santurtziko berbalagunok: 2008.06

2008/06/30

Uztailean ere euskaraz

Hemen duzue udako hil beroenean euskaraz gauzatuko diren ekitaldien zerrenda. Denetarik dago, eta nola ez, ia-ia dena Karmen jaietan izango da. Aprobetxatu jaiak eta kontuz parrandekin.

2008/06/26

Gaztelugatxera joan ginen eguna.


AEK-ko ikasle zein irakasleek agur esan behar zioten ikasturteari. Ekainaren hondarretan jendea nekatu samar egoten denez, klase barruan egoteko gogoa minimoraino lausotzen da. Horregatik, hogei bat lagun batu ziren Gaztelugatxe aldera joateko.
Emaitza paregabea, San Juan jaiak zirela eta, ikasleek zuzenean ikusi ahal izan zuten zelan ospatzen den egun berezi hau Bermeon. Eliza jendez josita egonda ere, ikasle gehienek tabernan hartu zuten aterpe egarria nahiz gosea arintzeko xedez.

Ondoren, denetarik egin zuten: Eneperin bazkaldu, belarretan etzan janariaren astuna leuntzeko (izan ere, ez zuen euririk egin), mendixketatik ibili eta Bakioko hondartzan osteratxoa egin ondoren etxerako buelta hartu. Zer gehiago eska daiteke astearte batean??
Hau bai plan bikaina!! Argazkiak hemen

2008/06/25

Hasieran eki eguna, bukatzeko euri gaua


Azkenik uda heldu zaigu eta hori iragartzeko ez dago Eki Eguna bezalakorik. Berriro Mamarigako Kultur Etxeak jai herrikoi eta autogestionatuen aldeko apustu irmoa egin zuen emaitza bikaina erdietsiz.

Urtero legez, Patxi Perez eta Konpainia taldeak enparantza jendez bete zuen giro alai eta jostagarrian. Ikustekoa izan zen adin guztietako pertsonak eskutik helduta dantzan aritu izana, edota hainbat dantza jolas egiteko lauzpabost ilara agertu izana. Patxi gidari eta musikariak lagun eduki genituela, izerditan bukatu zuten gutako askok.
Gainera, egarri zenari eztarria freskatzeko kulturkideek barra bat atondu zuten, eta alboan Kutxa eta Karlosek parrillan prestatu zituzten saiheski eta txorizo gozoak.

Dena ondo zihoan (lagun koadrilak, urtez urte hobeak diren dantzariak, edari freskoa..) eguzkia ezkutatzen hasi zen arte!!. Sustraiak elkarteak prestatu zuen Pitxiritxia ezin izan zuten erre haize boladek garrak erraz zabal zitzaketelako noranahi, eta Kultur Etxeko perkusionistek bertan behera utzi zuten tinbalada euriak musika ekipoa izorratzearen beldur.

Hau pena handia!! Hurrengo urtean hobeto. Baina bitartean zein ederra izan zen!!. Argazkiak helbide honetan dituzue. Argazki gehiago hemen

2008/06/23

Santurtzitik Urdaibaira!!


Ikasturtea amaitzear dago eta nekeak kontzentratzeko ahalmena galarazi digunez, ikasgela itxi eta beroak alde batera utziko ditugu Urdaibai aldera abiatzeko. Eguraldiak, tamalez, ez dirudi laguntza handirik emango digunik, baina zer demontre!!. Bizkaia ere ederra da euripean!!
Eta are politagoa Gaztelugatxe bezalako leku miresgarri batetik ikusten badugu, edota Bermeoko kaian ogitarteko gozo bat hartuta gosea arintzen badugu. Agian zerua hodeiz bete eta euri egingo du, eta hala ere, han izango gara aurpegiak alai eta hankak gogotsu!!

Hortaz, bihar Santurtziko AEKn txangorako zerrendan izena eman dugun guztiok motxilak bizkarrean Urdaibaira joango gara!!. Hasiera batean, txango hau ekainaren 19an egitekoa zen, baina azterketak tarteko atzeratu zen. Beraz, orain inolako presiorik gabe Bizkaiko txoko zoragarri honetara zuzenduko gara.!!

2008/06/17

Eki Eguna Mamarigan


Ekainaren hondarretan bada berezi samarra den egun bat. Bere izaera eta ezaugarriengatik bereiz daitekeen ospakizun magiko bat: Eki Eguna ekainaren 23an, astelehena. Mamarigako Kultur Etxeak urte luzez seinalatu digu egun hau gure egutegietan, eta dagoeneko, alboratu ezineko jaia dugu.

