santurtziko berbalagunok: 2009

2009/12/22

Sonia, Neguko euskara izpia.

2009 urte laster bukatuko zaigu eta negua horren adibide leiala da. Hotza etxeratu eta gabonak hurbildu zaizkigunez, jendea opor eta otordu oparoen zain dago. Berbalagunok, honetaz gain, badakigu edozein garai ona dela euskaraz bizi eta komunikatzeko, lasaitu eta maitatzeko, goibeldu eta alaitzeko. Honengatik, hemendik urte berri ona opa nahi dizuegu, eta jakina, euskaraz!! Honen adibide ona da Sonia berbalagunak utzi digun testigantza ederra. Entzun eta gozatu.

Urtarrileko agenda ikusgai.

Hurrengo urtea ere ekintza interesgarriz beteta etorriko zaigu. Bakoitzak jakingo du zein aukeratu, baina beti izan behar duzue buruan inportanteena astiro-astiro euskaraz bizitzea dela. Honenbestez, heldu hurrengo urteari euskaraz!!! Hona hemen agenda.

Berbalagunek kredituak eskura ditzakete unibertsitatean.

AEKren mintzapraktika egitasmoetan (berbalagun, mintzalagun...) parte hartzen duten Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek aukera askeko kredituak eskuratu ahal izango dituzte. Adostutakoa honakoa da:
  • Unibertsitateko ikasleen zeregina: mintzapraktika egitasmoan dauden euskaldun berriekin astean ordu batez elkartzea eta euskara ikasleak ikas-prozesua amaitzen laguntzea. Egitasmo hauek mintzataldeetan antolatzen da, unibertsitateko ikasleak bertan integratuko lirateke eta laguntzaile papera beteko lukete. Orotara 45 ordu, hau da, 3 kreditu
  • Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartzen duten ikasleei euren espediente akademikoko aukera askeko kredituak lortzeko aukera emango lizkieke..
  • AEKren Praktika Zerbitzua berriz, ikasle horien jarraipena eta ebaluazio txostena egiteaz arduratuko litzateke.
Izena eman edo informazio gehiago nahi izanez gero, bete fitxa hau eta zurekin jarriko gara harremanetan.

2009/12/17

Umeentzako zinema Gabonetan.


Ohi bezala Santurtziko umeek Gabonetako zinema izando dute ikusgai SKAn Udal Euskara Sailaren eskutik. Oraingoan hautaturiko pelikukak hauek dira:

Pluk eta bere Garabia abenduak 28 12:00etan
Pluk haur ilegorriak atoidun kamioian bidaiatzen du. Bizitzeko leku baten bila dabil eta lorategi batekin egin du topo. Bertan, etxebizitza-eraikina altxatzen ari dira eta Thumper anaiak, bost anaiak, han bizi dira. Guztiak batera eta bidean aurkituko dituzten beste lagunek lagunduta, lursail berdea suntsi ez dezaten eta horren ordez haurrek lasai eta bakean jolasteko leku bihur dadin saiatuko dira. Pluk van de Petteflet Annie M. G. Schmidt-ek (1911-1995) idatzitako haur-literatura holandarreko klasikoa da, idazle berak idatzi ditu, beste askoren artean, Jip en Janneke eta Minnie.

Olentzero eta Oparien Ordua abenduak 29 12:00etan
Gogor aritu beharko dute Anjek, Marik eta beraien lagunek herrira bakea itzultzea nahi badute. Herriko nagusiak elkarrekin erretxinduta dabiltza, mesfidati. Hau guztiaren errua hegazkinarekin inguruko mendietan istripua izan duen atzerritar batek dauka. Dirua eta ospea agindu die hegazkina topatuko duenari.
Baina gauzak erabat aldrebestuko dira Olentzeroren ordulari magikoa desagertzen denean. Ordulari magikorik gabe ezingo du denbora gelditu, eta ondorioz, ezingo ditu gabon gauean opariak banatu.


Honez gain, herriko haurrek izango duten Gabonetako programazioa ikusi nahi baduzu, klikatu honen gainean.

Ken Zazpi taldearen kontzertua!!!

Ken Zazpi taldearen zalea bazara, zortekoa zu!! Izan ere, abenduaren 26an 21:30ean SKAn entzun ahal izando dituzu Udal Euskara Sailak eta Topaguneak antolaturik. Pop-rock soinu atsegin eta sendoek gure gogoa astinduko dute energia pilo askatuz. Tokia, gainera, ezin aproposagoa kontzertu on bat behar bezalako kalitateaz entzuteko, eta larunbat horretarako planik ez baduzu, hartu agenda eta idatzi letra larriz: egun horretan euskal musika!!!

Erdizka lauetan Santurtzin

Ziur asko maiz izan duzu dantza egiteko abagunea, eta are ziurrago plazara ateratzeak kikildu zaitu zure ustetan ez baitakizu dantzatzen. Eta jakina denez, hobe da geldi egotea honelako kasuetan barregarri geratu nahi ez badugu. Osterantzean, plazan inolako lotsa eta zailtasunik gabe dantzan dabilen jendearen harridura aurpegiak pairatu beharko zenituzke!!! Eta zure artean diozu: “egunen batean ondo ikasi eta ausartuko naiz”
Zure kasua hau bada, Erdizka Lauetan taldeari esker dantza egiteko oinarrizko urratsak ikasi ahalko dituzu abenduaren 26an 18:00etan Gernika parkean. Udal Euskara Sailak antolatutako emanaldi honek ez du soilik balio hasiberrientzat, aritutakoek ere ezinbesteko papera baitute besteei laguntza ematen!!!

