santurtziko berbalagunok: 2008.05

2008/05/26

Kantu afaria Santurtzin!!

iritzia: 

Afari batzuk aspergarriak ei dira. Zenbait lagun bildu, ohiko menua jan eta bukatutakoan etxera. Baina Bai Esan bezalako talde batek afari bat antolatzea erabakitzen duenean, ez da gauerdiko ahuntzaren eztula. Eta ziur eduki giroa itzela izango dela, aspertzeko betarik ez dela egongo. Zergatik? Bada, prezioa oso merkea izateaz gain (15 euro), kantu afaria izango delako. Hots, laurogei lagun inguru bilduko gara giro euskaldunean eta gure eztarriak urratzeko prest!!.
Euskaltzale, kantuzale eta bapo jatea atsegin duen horietakoa bazara, ez duzu aitzakiarik!!
Afaria Don Jaime jatetxean izango da ostiral honetan, maiatzak 30, gaueko 21:30ean. Izena eman nahi baduzue Kalea tabernan, AEKn, edo Udal Euskaltegian egin dezakezue. Bizkor ibili jende andana apuntatu da eta!! Informazio gehiago hemen

2008/05/19

Kultur Eguna Mamarigan!!

iritzia: 

Ttipi-ttapa datorkigu Mamarigako Kultur Etxea, lasai baina lanean etengabe, kultura euskalduna eta herritarra sortzeko beharrezko urratsak emanez. Denok dakigu Kultur Etxeak lan itzela egin duela betidanik, eta horren erakusle da gaur egun Mamarigan burutzen duen zeregina. Hau guztia ospatzeko urtean behin Kultur Eguna antolatzen du eta bertan honelako egitaraua aurkituko dugu:

*Herri bazkaria (Zikiroa) Itsasoko Ama Eskolan 14:30ean (gutxi gorabehera). Giro alaia egongo da Julen Zulaika eta Iñigo Izagirre bertsolariek lagundurik.

*19:00etan Kantu poteoaren ostean, erromeria OLGETAN taldearen eskutik Mamarigako frontoian

*21:00etan La Gossa Sorda talde katalanaren kontzertua frontoian.

Honekin batera Mamarigako Kultur Etxeak disko bat aurkeztuko du eta barra bat paratuko du frontoian egarria asetzeko!! Buff eta hau guztia autogestioaren bidez!! Informazio gehiago hemen

Marsel Magoa Kresala Aretoan!

iritzia: 

Santurtziarrok, antza denez, oso magiazaleak gara eta bide hau jorratzen duten emanaldiak gustura joaten gara ikustera. Orain amarru eta trikimailu berriez gozatu nahian dabilenari esango nioke Ostegun honetan, maiatzak 22, Marsel magoaren emanaldi bikaina izango dugula ikusgai. AEK-k antolatutako ekimen hau publiko ororentzat da, eta nola ez, euskaldun guztiak gonbidatuta zaudete bertara.
Marsel magoak, bestalde, 12 bat urterekin ekin zion magiari. Hasiera batean poliki-poliki, baina gaur egun galtzak bete lan aritzen da Euskal Herri osoan zehar. Itxuraz, bere esanetan edozerekin eta edonorekin egin daiteke magia, agian gutako norbaiti egokituko zaio oholtza gainera igotzea??

Euskara Astea Itsasoko Ama eta Las Viñas ikastetxeetan!!

iritzia: 

Berriro ere gure herriko haurrek klasez kanpoko ekintza andana izango dute euskaraz murgiltzeko. Aste honetan astelehenetik ostiralera egunero izango dute zerbait Itsasoko Ama eta Las Viñas ikastetxeetako ikasleek.

Zergatik? Bada bi eskola hauek Euskara Aste bana antolatu dutelako aste honetarako. Eskaintza ezin zabalagoa da eta ,besteak beste, honelako emankizunak egongo dira ikusgai: Magoak, antzerkiak, jolasak, ipuin kontalariak, herri kirolak...


Ezin esan aukera hau aparta ez denik, eta hemendik animatzen zaituztegu zuen umeekin honelako ekimenetan parte hartzera. Pentsa ezazue ondo, izan ere, eskolatik at non dute bada Santurtziko haurrek euskaraz jarduteko abagunea?.