*Aurten ere 19:00etan Patxi Perez eta Konpainia taldearen erromeria edukiko dugu Mamarigako frontoian. Bitartean kulturlagunek parrillan egindako txorizo eta saiheskiak banatuko dituzte.

*21:30ean Kultur Etxeko perkusio jole eta musikariek plaza jarriko dute dantzan sua pizterakoan. Ondoren Sustraiak elkarteak Pitxiritxia erreko du.

Umeak, gazteak, nagusiak.. Denok izango dugu tokia autogestioaren bidez gauzatuko den jai honetan. Hortaz, anima zaitezte eta parte har ezazue!!. Informazio gehiago hemen.

Ekaineko euskara izpia. Ratxel eta euskara.

Ekaina heldu zaigu, ez ostera denok espero genuen argitasuna. Hondartzarako planek eta eguzkitarako kremek itxaron beharko dute ateri arte. Baina guk bitartean, beste euskara izpi bat aurkitu dugu horrenbeste hodeiren artean, euskara berotu eta babestuko duen beste izpi bat: Rakel Artetxe santurtziarra.
Beherago duzue berari egindako elkarrizketa:



Zertan aldatu da zure bizitza euskara ikasi zenuenetik?

Euskara ikastea izan da nire bizitzan hartu dudan erabakirik onena. Betidanik argi eduki nuen neure burua euskaldundu nahi nuela, baina arrazoi bat zela bestea zela hau atzeratzen nenbilen. Azkenik, 28 urterekin euskara ikasteari heldu ostean, konturatu nintzen euskara zela gustura ikasiko nuen gauza bakarra.
Euskal Herrikoa izanda, euskarak nire herria hobeto ezagutzeko parada eman dit, benetan ezagutzeko abagunea. Era berean, berari esker muga gutxiago izan dut nire herrian: lagunak egiten lagundu dit, irekiagoa izaten lagundu dit.. Gauza gehiegi hitz soiletan adierazteko.


Jende askorekin aritzen zara euskaraz?

Tamalez, nahi baino jende gutxiagorekin. Familian ilobekin egiten dut euskaraz. Lanean, aldiz, gutxitan egoten da horretarako abagunerik. Eguneroko bizitzan zaila zait euskaraz jardutea hemen euskaldun gutxi baitago. Dena den, esparru batzuetan euskaraz hitz egitea lortu dut: lagunekin, bikotekidearekin…


Zelan ikusten duzu euskararen egoera Santurtzin?

Oro har, oso txarto. Itxuraz, jende gehiago da euskalduna eta badirudi inguruan antolatzen diren euskarazko ekintzetan hainbat lagunek parte hartzen dutela. Baina ez da nahikoa.
Euskara horrelako ekintzetara mugatzen dugunez, egunerokotasunean alboratzen dugu. Beharbada izango da Santurtzik dituen gabeziengatik, herri euskalduna ez den heinean. Egun batean bertso bazkari bat antolatzen dugu eta jende pilo egongo da. Baina hurrengo egunean zer?. Nire iritziz erabileran dago gakoa eta giroak baldintzatzen du erabilera.

Zer esango zenioke euskara ikasi nahi ez duen pertsona bati?

Bada, gauza asko galtzen ari dela. Nik irabazi nuen guztia bera galtzen ari dela. Horrela ez du ezagutuko berea izango den herria. Eta ezagutza hori beti ibiliko da herrenka.

Sustrai Colina eta Amets Arzallus Santurtzitik pasatu ziren.


Larunbatean bapo jan genuen AEK-ko bertso bazkarian. Titok atondu zuen bazkariak denok aserik laga gintuen, eta egia esanda, honela oso erraza da bertsolariei adi eta lasai entzutea. Ohi bezala, txantxetarako tartea egon zenez, barre algaraka ibili ginen norberaren lepotik ez bazen, behintzat.
Sustrai Colina eta Amets Arzallus dotore eta fin aritzeaz gain, gure artean murgildu ziren bazkaloste ederra eskainiz. AEK-ko irakasle/sukaldariak kexu ziren hasieran lan eskerga zela eta, baina bukaeran aurpegi alai eta irribarretsuak ziren nagusi. Zinez ederra izan zen!!. Argazki gehiago esteka honetan.


2008/06/13

Penintsulan bueltaka vespaz!