2009/12/14

Olentzero Santurtzira iritsiko da

Negua gain-gainean dugula Olentzero etorri ohi zaigu honen berri ematera: jendea kale ertzetan zain, umeen begiak platerak bezain borobilak, gurasoen irribarrea… Ohiko elementuak dira neguaren etorreran. Hemendik gutxira egunak ilun-ilunak izango dira baina Olentzerori jaramon eginez gero, urtean izandako gazi-gozoak albora ditzakegu, eta urte berria kemen eta gertaera onez beterik helduko zaigu. Santurtzin badakigu data hauek oso garrantzitsuak direla, eta hau dela eta, talde ugarik Olentzeroren irteerak antolatzen dituzte auzo guztietan: Kabiezes, Mamariga, Donibane, erdialdea…

Bakoitzak aukera dezala zein duen gogokoago eta parte hartu abenduaren 24ko ekintza hunkigarri honetan!!!

Negu Eguna jaia Mamarigan!!!

Denok sobera ondo dakigu gure gizartea kontsumistegia dela, gabonen aitzakiapean denok nahi beste sos xahutzen dugula hamaika gauza erosten: lagunentzako opariak direla, itsaskiak direla, arropa dela… Baina aspaldiko Euskal Herrian ez zen honelakorik gertatzen, urte bukaera gerturatu ahala, Neguko solstizioa ospatzen zuten egunak apurka-apurka luzeagoa izateko irrikan, naturari estu-estu lotuak suaren inguruan jai polit eta xumeak egiten zituzten. Honengatik, Mamarigako Kultur Etxeak ohitura zahar hau berreskuratzea proposatu zuen orain dela urte batzuk, eta honi esker, Negu Eguna jaio zen autogestioan beste urrats bat emanez. Adi egon eta irakurri abenduaren 23an (asteazkena) jai pagano honek izango duen egitaraua:

18:30ean Negu Egunaren aurkezpena egingo da eta aurten jazotako gauza txarrak erreko ditugu
19:00etan Olgetan taldearekin erromeria aparta izango dugu
19:30etik aurrera Gazta, ardoa eta barazkiz gainezkako saski baten zozketa eta salda gehi gaztaina banakera!!!

Antzinako euskaldunek legez urtea agurtu gura duzu?? Aukera paregabea duzu ekimen honekin. Animatu eta ez geratu lozorroan!!

Potxin eta Patxin umeekin jolasteko prest.



Potxin eta Patxin pailazoak Santurtzira etorriko zaizkigu abenduaren 23an 18:00etan Gernikako Parkean Udal Euskara Sailaren eskutik. Era honetan barre-algarei tarte handia utziz, Gabonetako Haur Parkea hasiko da emankizun dibertigarri honen bidez.
Ez dakizula nortzuk diren, adi irakurri:
POTXIN eta PATXIN artistak ideia berriekin datoz, haurren parte hartzea eta irribarrea bultzatuz, kontent egoteko tresnen beharrik ez dagoela erakutsiz, imajinazioa erabiliz entretenitzen dituzte.
Gorputz espresio, musika, malabare, mimoen bidez saio alai eta bizi bat eskaintzen dute. Urtero antzezlan berri bat aurkezten dute eta urtean zehar antzezlan hori herriz herri ibiltzen da, plaza, auzo, eszenatoki, kiroldegi, frontoietan... Mimo-keinu, imintzioak, jolasak ikuskizunaren parte bilakatzen dira.

Berbalagunok Santurtziko kaleak hartu genituen!!


Ostiraleko gaua zoragarria izan zen euskararentzat. 80 pertsona inguru (jendetza hori zenbatzea ezinezkoa zen) Txitxarrako tabernak euskalduntzen ibili ginen, hori izan zen hori jende andana!! Eta denok euskaraz!!! Beste garaipen txiki bat eskuratu dugu Santurtzi euskalduna lortzeko bidean. Bide zail eta nekosoa jakina, baina baita dibertigarri eta gozagarria ere. Bestela galdetu bertso-triki poteoan egon zen edonori. Bertsolariak zirikatzaile apartak (Jokin, Gabi eta Aingeru) eta musikariak (Efren, Janire eta Josi) taberna guztiak dantzan jartzeko modukoak izan ziren. Berbalagunok eta Udal Euskaltegiak antolaturiko ekimen honetara bertaratu ginenok pozaren pozez aritu ginen bertsotan kantari eta dantzetan abil (salbuespenak salbuespen jakina!!) Argazki guztiak ikusteko klikatu honen gainean.

2009/12/11

Egunkaria orain eta beti libre!!!

Euskararen aurkako erasorik ez dugulako nahi, gure hizkuntza bizirik nahi dugulako, euskal kultura libre nahi dugulako, adierazpen askatasunean sinisten dugulako, euskaraz idatzi, irakurri eta pentsatzea delitua ez delako, pentsaerari mugarik jarri ezin zaiolako. Honengatik guztiagatik, abenduaren 19an larunbata 17:00etan, manifestazio erraldoia egingo da Bilboko kaleetan hau aldarrikatuz: Egunkaria libre!! Berbalagunokin etorri nahi baduzu 16:20an Santurtziko tren geltokian lotuko gara.