Gorago aipatu legez, egitarauak ikaragarri zabalak dira eta informazio gehiagorik nahi baduzue: Mamarigako Eskolak antolatutakoa jakiteko idatzi email honetara eta Las Viñas eskolak zer duen jakiteko idatzi helbide honetara

2008/05/16

Film laburren biharamunean!

iritzia: 

Bai Esanek beste arratsalde polit bat eskaini zigun antolatu zuen film laburren emanaldiari esker. Bertan egon zirenek arreta osoz ikusi zituzten proiekzioak eta euskaraz bizitzeko tarte bat izan zuten iluntzean. Gainera, Gentzane Agirrek bere laburmetraaiaren nondik norakoak azaldu zituen abstrakzio horretan zertxobait galduta geratu zirenentzat.


Bada esandakoa, berriro iluntze euskaldun eta misteriotsu bat bizi izan genuen herri honetan hainbat taldek egiten duten lan eskergari esker. Izan ere, gaur egun hainbeste ikuskizun eta hainbeste aukera baldin badugu, horren atzean dagoen konpromisoan baino ezin baita oinarritu.


Ahh eta barkatu argazkirik ez badago, baina ez dugu modurik argazkikamarari aterramandu ona ateratzeko, argibideak hobeto irakurri behar ditugun seinale... Dena den, goian jarri dizuegun argazkiarekin dar-dar batean egongo zarete... Film batzuk horrelakoak izan baitziren!!

2008/05/15

Hurko eta euskara. Maiatzeko euskara izpia

iritzia: 
Ostera ere euskara izpi bat sartu zaigu euskaltegiko leihotxotik, oraingoan Hurko Saez dugu protagonista eta euskararekiko duen harremana kontatu nahi izan digu. Azken finean ekimen hau euskaldun berriei merezitako omenaldia emateko sortu zen, eta honetan gabiltza. Orain elkarrizketa zati bat ikus dezakezue eta osorik beherago daukazue.



Noiz konturatu zinen euskaraz ondo moldatzeko gai zinela?

Iaz, seguruenik iaz izan zen. Barnetegi bat egin nuen eta primeran etorri zitzaidan. Bertan 15 egunez euskaraz bizi behar duzu eta nabaritzen da.

Eta zure inguruan ba al duzu euskaraz hitz egiteko paradarik?

Gutxi oso gutxi. Nire koadrilan euskaldun gehiago dago, baina normalean denok elkartzen garenean, euskaraz ez dakien baten bat egoten da eta erderara jotzen dugu. Beharbada, noizean behin aukera dugu baina oso gutxitan. Gainera Santurtzin dendetan edota supermerkatuetan oso zaila da euskaldunak aurkitzea.
Batez ere, euskara erabiltzen dut euskaltegiko jendearekin eta Bilboko zenbait dendatan. Banketxeetan ostera, gaur egun ez naiz ausartzen..

Zelan ikusten duzu euskararen egoera Santurtzin?

Txarra, momentuz txarra. Hobetzen ari dela nabaritzen da; adibidez, haur batzuek beren gurasoekin euskaraz berba egiten dute, baina lehen esan bezala honelako gertaerak oso gutxitan ikusi ahal izan ditut kalean. Dena den, baikorrak izan behar dugu lan handia egiteko baitago.

2008/05/12

Film laburrak Kresala aretoan!!

iritzia: 


Bai Esan taldeak emankizun berri bat dakarkigu ostegun honetarako (maiatzak 15 arratsaldeko 20:00etan Kresalan). Euskal Herriko hamar film labur ikusi ahal izango ditugu aipaturiko egunean, euskara hutsean. Topaguneak antolatutako film laburren zirkuituan txertatu behar dugu ikuskizun hau, eta Santurtzin ikusi ahalko dugu azken aldiz. Hortaz, ez lokartu eta pentsa ezazu euskal zinemagintzak zurekin duela hitzordua, gainera, zenbat aldiz eta zenbat tokitan topa dezakezu laburmetraia euskaldunak ikusteko abagunea?

