santurtziko berbalagunok: 2009.10

2009/10/29

Perkusio erritmoan dantza egin gura duzu???

iritzia: 

Gauza gutxi izango dira musika baino ederragoak: gustuko abestia entzun, oroitzapen politak ekartzen dizkizun kanta aditu, lasaitu, biziagotu, kontzertu batera joan... Askok diote euskaldunok musikarekiko eta perkusioarekiko oso lotura estua dugula "kantatzen duen herria ez da inoiz hilko!!" zioen kanta ezagunak. Betidanik hamaika soinu sakon eta gogor egin izan ditugula dirudi, eta jakina denez, horretarako trebezia bikaina erakutsi dugu kanpoko eraginei atea irekiaz.

Ildo honetan, Mamarigako Kultur Etxeak kanpoko musika ezagutarazi nahian proposamen interesgarri bat helarazi digu: Perkusioari ateak zabaldu eta djenbe tinbal afrikarra jotzen ikasteko ikastaroa antolatu du, beti bezala autogestioaren bidez. Hortaz, tan-tan erritmo hori zertan datzan jakiteko irrikan bazaude, saltoka dantzateko gogoz bazabiltza, idatzi email honetara: mamarigakokultur@yahoo.es eta eman izena.

Zirko tailerrak Donibane auzoan

iritzia: 

Donibane auzoko haurrek hamaika jarduera izango dute euskaraz egiteko egingo diren Zirko Tailerretan. Ez nolanahikoak gainera, denetarik aurkituko baitute: akrobaziak, akroportor, malabareak, makillajea, oreka, pilota handia eta alanbrea...

Hau guztia hurrengo asteko larunbatean, azaroak 7, burutuko da 12:30etik aurrera Donibane auzoan Udaleko Euskara Sailaren eskutik udazkena euskaraz kanpainaren barnean. Zirkoa gustatzen bazaizu, parada bikaina duzu barru-barrutik ikusi ahal izateko. Beti izango da gozagarriagoa egitea kanpotik ikustea baino. Zure gaitasunak probatzeko prest bazaude, bota iezaiozu erronka hau zeure buruari: Alanbrean orekari eusteko gauza izango naiz?

Munduari bira hamaika bideetatik.

iritzia: 

Mikel Arredondo eta Aitzol Altzibarrek astiro eta mantso ekin zioten hiru hilabetez iraun behar zuen ibilaldiari. Oharkabean, hasierako asmoa uste baino gehiago luzatuz joan zitzaien. Logikoa da gainera, munduak eskaini ahal dizkigun ikuspegi eta bizipen zoragarriak aintzat hartuta eta denbora izanez gero, nori ez litzaioke horrelako bidaia bat luzatuko? Azkenean hiruzpalau hilabeteko kontua bi urtez egindako abentura bilakatu zitzaien!! Hau da hau marka ederra!!

Guk beharbada ez dugu horrenbeste denbora Munduari bira hamaika bidetatik egiteko, baina, nik uste hurrengo ostiralean, azaroak 6, 20:00etan Kresalara hurbil gaitezkeela eta bertako eserlekuetatik gure bira pertsonala egin dezakegula. Euren istoriei adi eta lasai. Ez gara nekatuko gero!! Hortaz, hartu dezagun Udaleko Euskara Sailak udazkena euskaraz kanpainaren barnean egindako gonbita.

Badugu azaroko agenda!!!

iritzia: 
Berriro ere beste hil bat ziztu bizian joan zaigu, baina ziur aski ez da alferrik pasatu. Izan ere, berbalagun eta euskaltzaleok hamaika ekintzatan jardun dugu, eta azaroak dakarkiguna ikusita aprobetxatu beharko dugu!!! Hona hemen agenda:

2009/10/22

Badator Eriz magoa!!!

iritzia: 
Magia ikustea denontzat da atsegina, trikimailu zein amarru jostagarriak ikusteko parada ematen baitigu. Kartak, kapelak, irudikatu ezin diren mugimenduak, ezusteko desagerpenak, lekuz aldatzen diren gauzak... Magia eta harriduraz beteriko zerrenda hau bukaezina litzateke! Bada, hurrengo larunbatean, urriak 31, Gernika parkean Eriz magoaren emankizuna ikusgai izango dugu 12:30etik aurrera Euskara Sailaren eskutik Udazkena euskaraz kanpainaren barnean.