2009/12/04

Berbalagun eta euskaltzaleon Bertso-triki poteo mundiala!!

Berbalagunok Santurtziko kaleak euskararentzat gordeko ditugu hurrengo abenduaren 11n (ostirala) 20:00etatik aurrera. Zergatik? Bada gabonak heldu aurretik, Ttipi-Ttapa Txitxarrako tabernatik abiatuta Bertso-triki poteo mundiala egingo baitugu Udal Euskaltegiaren laguntzari esker.
Ostera ere albokoek burua biratuko dute euskara entzundakoan, baina gogora etorriko zaie ez dela lehen aldia, berbalagunak elkartzen direnetik euskara eguneroko bizitzan dugulako sartuta: kalean, tabernetan, mendian, parkean, antzerkian…

Honengatik eta egindako lan gogor eta pozgarria ospatzeagatik, Santurtziko euskaltzale guztiok derrigorrezko hitzordua izango dugu egun honetan. Abestu, dantzatu eta ondo pasatu nahi duzu? Gainera euskaraz?? Bada ez pentsatu bitan eta etorri gurekin Bertso-triki poteora, ikaragarri ondo pasako duzu eta!!!

Txoriburuak umeentzako filma.

Santurtziko umeek euskarazko zinemarekin ondo pasatzeko aukera izango dute berriro ere Udal Euskara Sailaren eskutik. Izan ere, abenduaren 10 eta 11n SKAn Txoriburuak filma ikusgai izango dute SKAn. Hona hemen sinopsia:

Bederatzi urteko Bonnie bere ama Lis eta amonarekin bizi da. Hirurek oso dituzte gustoko elefanteak.
Lis ama gozoa, baina ezohikoa da: batzuetan oso bizikor eta alaia da, bestetan ordea inor baino ezkor eta ilunagoa. Amona beti dago inguruan denak zaintzeko prest, zorigaitzeko egun batean istripu bat izaten duen arte. Orduan, gauza oso bestelako bilakatuko da. Lis Ceerekin geratzen hasten da eta Bonniek bere ametsik handiena egia bihurtuko dela usteko du: anaia bat izango duela. Dena den, Lisi ez zaio ideia hau gehiegi gustatzen, maskota bat ideia hobea dela uste du. Horregatik, egun batean Bonnieri sorpresa bat emateko asmoz, elefante bat eramango du etxera

Euskaldunon Egunkaria gogoan eta elkartasunez.

Tamalez, asko dira gure euskarak pairatzen dituen bidegabekeriak. Hizkuntza txikia izaki egin dizkioten erasoen tamainak bere ahulezia besterik ez du erakusten. Euskaldunok oraindik ere arazo gehiegi dugu geure hizkuntzan bizi eta gozatzeko, libre sentitzeko. Izan ere, gaztelania da nagusi arlo guzti-guztietan eta jende askoren lana ezinbestekoa da egoera hau iraultzeko. Duela 19 urte pentsaezina zen euskara hutsezko eguneroko bat argitaratzea, munduari ez bide zitzaion bideragarria iruditzen; eta hala ere, zenbait kazetari nahiz euskaltzaleren kemenari esker Euskaldunon Egunkaria sortu zen apustu ezin ausartago batean. Baina nonbait, batzuek ezin dute euskararen aldeko lana ikusi ere egin, eta zentzugabekeriari jaramon eginez adierazpen askatasunari egin dakiokeen urraketarik gordinena egin zuten: Euskaldunon Egunkaria itxi eta bertako langile andana auziperatu. Epaiketa gain-gainean dugu dagoeneko eta zigor handiak eskatu dituzte kazetari eta euskaltzale hauentzat. Harribola kultur elkarteak , honetaz jakitun, Egunkariko adiskideei elkartasuna adierazi nahi die hitzaldi interesgarri hau Portugaleten antolatuz:

EGUNKARIAREN AURKAKO EPAIKETA.

Hizlaria: Txema Auzmendi jesuita, Egunkariako Administrazio Kontseiluko kidea eta auzipetua.
Eguna: abenduak 10, osteguna Naziarteko Giza Eskubideen Eguna
Ordua: Iluntzeko 8ak
Tokia: Nazaret parrokiako lokaletan (Carlos VII kaletik hurbil, botika ondoko autobus-geltokitik 100 metrora, metro geltokiaren beste aldean). Udalak ikaragarrizko trabak jarri dizkie beste nonbait egiteko hitzaldi politikoa zela argudiaturik.

2009/11/30

Berbalagunok Durangoko Azkora goaz!!

Datorren ostiralean Durangoko Azokak ateak irekiko dizkigu euskaltzale guztioi. Ohi bezala, hara bertaratu ahal izango gara azken liburu zein disken artean arakatzeko asmoz. Buelta pare bat eman, gogoko zerbait erosi eta giro euskaltzalean murgiltzeko parada helduko da!! Honetaz jakitun, larunbat goizeko berbalagunek Azokara joatea pentsatu dute txango bat antolatuz. Ideia bikaina zalantzarik gabe, eurek ekimena hartu eta irteera bikaina egitea proposatu dute.
  • Abenduak 5 (larunbata) goizeko 09:00etan Parkeko arkupeetan (Abra bideoklubaren aurrean) lotu dira txangoari hasiera emateko.

