santurtziko berbalagunok: 2010.12

2010/12/19

Olentzero Santurtzira iritsiko da

iritzia: 

Negua gain-gainean dugula Olentzero etorri ohi zaigu honen berri ematera: jendea kale ertzetan zain, umeen alaitasuna, gurasoen irribarrea… Ohiko elementuak dira neguaren etorreran. Hemendik gutxira egunak ilun-ilunak izango dira, baina Olentzerori jaramon eginez gero, urtean izandako gazi-gozoak albora ditzakegu, eta urte berria kemen eta gertaera onez beterik helduko zaigu.


Santurtzin badakigu data hauek oso garrantzitsuak direla, eta hau dela eta, talde ugarik Olentzeroren irteerak antolatzen dituzte auzo guztietan: Kabiezes, Mamariga, Donibane, erdialdea…Bakoitzak aukera dezala zein duen gogokoago eta parte hartu abenduaren 24ko ekintza hunkigarri honetan!!!

2010/12/17

Negu Eguna jaia Mamarigan!!!

iritzia: 


Ostegunean, abenduak 23, Kultur Etxeak Mamarigan Negu Eguna ospatzeko egun zoragarria antolatu egin du neguari ongi etorri beroa eman diezaiogun. Adin guztiei zuzendutako ekintzaz betetako eguna izango dugu.


Hona hemen Kultur Etxeak antolatutakoa:


18:00etan Triki poteoa eta salda zein gaztainak banatzen hasiko dira.

19:00etan Balkoitik Plazara Fredi Paia eta Katxo bertsolariekin

20:00etan Erromeria. Tartean desioak erre eta produktu ekologikoz hornituriko saskia zozketatuko dute


Herri kultura bultzatuz aurrera doan egitasmoa!!.

2010/12/13

Berbalagunon triki poteoa

iritzia: 

Ostiral honetan, abenduak 17, 20:00etan Santurtziko berbalagunok hitzordua daukagu Txitxarran, Lagun Etxea tabernan. Gabonak gero eta hurbilago daudenez, oporrak hartu baino lehen triki poteo erraldoi bat antolatu dugu AEKrekin batera.

Lagun Etxea tabernan hasi eta batek daki non amaitu. Hori bai, Txitarra euskaldunduko dugula argi eta garbi dago. Gainera trikitilarien doinuek Txitxarrari ukitu berezia emango diote.

Ahaztu barik Gabonetan ere euskaraz egin behar dugula, maitatu, ligatu, jan, gozatu, oparitu...

Anima zaitezte eta har dezagun pote bana edo bina, hiruna, launa... EUSKARAREN ALDE!!

KORRIKA 17ren laguntzaile kanpaina

iritzia: 

Badator Korrika 17, AEK lanez lepo dabil . Baina Euskal Herria zeharkatzeko laguntza behar du, inoiz baino laguntza handiagoa. Laguntzeko era asko egon arren, hasieran bi nabarmentzen dira: Korrika Laguntzailea kanpaina eta Korrika materiala.


Korrikak, 1980an sortu zenean, euskarari bultzada handia emateaz gain, diru kopuru handia lortzea zuen xede. Izan ere, orduko AEKren egoera ekonomikoa eta jarduna kolokan zeuden. Ateratzen den diruarekin proiektu ezberdinak aurrera eramaten dira: eraikin berriak egitea, herrialderen bati laguntza berezia ematea...


30 urte igaro arren, AEK-k herritarren laguntza behar du bere proiektuak aurrera atera ahal izateko. EAEko egoera hobea bada ere, oraindik ez da nahikoa, eta Nafarroan eta Iparraldean diru-laguntzak oso urriak dira. Jaurlaritzarekin izandako harreman urriek egoera oker dezakete. Horretaz gain, badaude AEKn diru-laguntza publikoen bidez bete ezin diren hamaika egiteko, hala nola, matrikulazio prezioak ez igotzea edo jaistea, doakotasunaren aldeko bidetik.


Korrika Laguntzaile egiten direnek, 12 euroren truke, euskarari laguntzeaz gain, hainbat onura izango dituzte: Laguntzaile direla adierazten duen pina, ehunka komertziotan beherapenak Korrika Laguntzailea txartelari esker. Txartelarekin batera komertzioen zerrenda ekuratuko dute Euskal Herriko txoko askotan erabili ahal izateko.


Arropa ere badago dotore-dotere Korrikari ongi etorria emateko. Euskal Herriko jai eta azoketan saltzeaz gain, AEKren euskaltegietan ere egongo da.


Informazio gehiagorako pasa zaitezte Santurtziko aektik. Korrikaren inguruko informazioa nahi izanez gero abenduaren 16an KORRIKA 17ren webgunea martxan egongo da: http://www.korrika.org/

2010/12/03

Kultur Etxearen ikastaroen jaia

iritzia: 

20 urtez lanean, borrokan, ametsetan, sentitzen, defendatzen, sustatzen, maitatzen... 20urtez euskaraz, 20 urtez IRAKASTEN.

Abenduaren 10ean Kultur Etxeak antolatuta, IKASTAROEN JAIA ospatuko da Mamarigan, 20:00etan. Egun berezi honen xedeak Kultur Etxean ematen diren ikastaroen berri eman, ikastaroetan parte hartzen duen jendeak elkar ezagutu eta herriari kultura zabaltzea dira. Honengatik ez da jai itxia izango, herriari begirako jaia baizik. Gainera pintxo dastaketa izango dugu sukaldaritza taldeari esker.

Kutur Etxeak egiten duen lana ezagutzeko ezin aukera hobea.

Animatu eta murgildu kulturan!