Magia birziklatua zertan den jakin gura duzue??? Eriz magoak ederki erantzungo dizue!!! Ez da batere txarra plan hau. Larunbatean ordu eroso batean jaiki, ondo gosaldu eta hobeto pasatzeari heldu. Eta bereziki euskarari ekin!! Ez pentsa eskola edo euskaltegiarekin nahikoa dela euskalduntzeko, geure hizkuntzan bizi beharra dugu.

Neguko ohitura zaharrak, hitzaldi interesgarria.

iritzia: 
Hurrengo ostiralean, urriak 30, arratsaldeko 20:00etan hitzordu polita izango dugu Kresala aretoan. Bertan gure ohituren inguruan egingo dugu berba, zein diren, nondik datozen. Felix Mugurutza etnografoak bere ezagutzak gurekin guztiokin partekatuko ditu eskema zaharkituren bat baino gehiago hautsiz.
Euskaldunok gure usadion jakitun garela denon ahotan dabil, baina euskaldunok Gabonak betidanik ospatu ditugu?, Olentzero noiztik dugu ezagun?, eta gure ospakizunak guk uste bezain paganoak ziren??. Euskara Sailak Udazkena euskaraz kanpainaren barnean antolatutako ekimen honetan, galdera hauei erantzun egokia eman ahal diezue ekitaldi honetan parte hartzen baduzue, bestela zuen jakin-mina ase barik geratuko da!!

2009/10/19

Aurkezpenean ikaragarri ondo!!!

iritzia: 

Ostiral iluntzean Kresalara gerturatu ginenok Santurtziko euskaldunon sarea trinkotzen aritu ginen. Zeregin nekeza inondik inora, baina berbalagunon bultzada eta adoreari esker, astiro-astiro gauzak ari dira aldatzen. Honen erakusle garbia aretoa jendez lepo ikustea izan zen, benetan sentsazio atsegin eta zirraragarria!! Baina ur handitan sartu aurretik, laburbildu dezagun bertan ikusirikoa:
Joan den ikasturtean egindako guztiaren berri izan genuen bideo polit baten bidez, bertan ekintzak agertzeaz gain, berbalagunon irudi eta argazkiek ezin hobeto erakutsi ziguten proiektua zertan den. Hau gutxi balitz, Julen Zulaika bertsolari paregabearen laguntza izan genuen saioan zeharreko jarduerak girotuz.
Berbalagunen txanda ailegatu zenean, belarriak findu eta beren bizipenak lehen eskutik jaso genituen. Barreak tartean jakina, izan ere, ez da samurra 100 pertsonaren aurrean berba egitea, hanka sartzeak noiznahi suerta daitezke. Horretarako gaude berbalagunok, ordea. Berba eta berba, hitz eta pitz euskara kinka larritik atera dadin. Halaxe adierazi ziguten erabileraren datuek, gordinak baina gu aldarazteko irrikaz. Berbalagun proiektuan jada 100 lagun daude 12 taldetan banatuta. Hauxe marka!! Zorionak berbalagunok!! Argazkiak ikusteko klikatu hemen. Eta gozatu Landerri egindako elkarrizketarekin.


2009/10/16

Bertso Zakuto, afari desberdin bat!!

iritzia: 

Santurtziko berbalagun eta euskaltzaleok behar bezalako agurra emango diogu urriari. Honetarako Bai Esan euskara elkarteak eta Euskara Sailak antolatu duten Bertso Zakuto ekimena baliatuko dugu. Zertan datza hau? Bada, oso erraza da urriaren 30ean gaueko 22:00etan afaltzeko tenorea izango dugu Mamarigako Eskolan. Power point baten bidez euskal kantuak eta bertso ezagun eta ezezagunak kantatzeko aukera emango digute. Azken batean, Karaoke tankerako saio bat da irudiekin lagunduta. Ondo pasatzea da xedea, ez pentsa abeslari profesionalen antzera kantatu behar dugunik!! Jai giro alaian afaldu, euskal kantak lagunduta euskaraz ondo pasatu eta euskaltzale zein berbalagunekin gau polita igaro!!