Hara joateko asmorik baduzue, zuen kabuz egin dezakezue edota larunbateko berbalagunekin. Baina honetarako izena eman behar duzue zenbat auto beharko diren aldez aurretik jakiteko. Ikusten duzuenez, talde bakoitzak bere gauzak egiten ari da. Hori da bidea hain zuzen ere, berbatalde sortzaileak izanik askoz gauza gehiago egin daitezke euskaraz!!! Eta besteok zer, Durangora joateko prest??

2009/11/26

Piano bat bertsotan kontzertu desberdina!!

Abenduaren 3an, osteguna, kontzertu berezia eskaniko da Bai Esan euskara elkartea eta Udal Euskara Sailaren ekimenez 20:00etan Kresalan. Euskaltzale eta berbalagunek aukera paregabea izango dute honetan bertsoak eta pianoa nahasten dituen emanaldi baten eskutik: Piano bat bertsotan
Kresalako eszenatokira bi musikari aterako dira. Euren izenak Ainhoa Ansa eta Jagoba Astiazaran dira. Bertsolaritza bezalaxe, musika ere bat-batean asma daitekeela erakutsiko dute biek. Ikuskizuna ikustera doan edonork paper batean idatzi beharko ditu gustukoenak dituen euskal abestiak. Musikariek, zozketa bidez, unean bertan aterako dute interpretatu beharreko abestia. Era horretan, musikariak bat-bateko jardunean nola ari diren ikusiko dute ikusleek, beraiek izango baitira une bakoitzean erabakiko dutenak zer entzun nahi duten.
Itzelezko emanaldia izango da, orijinal eta bikaina. Ez duzue hau galduko ezta?? Informazio gehiago Bai Esan euskara elkartearen orrian.

Euskara eguna Itsasoko Ama eskolan

Abenduaren 3an (osteguna) ohikoa denez, Euskara Eguna ospatuko dute hainbat tokitan. Abestiak, musika, jolasak, pelikulak... egongo dira euskaltzaleon eskura. Haietako batzuk Itsasoko Ama eskolan izango ditugu:
  • 09:00etan Denok patioan Kiribil maskoataren mezua entzun eta Behin Betiko kanta abestuko dugu.
  • 09:30ean Geletan Bertso saioak izango dira
  • 15:30ean Jolasak eta euskal dantzak izango dira

Dena da gutxi euskara biziko bada, zoritxarrez gaur egun ere geure hizkuntzak egoera zaila du aurretik, eta eskuan ditugun datuak ez dira baikorrak izateko modukoak. Horregatik da hain inportantea herri honetan euskararen aldeko eragile guztiek egiten duten itzelezko lana. Horregatik da garrantzitsua Itsasoko Amak antolatu duen jaia. Izan ere, denon ekarpena ezinbestekoa da euskararen biziraupenerako. Eta jakina, euskararen aldeko lana egunero egiten dena da, hau ezin zaigu inola ere ahaztu.

Liburutegi magikoak ekimena


Santurtziko Udal Liburutegi Sareak ekimen berezi eta interesgarri bat abian jarri du herriko haurren gozamenerako: Liburutegi magikoak. Bertan denetarik aurki dezakezue: magia, fantasia, trebezia... Hamaika ekintza desberdin eta orijinalak denon irudimena hegan jar dadin. Zure auzotik mugitu gabe gainera. Hona hemen atondu duten egitaraua auzorik auzo:

Donibane auzoko liburutegian:
Abenduaren 1ean 17:30ean Balen magoa
Abenduaren 15ean 17:30ean Puxika tailerra

Kabiezesko liburutegian:
Abenduaren 3an 17:30ean Balen magoa
Abenduaren 17an 17:30ean Puxika tailerra

Animatu eta parte hartu dinamika dibertigarri hauetan. Oraindik ere garaiz zaude zure sormena lantzeko!!

Olentzerori gutun lehiaketa


Hamaika izan daitezke Olentzerori gutun bat idazteko arrazoiak. Lehenik lehen, honelako zeregin batean murgiltzen garenean, gehien gura duguna eskatzeko joera izaten dugu (jolasen bat, libururen bat, norbaiten gertutasuna...). Erabat zilegia jakina, baina egia esanik nahiko arrunta, arruntegia. Beraz, irudimenari helduz gero gauza gehiago eska dezakegu, eta urrutira joan barik edo amets ezinezkoetan sartu gabe, euskarak geure herrian merezi duen tokia eduki dezan eska dezakegu, eta noski, horixe bera euskaraz galdegin beharko dugu. Osterantzean, egiten dugun eskaera oro herren geldituko da!!

Ildo honetan, Olentzerori gutun lehiaketa martxan dago Udal Euskara Sailaren eskutik eta adin guztietako partaideak egon daitezke. Hemen klikatuta parte hartzeko oinarriak irakur ditzakezue. Kontuan hartu izkribua emateko azken eguna abenduaren 15a izango dela.

Bertsolari Txapelketa nagusia BECen!!


Hemen da Bertsolari Txapelketa Nagusia! Lau urtez izan gara bertsozaleok ekitaldi honen zain, eta, jada, hilabetea baino gutxiago falta dugu honen finala ikusi ahal izateko.Milaka lagun batzen dituen ekitaldi ikusgarri honek gero eta arrakasta handiagoa du euskaltzaleon artean. Goiz eta arratsaldez giro euskaldun aparta eta txapelketa bateko tentsioak nagusi, bertsolaritzaz gozatzeko aukera paregabea dugu hauxe.Animatuko zara jai honetan parte hartzen?