· UNREST. 2007. Gentzane Agirre Onaindia
· ALL ABOUT EVES. 2007. Gentzane Agirre Onaindia
· AZKEN TRENA. 2007. Mikel Alvarez
· COLUMBA PALUMBUS. 2007. Koldo Almandoz
· MOMORRO. 2007. Asier Mendoza
· ITZALAK. 2007. Iñigo Kintana
· ARDAUAREN NEGARRA. 2008. Logela Multimedia
· IKUS-ENTZUNEZKOEN RALLYA (2005, 2006 eta 2007ko lanak:
Anteojonudoak (Eibarren, 2005eko abenduaren 17an). Kalageli Taldea
Zeruari (Aiara aldean, 2006ko abenduaren 18an egina). Gaizko Fanarraga eta Ibon Antuñano
Bestaldean (Elgetan, 2007ko abenduaren 29an egina). Trastaka Ekoizleak

2008/05/08

Koldorekin igarotako tartea

iritzia: 

Agian bati baino gehiagori larregizko konfiantza hartzea irudituko zaio, baina zer demontre, dagoeneko hiru urte jarraian dira geure herrian antzezten hasi zenetik, eta Koldok erritmo honi eusten badio geurera etortzen jarraituko du.
Argazkietan ikusiko duzuenez, aretoa ia-ia jendez bete zen eta bertan egon ginenok lilura handiz entzun genituen Koldoren ipuinak. Bere kontakizunetan beti agertzen den Ibarsola herrira abiatu ginen belarriak adi eta begiak zabal-zabalik, bertako zoko-moko guztiak ondo baino hobeto arakatu gura baikenituen. Eta emaitza ezin oparoagoa izan zen, izan ere bertako herritarren sekretuak ezagutu genituen, eta akaso, hurrengo txangoren baten harako bidea hartuko dugu, hain da magiko eta txundigarria Koldo Ameztoyren ipuinetako herria!!

Besterik gabe hemen dituzue argazki batzuk, barkatu hauen kalitatea baina oraindik ere ez gara behar bezala moldatzen tresna modernoekin!!

2008/05/07

Kontseiluaren erakusketa ibiltaria Santurtzin

iritzia: 

Euskararen aldeko mugimendu gutxik lortu dute Kontseilua erakundeak bezalako oihartzun eta babesik. Ekimen hau azaldu zenetik ugari izan dira gure hizkuntzaren alde emandako urratsak, eta jakina, honek guztiak bere aitortza merezi du. Honen harira, Bai Esan taldeak Kontseiluaren inguruko erakusketa ibiltaria antolatu du asteburu honetarako (maiatzak 9, 10 eta 11) Santurtziko Udal Euskaltegian.
Kontseilua hamar urte betetzear dagoenean,hainbat herritatik igaroko da erakusketa hau, baina seguruenik Ezkerraldean ez dugu izango beste paradarik honetaz gozatzeko. Informazio gehiago gura baduzue, sakatu Bai Esan.



2008/05/05

Koldo Ameztoy Santurtzin!!

iritzia: 

Berriro ere Koldo Ameztoy ipuin kontalari zoragarria Kresala Aretoan egongo da asteazken honetan (maiatzak 7) arratsaldeko 20:00etan AEK-k antolatua.
Ipuinak gustatzen bazaizkizue, hitzordu ona duzue Koldorekin, baina honez gain, musika, xarma eta Ameztoyren ipuinek dituzten ikasbide apartak atsegin badituzue, ezingo duzue huts egin.
Behin ikusi dugunok errepikatu beharrean gaude, eta txoritxo batek esan dit laugarren aldiz ikusteko irrikan dagoela!!

Hau da hau ipuin zaletasuna!! Izan ere, Koldo Ameztoy ezagun dugu bere emanaldietan sortzen duen giro magiko eta atseginagatik, baita ikusleak aho bete hortz gerarazteko duen gaitasunagatik ere. Hortaz, Santurzin euskaraz zenbat gauza egiten ari diren ikusita, hau beste urrats txiki bat izango da euskara plazara irten dadin.

Euskara Astea Axularren

iritzia: 

Maiatzaren 5etik 9ra bitartean Axular Institutuak Euskara Astea antolatu du bere ikasleek klasetik kanpo ere euskarazko ekimenetan pare har dezaten. Osatu duten eskaintza ikaragarri zabala da: perkusio tailerrak, harri zulatzaileak, malabareak...

Ikasleei begirako emanaldiak izango dira, eta antza denez prestatu duten ekitaldi sortari esker ikasle andana bertaratuko da, behintzat hala dirudi nahiko interesgarriak baitira. Bertako ikasleak bazarete, ez pentsa bitan eta parte hartu!! Informazio gehiago nahi bauduze idatzi helbide honetara