Atzo arratsaldean kresala aretoan bildu ginenok bidaia xarmangarria taxutu genuen. Lasai eta adi eseri ginen aretoak dituen besaulki erosoetan, Ander Izagirre bidaiari/kazetariak esan behar zigunari jaramon eginez.
Atzo diaporama bikain honetara bertaratu ginenok liluraz irudikatu genituen Galiziako ordokiak, Gaztelako lautada zabalak, Andaluziako meategiak, eta Mediterraneo aldean hirigintza espekulaziotik salbatu diren herrixkak. Aurretiaz espero gabe, vespa baten gainean abiatu ginen bide estu eta meharretatik Penintsulari bira emanez.

Bukaera hasiera bezain zoragarria izan zen. Izan ere, saioak iraun zuen denbora ziztu bizian igaro zitzaigun. Emaitza ezin hobea: batzuek udarako planak mamitzeari ekin zioten euren bidaien nondik norakoa haritzen zutelarik; eta beste batzuok inbidia puntu batekin, Udan egin beharreko lanetan pentsatu genuen.

Gu atzo Bai Esanek antolatutako emanaldira joateaz poztu ginen. Bereziki, euskarazko ekintzak gozatu ahal izateaz poztu ginen. Gehiago etorriko ahal dira!!

2008/06/06

Bertso Bazkaria Amets Arzallus eta Sustrai Colinarekin!!


Hurrengo astebururako planik ez daukazu? asperdurak jota zabiltza euskaraz norekin mintzatu ez duzulako? Bada, konponbidea erraza baino errazagoa da. AEK-ko irakasle/sukaldariek (Gure Titoren zuzendaritzapean, jakina) bertso bazkari izugarria antolatuko dute ekainaren 14an Bihotz gaztea elkartean 14:30ean.

Menua ez da izango nolanahikoa: entsalada, otarrainskak, urdaiazpikoa, zizka-mizkak eta aukeran eskalopea edota legatza; ondoren, postrea, kafea eta kopak. Honez gain bertsolari bikainak izango ditugu lagun: Amets Arzallus eta Sustrai Colina. Zer gehiago eska daiteke? Herritik atera gabe plan euskalduna!! Hau pagotxa ederra!!

Hortaz, izena eman nahi baduzue pasa zaitezte Santurtziko AEKtik (94 493 80 71) edo idatzi email honetara. Eta prezioa? 20 euro baino ez!!. Anima zaitezte

2008/06/05

Vespaña!!


Vespaña?? Bai vespaña. Eta hau entzunda norbaiti bururatu ahal zaio zertaz ari garen?. Bada, abenturazale bati buruz, bidaiari bati buruz. Era asko daude leku batera joateko eta ezagutzeko, baita hortik alde egiteko ere. Seguruenik gainera, denok izan dugu buruan noizbait txango xelebreak egitea… Azkenean, aldiz, betiko garraioak erabili, betiko lekuak bisitatu eta erosotasunera jotzen dugu.

Ander Izagirreri Espainia zeharkatzea otu zitzaion zerez eta Vespaz!! Eta honen berri emango digu hurrengo ostegunean (ekainak 12) Kresalan 20:00etan. Irudiak zein pasadizo bereziez gozatzeaz gain, bidaia kronika honek sortu digun jakin-mina aseko dugu Bai Esanek antolatu duen ekimen honi esker. Animatu eta Kresalan izango gara!!

Euskararen agenda ekainean

Bidaltzen ditugun email anitzen bidez heldu ez bazaizue, hona hemen hil honetarako Santurtziko euskalgintzak osatu duen agenda. Gozatu eta batez ere har ezazue parte!!


2008/06/02

Kantu afariaren ondorio zoragarriak!!



Giro bikaina ostiralekoa!! Bapo afaldu, ondo edan, berriketan aritu eta Nafarroatik etorritako lagunari esker denok kantuka bukatu genuen!! Hori bai, batzuek nahiko maila altua erakutsi zuten bitartean, apalago (edo hobeto esanda okerrago) abesten dugunok geure ahotsak leun-leun haizatu genituen hasieran. Baina azkenerako, “zein politak garen” makuluari heldu eta kementsu urratu genituen eztarriak!! Ai ene, gure amek ikusiko bagintuzte!! Bai Esanek jada hazia erein du, eta jarraitzaile batzuk hurrengo urtean errepikatzeko irrikan daude. informazio gehiago Bai Esan taldearen orrian