Sarrera (26€) erosteko informazio gehiago hemen.

2009/11/25

Abenduko agenda prest eta eskura!!

Ikusi zenbat gauza dugun egiteko. Agenda bi ataletan dago banatua Gabonetako Haur Parkearen barnean ekitaldi ugati baitago. Helduok ere badugu euskaraz murgiltzeko egokiera. Adi eta parte hartu!!

2009/11/18

Malabare Tailerra euskaraz!!!


Santurtziko berbalagunok aukera ikaragarri ona izango dugu Mamarigako Kultur Etxeari esker. Gutxi barru etxe autogestionatu honek ikastaro bat martxan jarriko du: Malabare Tailerra. Eguna, ordua eta iraupena izena emango dutenen artean adostuko da ahalik eta jende gehien egon ahal izateko. Hortaz, apuntatzeko asmorik baduzu Kultur Etxeari email bai bidali ahal diozue (mamarigakokultur@yahoo.es) edo telefonoz dei dezakezue (94 493 78 60).
Esan bezala lehenik izena eman behar da eta ondoren, bilera batean erabakiko duzue noiz egin. Iraupena lauzpabost saiokoa izango da eta edonork har dezake parte. Ez lotsatu eskuekin traketsa zaretela uste baduzue, gehienetan geure burua gehiegi gutxiesten dugunez, ez dakigu zer egiteko kapaz garen. Are gutxiago malabareak bezalako kontuekin, gutxitan egiten dugu horrelako gauzarik eta izugarri dibertigarria da. Gainera, aurreko ikasturtean hainbat berbalagun animatu ziren eta emaitzak bikainak izan ziren!!

Hala mintzatu zen Zappatrusta antzerki paregabea!!

Antzezlan zoragarri eta paregabea ikusteko parada izango dugu hurrengo asteko ostegunean, azaroak 26, Kresalan 20:00etan Bai Esan Euskara Elkartea eta Udal Euskara Sailari esker. Izan ere, Ander Lipus eta Karabanak beren lana aurkeztuko digute: Hala mintzatu zen Zappatrusta.
Gure iritziz, ezinbesteko antzezlana da hau, beraz, hemendik hara joatera animatzen zaituztegu emankizun bikain hau gal ez dezazuen. Informazio gehiago Bai Esan euskara elkartearen orrian duzue. Hona hemen sinopsi laburra:

Heldu da herrira Mamu eta Komerianteroen karabanea, titiriteroen zirkoa, Zorabioaren Konboya. Tigreak eta lehoiak, bala-gizonak, fakirrak eta dragoiak; gurekin daude: Juan Junda potosikotikodepresiboa, Euxebio Egaña bandoleroa, Belfasteko xoumana, Kamaleon Hermeneutika katedraduna, Eskoziako munstroa, Antartidako foka bizardunak, Eskandinabiako druida izoztuak, Ekuadorreko marra, platanoak eta sagarrak… Manex “Dominitxine” iparraldeko kantautorea, Estepean Asekas Lekeitioko skratxerra, Ignatius poeta mozkorra… portuko lazun baldarrak, mamu emeak eta mamu arrak.
Karabanak mundua zeharkatu du Euskal-Herrira heltzeko: eroan genituen Indiara atabalak eta konkistatu genuen Taj Mahala, Australiara joan ginen eta mundu guztia saltoka ipini genuen, heldu ginen Afrikara eta uholdea probokatu genuen Saharan…

2009/11/17

Berbalagunok mendi talde bat egingo dugu: Mendilagunak!!

Berbalagunek hala eskatu digutela ikusita, Ezkerraldeko dinamizatzaileok zuen aholkua aintzat hartuko dugu eta berbalagunon Mendi Talde bat osatzea erabaki dugu. Bertan parte hartzea oso erraza da, funtzionamendua gainerako berba taldeen antzekoa izango da: euskaraz berba egiteko konpromisoa, koordinazio egokia... Kontua da talde honetan edozein taldetako berbalagunek har dezaketela parte, baita berbalagunak ez direnek ere. Hilean behin mendi irteera bat antolatu eta egingo dugu. MENDILAGUNA izan nahi baduzu bidali email bat zure izen-abizenak eta zein herritakoa zaren adieraziz. Ikusi bideoa eta gozatu:

2009/11/16

Mendi irteera paregabea izan genuen!!


Badirudi berbalagunok eta mendia harreman ezin hobean sentitzen garela, naturak eskaini eta oparitzen dizkigun ikuspegiez gozatu bitartean, gure barrena lasaitzen dela. Hau guztia sobera ondo dakite txango honetara animatu ziren 25 berbalagunek eta ziurtasun osoz esango dizute zinez zoragarriak direla Larreinetatik Piko la Kruz mendi irteerak eman dizkigun bizipenak: lasaitasuna, harmonia, kirola, solasaldi dibertigarriak, adar jotzeak…
Giro paregabean aritu ginen jo eta su mendiko aldapak igo guran, gainera, nola edo hala, den-denok lortu genuen tontorrera iristea. Behartu barik, denon erritmoa errespetatuz irteera bikaina atera zitzaigun. Eguraldia ere gure aldeko suertatu zen, euri arrastorik ez baitzen inon agertu. Berdin da noiz edo zein urtarotan egiten ditugun txangoak, zeren eta beti jende andana animatzen baita. Gauzak honela, mendi irteera ugari egingo dugula ematen du, eta laster barik honen inguruko informazioa izango duzue. Oraingoz ikusi hemen klikatuta ibilaldian ateratako argazki ederrak.

