen festa. Aurten ere AEK-k Korrika antolatu behar du, eta horretan dabil buru-belarri. Seguruenik, gure herriko kaleetan jadanik ikusi ditugu korrika kulturalean zer dagoen dioten kartelak. Berbalagunok, gainera ekimen hauetan hartzen dugu parte euskara bultzatzeko.

Bada, ildo honetan AEK-k otsailaren 7an (larunbata) arratsaldeko 19:00etan Korrika omenaldia burutuko du Euskalduna jauregian, Bilbon. Bertan Jon Maia bertsolariak egindako dokumental bat eskainiko dute, eta omenduak (korrikaren leloak ondo dioenez) Euskal Herrira etorritako eta euskaldundu diren milaka lagun izango dira, baita euskara galdu zutenak ere: askok eta askok, belaunaldien poderioz euskara galdu dute. Eta kanpora joan barik ere, horrenbeste izan dira, frankismoaren edo frantses estatuko lege jakobinoen erruz, euskara galdu duten familiak. Zorionez, horien artean badira euskara berreskuratzeko, euskara euren etxeetara itzul dadin, ahalegin aipagarria egin duten lagunak ere.
Izan ere, gure herria euskararen herria da, euskara ezinbestekoa dugu biziraungo badugu. Honengatik, animatu eta hasi parte hartzen Korrikan, etor zaitezte Euskaldunan burutuko den omenaldira. Sarrerak Santurtziko AEKn dituzue salgai, baita egun horretan bertan ere Euskaldunan (5 euro), Gora Santurtzi eta Euskal Herri euskaldunak!! Informazio gehiago korrikaren web orrian.

Bertso triki poteoan ateratako argazkiak

iritzia: 
Ostiralean gauza xelebre bat gertatu zen Santurtzin, iluntzeko zortziak aldera giza uholde bat txoko guztietatik ateratzen hasi zen euskara hutsean mintzo zelarik. Tabernak euskaldunez gainezka, bertako txikiteroak zeharo harrituta euskara tabernetan nagusi zela ohartzean. Ezusteko ederra hartu genuen bertso triki poteoak eduki zuen arrakasta itzela ikusita. Berbalagunok, AEK eta Udal Euskaltegiko ikasleok Santurtziko kaleez jabetu ginen euskara kalera ateraz. Baten batek 100 euskaldun baino gehiago bildu ginela esan zuen. Ez dakit zenbat izango ginen, baina tabernek ezin gintuzten berbalagunok barruan hartu!!

Ez zegoen denontzako tokirik!! Baina tarteka bertsolarien jardunari adi-adi egon ahal izan ginen!! Dena den, argazki guztiak esteka honetan klikatuta dituzue!!