santurtziko berbalagunok: 2009.01

2009/01/30

Patinaje tailerra!!



Santurtziko berbalagunok zortekoak gara, euskararen alde talde asko dabiltza lanean, eta gainera, berbalagunok ere geldirik egon gabe ekintza berriak proposatzen ditugulako. Hauxe egin dute igandeko berbalagunek, denak patinatzaile trebeak omen direnez, Patinaje Tailerra antolatuko dute otsailaren 8an Kantauri institutuan 16:00etan (eguraldia txarra dela eta).

Ez izan beldurrik, oinarrizko ikastaroa izango baita. Hori bai kopuru mugatua izango da ez dugulako hainbeste patin. Hortaz, izena eman nahi baduzue idatzi email honetara eta igandean ikusiko dugu elkar!!

Ez egon geldi, denetarik egin daiteke euskaraz. Ideia bat nahiko da. Zuri zer bururatu zaizu? Hau egiten bukatuko dugu!!

Agate Deuna Santurtzin

Jai gutxi ospatzen dugu Euskal Kulturan hau bezain errotuta daudenak, horrenbeste jenderen partaidetza bere baitan hartzen dutenak. Agate Deuna hauetako bat dugu, eta hurrengo asteazkenean, otsailak 4, zenbait santzurtziar artzain edota arrantzale jantziak soinean, kalera zuzenduko dira kanta zaharra gure herriko zoko-moko guztietara zabaltzeko asmotan. Makilak eskuan, txapelak zein zapiak buruan paratuta hotzari aurre egingo diote udaberriaren etorrera urruna goresteko.

Auzo guztietan entzungo da Agate Deunari eskaintzen zaion kanta: Kabiezes, Mamariga, Txitxarra.. Berbalagunok nahi izanez gero, bertan parte har dezakegu ohitura zaharrari eutsiz. Hortaz, asteazkenean iluntze partean euskaltzaleok hitzordu garrantzitsua dugu!!.

2009/01/28

Sagardotegirako txangoa!

Honezkero jakingo duzuenez, sagardotegi garaia abian da urtarrilaren hasieratik. Berbalagunok, jakina, ezin ginen sagardotegi batera joan gabe geratu. Eta AEK-k korrika bultzatzeko antolatu dituen ekimenen artean Sagardotegia dago.

Otsailaren 13an ostirala, arratsalde 20:00etan abiatuko gara Santurtziko parketik Hernanira, Larregain sagardotegira hain zuzen ere. Bertan ohikoa den moduan, txuletoi samurra, bakailao tortilla, bakailaoa piperrekin, gazta, irasagarra, intxaurrak, Tolosako teilak, eta nola ez sagardoa izango ditugu gure zain. Autobusak gehi menuak 36 euro balio dute eta izena emateko email honetara idatzi edo Santurtziko AEKra deitu 94 493 80 71. Txotx!!

2009/01/27

Joxe Mari Karrere ipuin kontalaria


Antza denez, magiaz beteko zaigu Kresala aretoa. Hurrengo asteartean (otsailak 3), arratsalde desberdin bat igarotzeko aukera izango dugu. Berokiak erantzi eta Kresalak eman ohi digun epeltasunean murgilduko gara samurkiro. Euriari izkin egin eta aterpe bila abiatuko gara. Hortik aurrera gertatuko dena, Joxe Mari Karrere ipuin kontalariaren esku geratuko da. Toki berriak, izen ezezagunak, misterioa..

Bai Esanek antolatutako ikuskizun honetan zentzumen guztiak jarriko zaizkigu erne, egunerokotasunetik iheska ibiliko gara ametsetako egoerak irudikatuz. Berbalagunok, jakina esperientzia berri eta hunkigarriak bizitzeko prest gaude. Horregatik, Kresalan izango gara euskaraz pentsatu eta sentitzen, hurrengo asteartean 20:00etan irudimenari ateak zabalduko dizkiogu.

Otsaileko agenda bero dator!!

Ia ba berbalagun eta euskaltzaleok, hauxe izango da otsailean egingo dugun guztia!! Nahikotxo ezta? Korrika garaia hastear da, eta berarekin batera Korrika kulturala!. Ikusi, gozatu eta batez ere parte hartu!!

2009/01/23

Berbalagunok kalea hartuko dugu!!


11 berbatalde martxan dira, 83 lagun egunero ari dira euskaraz mintzatzen Santurtziko kaleetan, gure herriaren geroa apurka-apurka euskalduntzen. Lan itzela dugu aurretik, baina badirudi jendea gogotsu dabilela mingainari eraginez!.
Honengatik eta gure hasiera bikaina behar bezala ospatzeko, Berbalagunok Triki-bertso poteo mundiala egingo dugu.

Noiz: Urtarrilak 30, ostirala arratsaldeko 20:00etan

Non: Santurtziko AEK euskaltegian

Hortik Txitxarrara zuzenduko gara jai giroan. Eta bertako txikiteroen ezusterako jende andana hurbilduko da euskaraz mintzatzen, gure herriko (Santurtzi) hizkuntzan. Eta ahal bada ez dadila azkena izan!! Berbalagunok gure herriko kaleak euskaraz jantziko ditugu!!.

Izanaren izena, toponimiaren gaineko hitzaldia


Ziur aski etxetik lanera abiatzen garenean, gure herriko zenbait txokotatik igarotzen gara. Beharbada Txitxarra kalea arineketan zeharkatu behar izan dugu trena hartu ahal izateko, edota Mamarigako aldapa pikuak ziztu bizian jaitsi ditugu parkera heldu nahi baikenuen. Egoera ezagunak, ziur. Eta Santurtziko edozein auzo izena ager zitekeen pasadizo hauetan (Kabiezes, Bullon, Mahastiak..), baita Serantes mendia ere!! Zenbat aldiz iritsi gara tontorreraino eta hortik bistan dagoen ikuspegi ederraz gozatu??