2009/11/13

Peru eta otsoa. Haurrentzako antzezlana.

Hurrengo asteko igandean, azaroak 23, eguerdiko 12:30ean hitzordu polita izango dute Santurtziko haurrek Peru eta Otsoa txotxongilo antzerki paregabearekin. SKAn eskainiko duten antzezlan polit honek doinu eder eta sarkorrak eskainiko dizkigu. Hona hemen laburpena:
Sergei Prokofieven ipuin sinfoniko bat da, eta pertsonaia bakoitza instrumentu eta doinu berezi baten bidez dago irudikatua. Honako hau harizko txotxongiloen ikuskari bat da, eta pertsonaiak Roser Capdevila margolariak diseinatu ditu. Ikuskariaren hasieran, antzezle batek aurkezten ditu pertsonaiak eta bakoitzari dagokion instrumentua. Ipuinean zehar, txotxongiloek plazaratzen dituzte antzezleak kontatzen eta musikak deskribatzen dituen ekintzak. Antolatzailea: Udal Euskara Saila

Bizikleta martxa aparta!!



Sestaoko berbalagunek izugarrizko ekimena helarazi digute hurrengo asteko larunbaterako, azaroak 21. Aurretik gelditzen zaigun eguraldi on apurra aprobetxatu beharrean gaude, eta honetarako ba al dago bizikleta irteera bat baino hoberik?? Gainera, ikuspegiak bikainak izango direla bermatu digutenez, zer gehiago eska daiteke!?
Hauxe da plana: Barakaldo-Barrika ibilaldia. Txango honetan herri askotako berbalagunek hartuko dute parte: Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi, Getxo... Hortaz, aukera ederra izan daiteke euskaldun gehiago ezagutzeko eta haiekin euskara nahiz kirola praktikatzeko. Hainbat ordutegi jarri dituzte segun zein den gure abiapuntua:
*Barakaldotik: Ansion 09:15ean
*Sestaotik: Kaskon 09:30ean
*Areetatik: Bizkaiko Zubian 09:45ean

Zer ez zaretela animatuko?? Ia ba, mugitu ipurdi horiek eta ekin euskarari!! Izena emateko bidaliguzue email bat.

Mad Science: Zientziarekin gozatzeko ikuskizuna.

Zientzia betidanik egin zaigu arrotza, ezer gutxi dakigu hari buruz gure eguneroko bizitzan duen eragina itzelezkoa izan arren. Itzartzen garen lehen unetik, zientziarekin zerikusia duen zerbait dugu esku artean: dutxa, mikrouhin labea, sukalde elektrikoa… Beharrezkoak bihurtu zaizkigu erosotasun garesti hauek, eta izorratu ezean ez dakigu zer nolako menpekotasun maila dugun haiekiko.Gainera, zientzia aipatuta denoi etortzen zaigu burura asperdura berba, eta hau ez da guztiz egia. Izan ere, ikasteko bide asko baitaude, eta honek ez du esan nahi aspertu beharrean gaudenik. Hau dela kausa, Mad Science: zientziarekin gozatzeko ikuskizuna baliaturik teknologia zernait interesgarri zein dibertigarria dela adieraziko digute. Noiz? Azaroak 21 larunbata 12:30ean. Non? Gernika Parkean. Antolatzailea:Udaleko Euskara Saila Udazkena euskara kanpainaren barnean.


Bestela ondo... ezta? antzerki barregarria


Orain bi urte Bob, nor da bob? Antzezlana ikusteko egokiera izan bazenuten, ederki gogoratuko duzue zer nolako algara sortu zuen Jon Urrazak areto honetan. Mundu guztia barrez, batzuk zotinka beren burua kontrolatu ezinik… azken batean, denok gustura egon ginen!! Bada, hurrengo asteko ostegunean, azaroak 19, Bestela ondo… ezta? lan berriaz gozatuko dugu 20:00etan Kresalan Udaleko Euskara Sailak antolatua Udazkena euskaraz kanpainaren barruan. Arratsalde bukaera ona igaro nahi izanez gero, ezin duzue galdu umore beltz eta ironikoz josita dagoen emankizun hau. Hona hemen sinopsia:
Bestela ondo... ezta? antzezlanak ‘Aitor’ eta ‘Lander’en nahasketa hartzen du abiapuntu, agerraldia hastear dagoela Aitorri arazo pertsonalak eta antzezlanekoak nahastuko zaizkio. Bere bizitzan dituen urgentziak, nahastu diren arrazoi ezberdinengatik, funtzio egunean eskenatoki gainean gorpuztuko zaizkio. Bere helburu nagusia funtzioa aurrera ateratzea izango da, baina, arazoak leku guztietatik etorriko zaizkio eta bere burua psikoanalizatzen hasiko da, ‘Maitane’ bere neskaren aholkua jarraituz. Hasieran terapiak parodiatuko ditu eta euskaldunok terapietan daukagun jokabideaz barre egingo du, geure sentimenduak jende aurrean irekitzeko ditugun arazoak, parodiatzen hasiko da. Baina azkenean, berak ere izango du bere barrukoa ateratzeko ‘beharra’, nahiz eta bera “oso normala izan”…

Pantxikarekin barreari eutsi ezinik!!!