Menuak 18 euro balio du (lehen eta bigarren platerak, postrea, kafea eta edaria barne) izena emateko bidali email bat edo pasatu Santurtziko AEKtik zein Udal Euskaltegitik. Izena aldez aurretik eman behar da (azken eguna urriaren 28a). Anima zaitezte eta goza dezagun elkarrekin euskaltzale guztiok!!

Ekintzez betetako larunbata!!

iritzia: 


Hurrengo larunbatean, urriak 24, goizeko 11:00etatik aurrera ekintza mordo bat izango dute Santurtziko haurrek euskaraz egiteko Gernika parkean. Honetarako Euskara Sailak hainbat gauza atondu du aisia era dibertigarri batez igaro ahal izateko, euskaraz jakina.

Abentura kirol erakargarriak burutzeko parada egongo da tirolina eta paratuko den rokodromoari esker. Honez gain era guztietako tailerrak egingo dira: globloflexia, kometak, makillajea, kariokak, lepokoak, mozorroak, txapak, panpinak, postalak, opari kutxak, txotxongiloak…
Kontua, alabaina, ez da honetan geldituko eta azkenik Goloka antzerki talde bikainak bere azken emanaldia eskainiko digu: Tasmaniako deabrua kaiola barruan daraman gurditxoa, tximino bi ostruken gainean eta hartza bizikleta zaharrean. Ez da gutxi ezta? Bada goiz horretan gogotsu esnatu eta euskaraz aritu!!

2009/10/14

Euskarazetamol, antzerkirako botika ona!!

iritzia: 
Euskara Secilloaren Manifiestoa edota Larruaizetara antzezlanekin barrez lehertzeko zorian egon bazineten, ez duzue Euskarazetamol bikain hau galtzerik. Berriro ere Ez dok hiru antzerki bikoteak euskararen alde egin daitekeen onena burutuko baitu: barre, barre eta barre!! Urriaren 24an (larunbata) 20:30ean ikuskizun galanta aurkituko dugu SKAn Euskara Sailaren eskutik (sarrerak 6 euro balio du). Irakurri eurek egiten duten aurkezpena:

Aurreko bi ikuskizunak publikoaren gustukoak izan direnez (honek ez du publikoaren gustoa toki onean ipintzen, baina tira, zer egingo diogu) beldur ginen azkenengo honekin espektatibak beteko ez ote genituzkeen, badakizue publikoa ze tikismikisa den kalitatearen kontu horrekin. Bi aukera genituen: gure talentuaz fidatzea ala dopajeaz baliatzea. Azkenean zentzu ona gailendu zen, eta pilulak aukeratu genituen. Baina ez kezkatu, kontrolatzen dugu. Guk, hau, nahi dugunean uzten dugu. Eta primeran ari gara, topera, flipatzen. Ikusiko duzue zer egiteko gai garen gure hizkuntzarekin jarrita gaudenean.

Aitarekin bidaian. Antzezlan paregabea

iritzia: 
Nazioarteko Antzerki Jaialdiak antzezlan hunkigarri eta ederrak eskainiko dizkigu. Hurrengo hau zalantzarik gabe kalitate handiko lana dugu antzezleak zein diren aintzat hartuz gero. Aktore fin eta apartak, kontakizunak sinesgarritasun osoz ikusarazten dizkigutenak istorioan zangopilatuz. Aitarekin bidaian galdu ezin den aukera bat da. Hitzordu polit eta zoragarria dugu sentimenduekin urriaren 23an ostirala 20:30ean SKAn Euskara Sailaren eskutik(sarrerak 6 euro balio du).
“...Zaharrak, gauzak dira” esaten ziguten gure zaharrek (barre minduz) eta barre egiten genuen zaharren gauzak zirelakoan. (etsipenez) Eta barrea zimurtu egiten da ziztu batean. Eta ahazten hasten zara (...) Lehendabizi, gauzak: non sartu ote ditut giltzak? Geroxeago, hitzorduak: ze egunetan itzultzeko agindu zidan medikuak? Eta apuntatzen ikasten duzu… (etsipenez) apuntatutakoa begiratzea ahazten duzun arte. Ahazten duzu bezperan izandakoa, goizean esandakoa, iluntzean egitekoa. Ahazten zaizkizu pastilak, antiojuak, izenak, urtebetetzeak, aurpegiak, bideak.
Eta azkenik, ahazten zaizu non zauden eta zergatik, eta nor zaren. Ahaztu. Dena. Ona eta txarra. Ahaztea merezi duena eta ahaztea lastima dena. Ez dago ahanzturarentzat hesirik. Nor izatetik ezer ez izatera eramaten zaitu ahanzturak. Zu, baina ez zu bakarrik: ezereza bihurtzen zarenean, beste guztiak zurekin. Gauza bakarra gogoan: zaharra, gero eta zaharrago. Erremediorik gabe. Atzera bueltarik gabe.