Santurtziarrok beti azaltzen gara gure herriaz harro, bakoitzak bere auzoa defendatzen du hil ala biziko kontua balitz bezala. Baina sarritan oinarrizkoena ahazten dugu, ez diogu geure buruari galdetzen zergatik Kabiezes den Kabiezes, edo Regales zergatik den Regales. Honela izendatu ditugu betidanik eta kito.
Orain ostera, gure sustraiak nondik datozen jakin ahalko dugu, zein izenek egiten duten gure izana azalduko baitigute

Hurrengo asteazkenean, urtarrilak 28 arratsaldeko 20:00etan hitzordu ederra izango dugu Kresala aretoan. Bai Esan euskara taldeak Ezkerralde eta Santurtziko toponimiari buruzko hitzaldia antolatu du, eta bertan Carlos Glaria firologo eta historialariak horretaz jardungo du.
Nondik gatozen beharrezkoa da oso, nora joan behar dugun igartzeko. Anima zaitezte eta ezagutu hobeto zuen herria!!

2009/01/19

Adarrots taldearen kontzertua eta antzerkia

Ia ba, aste honetan berbalagunok ere hainbat gauza egin dezakegu, kontua da oso-oso urruti dagoen herri batera joan behar dugula, beraz, kirol zapatak eta txandala jantzi, pioleta hartu eta tatxan!! Portugaleten bi hitzordu garrantzitsu ditugu, jakina denez biak euskara hutsean:

Egun berean izango dira, zeuek aukeratu behar:

*Urtarrilak 22, osteguna Adarrots taldeak Folk Kontzertu bikaina eskainiko du Elai-Alairen lokalean (Santa Maria Kalean) 20:00etan.



*Egun berean eta 20:00etan ere Santa Clara Nik egin beharko antzezlana izango dugu Zirika Zirkus taldearen eskutik. Antolatzaileak euskararen normalizazio eta onarpenaren alde dabiltzan talde anitz dira. Une hunkigarri zein barregarriak igaro nahi izanez gero, ez ibili zalantzan eta parte hartu!!

Olentzeroren gutunen sariketa.


Asteazken honetan Olentzerok beste sari bat emango du geurean, oraingoan zintzoa eta bihurriak izan ote garen neurtzeaz gain, zer nolako eskutitzak idatzi dizkiogun adieraziko digu. Orijinalak izan diren, barregarriak, hunkigarriak…

Egia esan santurtziar ugarik idatzi diote Olentzerori, denetariko gauzak kontatu dizkiote: nor diren, zer egiten duten… Gainera idazleetako inork ez du ahaztu inportanteena: bihotz-bihotzez idaztea.

Aurten egon den maila ikaragarri altua izan da urterik urte indartzen ari den ekimen honetan. Epaimahiak gorriak ikusi ditu irabazleak hautatzeko garaian, baina azkenik egon badago, eta halaxe jakinaraziko dute urtarrilak 21 (asteazkena) arratsaldeko 18:00etan Kresalan Euskara Sailaren eskutik.

2009/01/13

Santurtzin euskaraz!!




Aste honetan gertakari xelebre bat dugu herrian, ohiko paiasaia hautsiz euskara sartu zaigu gure logelako leihotik!!. Euskara entzuten ez zen tokietan, halako batean nabarmena izango da. Poliki-poliki gure egunerokotasunaren parte bat izango da. Nork esango zuen?? Euskara kalean??

Bada bai, aste honetan berbatalde guztiak martxan jarriko dira!! zeintzuk diren jakin nahi duzu??:
  • Astehelenetan 09:00-10:00 Bocana tabernan eta 18:00-19:00 Kalean
  • Asteartean 18:00-19:00 Wagon tabernan

  • Asteazkenetan 19:00-20:00 Irlandesean

  • Ostegunetan 10:00-11:00 Cayo Triste tabernan eta 19:00-20:00 Kalean

  • Ostiraletan 19:00-20:00 AEKn eta 19:30-20:30 Lagun Etxean

  • Larunbatetan 12:00-13:00 Ttipi-ttapan

  • Igandeetan 16:00etatik aurrera Cayo Tristen

Hauek lehen bilerak dira eta kafetxo bat hartu bitartean esplikatuko dugu proiektu honen nondik norakoa. Hamar talde ditugu 65 lagunek osatuak, baina laster gehiago izango gara!!. Izena eman nahi baduzue gogoratu AEK, Udal Euskaltegia edo Euskara Sailean egin daitekeela. Bestela gure email berrira idatzi!!. Santurtzi euskaldun eta berbalaguna!!



2009/01/07

Sexualitate ikastaroa martxan jarriko da!!


Kaixo jendea!! Berriro bueltan gaude gabonetako oporraldia igaro ondoren. Egun hauetan euskaraz ederto bizi izana espero dugu, eta nola ez hurrengo astean martxan hasiko diren berbalagun taldeei ilusioz eta gogoz heltzea!!

Baina lehenik Mamarigako Kultur Etxeak proposamen interesgarri bat luzatu digu: Sexualitate ikastaro bat antolatuko dute euskaraz!!. Bertan jorratuko diren gaiak hauexek dira: sexualitatea jendartean, umeen eta nerabeen sexualitatea, sexualitatearen historia..
Imajinatuko duzuenez tailer dinamiko honetan tabu asko hautsiko dira. Dagoeneko berbalagun batzuek izena eman dute, besteok animatuko zarete?? Gal ezazue lotsa!! Izena emateko idatzi email honetara.