Atzo Santurtziko Kresalara bertaratu ginenok ikaragarri ondo pasatu genuen Nik egin beharko antzezlana ikusten. Jende gutxik espero zezakeen hasi bezain laster barre algaraka egotea, ikuskizunari adi-adi eta begiak eszenatokian iltzatuak. Pantxike Lamour aktoreak laguntzaile anitz atera zuen oholtza gainera, atzezlana egin behar zuten antzezleak ez baitziren azaldu, eta nola ez, norbaitek egin behar eta geuri egokitu zitzaigun!!
Berbalagun eta ikasleok duintasunez bete genuen papera, eta antza denez, bati baino gehiagori eskaintza paregabeak egin dizkiote antzerki mundutik. Argazkiak oso dibertigarriak dira, ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen. Ederra Udaleko Euskara Sailak antolaturiko ekintza, baina are ederragoak zuek, euskaraz bizi nahi duzuenok!!!

2009/11/10

Fakturak euskaraz!

Euskaraz bizitzeko hona hemen hainbat proposamen. Eskatu eta kontsumitu euskaraz!!
Enpresek, kontuan hartzen dute zenbatek erabiltzen ditugun zerbitzu eta produktuak euskaraz.

OSO GARRANTZITSUA da DENOK pausu txiki bat ematea. Erraza da zuretzat, baina DERRIGORREZKOA euskararentzat.
Gogoratu: Ezer ez baduzu egiten, euskara beti geratuko da bigarren maila batean. Enpresa batzuetan zerbait aldatu dezakezu:
BANKAK
Jasotzen dugun informazioa euskaraz:
EUSKADIKO KUTXA edo CAJA LABORAL: bulegoan eskatu
KUTXA: bulegoan eskatu
Txartela euskaraz gura baduzu hauen kutxazainetan hizkuntza alda dezakezu:
EUSKADIKO KUTXA edo CAJA LABORAL
KUTXA
CAN BBK CAJA VITAL KUTXA IPAR KUTXA
BANESTO
BBVA
Euskara baztertzen dutenak:
GUIPUZCOANO, BANKINTER, SANTANDER

Fakturak euskaraz:
TELEFONICA 1004ean eskatu
MOVISTAR eskuko telefonotik 609an. Finkotik 1485ean
EUSKALTEL Informazioa euskaraz: eskuko telefonotik 262, gero sakatu 1.Finkotik 1717 VODAFONE : 123an
YOIGO: 622an
EROSKI MOVIL 902 540 340 ORANGE ??
ENERGIA
IBERDROLA Bulegoetan “Referencia contrato” eman. https://www.iberdrola.es/02sica/clientesovc/iberdrola?IDPAG=ESDOND_OFIC 901 20 20 20
BESTELAKOAK

TRAVEL CLUB 902 400 400an (NAN eta Travel Club zenbakia eskatzen dute)
EROSKI RED TXARTELA 902 020 902an edo eskatu tarjetaeroskired@eroski.es –en postaz (titularraren NAN jarri behar duzu)
ERRENTA AITORPENA Eskatu sukurtsalean, Ogasunean, Asesorian.
2 aukera daude euskaraz: -Aitorpena egin -Informazioa jasotzea
http://fakturakeuskaraz.galeon.com/

2009/11/04

Mendi irteera berbalagunekin.


Berbalagunok berriro ere porlanetik atera eta Amalurrari bisitatxo bat egingo diogu hurrengo igandean, azaroak 15. Egun horretan arropa erosoa jantziko dugu, euritarako zira, bokata eta ura sartuko ditugu motxila barnean eta kirol apur bat egingo dugu.
09:30etan Banco Guipuzkoanoren ondoan (Parkeko arkupeetan) lotuko gara gerora Trapagarako busa hartzeko. Bertatik funikularrez Zugaztietaraino igo ondoren, gure mendi txangoa hasiko da: La Reinetatik abiatuko gara Piko de la Kruzeraino.

Ez ikaratu mendira normalean joaten ez zaretenok, ibilaldi hau nahiko erraza baita, hots, edonork egin dezake. Gainera erritmo sosegatuan egingo dugu eta inor atzean geratuko balitz, itxarongo genioke, hortaz, ez larritu eta parte hartu!! Txangora joateko izena eman behar da azaroaren 13a baino lehen: bidali email bat edo pasatu AEKtik. Udazkenak gure mendiei ematen dien kolore izugarria ikusi nahi???

Birusak erasoan!!! Toni La Salen eskutik


Hurrengo larunbatean, azaroak 14, 12:30etik aurrera Gernika parkean umeentzako antzerki dibertigarria izango dugu Udal Euskara Sailak Toni La Sal taldea ekarriko baitu bere lan batekin Udazkena euskaraz kanpainaren barruan: Birusak erasoan. Hau zertan den jakiteko irakurri laburpena:

Airez dela, doministiku edota usoen hegaden bidez; kablez dela, ordenagailuen bidez; edonondik datoz gure bizitza lohitzera. Baina... Nortzuk dira ba birus hauek? Eskolara joaten al dira? Maitemindu egiten dira? Zergatik dira hain txikiak?
Baina hau guztia ez zaio batere axola Toni La Sali. Bera bere gauzetan dabil, hemendik hara, bere garbiketarako orgari bultzaka. Izango al da gizon hau horrenbesteko zikinkeria bakteriarrari aurre egiteko gai?

Nik Egin Beharko antzezlan paregabea!!