2009/10/07

Berbalagun aurkezpena, urriaren 16an!!

iritzia: 
Denbora aurrera doa eta laster Berbalagun proiektuak urtebete egingo du. Zalantza izpirik gabe, esperientzia ezin hobea izan da: 100 berbalagun inguru, 12 talde, ekintza mordo bat, eragile ugari... Hasierako aurreikuspen guztiak gaindituta, egitasmo honetako eragileok (Euskara Saila, Udal Euskaltegia, Santurtziko AEK eta Bai Esan euskara elkartea) pozez hartu genuen jasotako emaitza, baina modu berean badakigu aurrera egin beharra dagoela, lanean segitu behar eta gura dugula, alegia. Gure kaleetan apurka-apurka euskara nagusituko delako.

Honengatik urriaren 16an (ostirala) Kresalan 19:30etan egingo den aurkezpenera gonbidatu nahi zaituztegu. Bertan, pasa den ikasturteko esperientziak eta pasarteen berri emango dizuegu eta berbalagunen testigantzak nahiz aurtengo erronkak entzungo ditugu. Aurkezpena bukatzeko nola ez, lunch eder eta oparoa izango dugu zain, eta azkenik berbalagun eta euskaltzaleok poteo bat egingo dugu Santurtziko kaleetatik, euskara berriro denon bilgune!! Anima zaitezte eta etorri!!

Jazz eta Bluesa Belceblues taldearen eskutik.

iritzia: 

Talde euskaldun bat bertaratuko zaigu datorren asteko ostegunean, urriak 15. Iluntzeko 20etan lanak eta zereginak nekaturik, Kresalara abiatuko gara musika on eta atsegina entzutera. Honela, besaulki eroso horietan uzkurtuta geure herrian gutxitan aditzen diren doinu sarkor eta melodikoek gure neuronak dantzan jarriko dituzte. Belceblues taldeak gonbidapen ausart eta ederra egingo digu Gazteboxek antolaturik.
Bertan bluesa eta rocka oinarritzat harturik, soinu apartak landuko dituzte musikazaleon plazererako. Begiak itxi eta musikak beste norabait garraiatuko gaitu pilatutako ezinegonak baretuz, beharbada askok ezagutzen ez dugun talde honek txundituta utziko gaitu, eta hori musika kontuetan gerta daitekeen onena da. Ez al zarete animatuko? Berbalagunok hara joango gara euskarazko musika ona entzun nahi dugulako. Ikusi elkarrizketa!!


Lepel pelikula eskoletako ikasleentzat!!

iritzia: 
Eskoletako ikasleek berriro ere abagune ederra izango dute euskarazko zinemaz gozatzeko!! Euskara Sailak antolaturiko emanaldia eskainiko baitute apirilaren 13 eta 14an SKAn eskola orduetan. Modu polita izan daiteke barneratzeko euskara eskola hizkuntza izateaz gain, egunerokotasunean erabil daitekeen tresna dugula: berba egiteko, barre egiteko, ondo pasatzeko, kirol egiteko…. eta kasu honetan filmak ikusteko!! Ikusgai egongo den pelikula Lepel izenekoa da eta hona hemen bere argudioa:

Lepel bederatzi urteko mutikoaren gorabeherak kontatzen ditu filmak. Bere gurasoak desagertu egingo dira, eta Koppenol amona maltzurrak esklabu moduan hartuko du.

Urria euskaraz blai datorkigu!!

iritzia: 
Hona hemen Santurtziko euskaldunok izango dugunaren zerrenda, euskararen agenda. Berbalagun ekimena berriro abian egoteaz gain, hainbat emankizun edukiko dugu euskaraz jarduteko. Denak interesgarri eta erakargarriak!! Ikusi eta hautatu, baina ez gelditu lozorroan!!