Zirika Zirkus antzerki taldea Santurtzi aldera gerturatuko da euskara sustatzera. Ekarpena ez da nolanahiko izango!! Nik egin beharko antzezlan mundiala ikusteko parada izango baitugu, arratsalde bukaera on bat izateko erarik aproposena. Bare-bare eseriko gara besaulkietan, egunak ekarritako buruhausteak gure kezken txokoan gordeaz, eta barrez lehertzeko prest egongo gara. Izan ere, barregurak jota bukatuko dugu emanaldia, hori hemendik ziurtatzen dizuegu.

Ez da ohiko antzezlana izango, hauxe orijinal samarra izango baita: algarak Santurtziko kaleetatik entzungo dituzte!! Honenbestez, hitzordu aparta dugu azaroaren 12an (osteguna) 20:00etan Kresalan Udal Euskara Sailak antolaturik Udazkena euskaraz kanpainaren barruan!!

2009/11/02

Bertso zakutoa, kantatzea baino gehiago.

Primeran pasatu genuen Bertso Zakuto afarira hurbildu ginen 36 berbalagunok. Afari eder eta oparoa, lagunak ezin hobeak, giroa bikaina eta ekintza ezin interesgarriagoa!! Berbalagunen aurpegiak ikustekoak ziren ekitaldiaren hasieran, izan ere, batek baino gehiagok artean galdera bat zuen buruan: Baina zer demontre da Bertso Zakuto hau? Afari edo bertso saio bat??. Erantzuna berehala etorri zen eta bietatik zerbait zegoela egiaztatu ahal izan genuen.
Sabelak bapo bete ostean, emeki abesteari ekin genion. Hasiera batean lotsati eta mirabe, ardoaren eragina igartzen hasi ginenerako, birikak lehertzeko moduan zituzten askok eta askok doinuari behar baino indar handiagoa emanez. Finean, ikaragarri ondo eta gustura aritu ginen... Zortekoak gu Bai Esan euskara elkarteari hau antolatzea otu zitzaiolako Euskara Sailarekin batera. Honela erakarriko dugu jendea euskarara, abesten eta afaltzen!!! Argazki guztiak ikusteko egin klik hemen.

2009/10/29

Perkusio erritmoan dantza egin gura duzu???


Gauza gutxi izango dira musika baino ederragoak: gustuko abestia entzun, oroitzapen politak ekartzen dizkizun kanta aditu, lasaitu, biziagotu, kontzertu batera joan... Askok diote euskaldunok musikarekiko eta perkusioarekiko oso lotura estua dugula "kantatzen duen herria ez da inoiz hilko!!" zioen kanta ezagunak. Betidanik hamaika soinu sakon eta gogor egin izan ditugula dirudi, eta jakina denez, horretarako trebezia bikaina erakutsi dugu kanpoko eraginei atea irekiaz.

Ildo honetan, Mamarigako Kultur Etxeak kanpoko musika ezagutarazi nahian proposamen interesgarri bat helarazi digu: Perkusioari ateak zabaldu eta djenbe tinbal afrikarra jotzen ikasteko ikastaroa antolatu du, beti bezala autogestioaren bidez. Hortaz, tan-tan erritmo hori zertan datzan jakiteko irrikan bazaude, saltoka dantzateko gogoz bazabiltza, idatzi email honetara: mamarigakokultur@yahoo.es eta eman izena.

Zirko tailerrak Donibane auzoan


Donibane auzoko haurrek hamaika jarduera izango dute euskaraz egiteko egingo diren Zirko Tailerretan. Ez nolanahikoak gainera, denetarik aurkituko baitute: akrobaziak, akroportor, malabareak, makillajea, oreka, pilota handia eta alanbrea...

Hau guztia hurrengo asteko larunbatean, azaroak 7, burutuko da 12:30etik aurrera Donibane auzoan Udaleko Euskara Sailaren eskutik udazkena euskaraz kanpainaren barnean. Zirkoa gustatzen bazaizu, parada bikaina duzu barru-barrutik ikusi ahal izateko. Beti izango da gozagarriagoa egitea kanpotik ikustea baino. Zure gaitasunak probatzeko prest bazaude, bota iezaiozu erronka hau zeure buruari: Alanbrean orekari eusteko gauza izango naiz?

Munduari bira hamaika bideetatik.


Mikel Arredondo eta Aitzol Altzibarrek astiro eta mantso ekin zioten hiru hilabetez iraun behar zuen ibilaldiari. Oharkabean, hasierako asmoa uste baino gehiago luzatuz joan zitzaien. Logikoa da gainera, munduak eskaini ahal dizkigun ikuspegi eta bizipen zoragarriak aintzat hartuta eta denbora izanez gero, nori ez litzaioke horrelako bidaia bat luzatuko? Azkenean hiruzpalau hilabeteko kontua bi urtez egindako abentura bilakatu zitzaien!! Hau da hau marka ederra!!

Guk beharbada ez dugu horrenbeste denbora Munduari bira hamaika bidetatik egiteko, baina, nik uste hurrengo ostiralean, azaroak 6, 20:00etan Kresalara hurbil gaitezkeela eta bertako eserlekuetatik gure bira pertsonala egin dezakegula. Euren istoriei adi eta lasai. Ez gara nekatuko gero!! Hortaz, hartu dezagun Udaleko Euskara Sailak udazkena euskaraz kanpainaren barnean egindako gonbita.