santurtziko berbalagunok: 2009.05

2009/05/29

Kontact dantza-masaje tailerra!!

iritzia: 

Argi dago berbalagunok aspertzeko betarik ez dugula. Urtarrilean honi ekin genionetik, hamaika ekimenetan murgildu gara euskaraz hitz egin ahal izateko: mendira joan gara, hitzaldiak entzun ditugu, magoak, antzerkiak, museoak… Eta gainera, zuek berbalagunek proposatutako hainbat jarduera ere gauzatu ditugu: patinaje tailerra, malabareak, Yoga.. Zuen ideia ekaitzak ez du etenik izan, eta hau poztekoa da proiektu honen protagonistak zuek baitzarete!!

Honengatik Iratxe berbalagunak Kontact dantza-masaje tailerra egitera gonbidatu nahi gaitu, sofatik altxatu eta gauza berri bat egiteko parada eskainiko digu. Antzerkitik datorren dantza eta masaje teknika ezezagun hau zertan den esplikatuko digu. Helburua dantza-masaje tailer bat egitea izango da, eta lasai egon zaitezte edonork egin dezakeelako!!

Ekainaren 8an berbalagunok eta euskaltzaleok Kontact tailerra egingo dugu 19:30ean Bihotz Gaztearen lokalean. Eta beti bezala izena aldez aurretik eman behar da (azken eguna ekainaren 8an) email bat idatziz edo telefono honetara deituta (Santurtziko AEK: 94 493 80 71). Erlajatzeko eta ondo pasatzeko prest??

Mari Jose, hil honetako euskara izpia.

iritzia: 
Entzun eta ikusi arretaz Mari Jose berbalagunak esan behar diguna. Berarentzat euskara agiri bat baino gehiago da, eta zorionez pozik mintzo da Berbalagun eta geure hizkuntzaren inguruan galdetu diogunean. Jende berria ezagutu, ekintza berriak, esperientzia berriak bizi izan ditu euskaraz bizi nahi dugunon santurtziarrokin batera!! Santurtzi ttipi-ttapa euskalduntzen!!

Urtemuga festa filma Las Viñas auzoko liburutegian.

iritzia: 
Ekainean ere Santurtziko haurrek aukera ederra izango dute zinemaz gozatzeko. Gainera, eskolaz kanpoko ekintzetako bat izango da, eta esan gabe doa hauexek oso garrantzitsuak direla, etxeko txikienak jabe daitezen euskara eskolan jaso beharreko irakasgai bat baino gehiago dela. Oraingoan hitzordu bikaina dute ekainaren 5ean Las Viñas auzoko liburutegian arratsaldeko 18:00etan. Izan ere, bertan Santurtziko Udal Liburutegien Sareak film honen emamaldia programatu baitu: Urtemuga festa. Hona hemen laburpena:

Jannik Hastrup zuzendari daniarrak Martina, Ingolf eta Frederiken pasadizoak ezagutzera emango dizkigu. Hiru lagun hauek, bizimodu lasaia daramate Kixkal Xagu miopea eta bere aita marmartia ezagutzen duten arte. Aitak ez dio Kixkal Xaguari urtemuga festa egin nahi eta hori gutxi balitz, poxpolo kaxa batean giltzapetzen du.

Zer animatuko zarete? Euskaraz ere pelikula asko ikus daitezke. Eta oso inportantea da emanaldi hauetan parte hartzea, bestela ez dugu sekula lortuko zinemagintza euskalduntzea!!

2009/05/28

Ekaineko agenda hemen duzue ikusgai!!

iritzia: 
Ekainean bero eta oporretako usaina nagusituko zaizkigu apurka-apurka. Eta honekin batera kalean egin daitezkeen ekintzak ugarituko dira!! Berbalagunak eta euskaltzaleak taberna eta bilguneetatik ateratzeko prest egongo dira, eta nola ez, agenda honetan dauden ekintzetan parte hartuko dute!! Ikusi eta aukeratu zer egin nahi duzuen!!

2009/05/26

Kutur Egunaren ostean!!

iritzia: 

Azkenik Kultur Eguna ospatu zen Mamarigako Kultur Etxeari esker, jende andanak hartu zuen parte ekimen honetan eta adin guztietako pertsonek gozatu zuten. Berbalagunok ere gure txokoa egin genuen bertan, eta goizetik gauera arte burutu ziren jardueretan murgildu ginen eroso eta gustura.

Etxe honen barnean dauden ikastaroek euren isla utzi zuten Mamarigako kaleetan, ezustean txalapartariak, pandero joleak, jostunak, abeslariak, sexu hezitzaileak.. agertu baitziren ikasitakoa praktikan jartzeko prest. Eta denok dakigunez, ez dago praktika baino hoberik barneratutako guztia ondo finkatzeko. Honela ibili ginen dantzan musikaren erritmora, barrez kideen ateraldi xelebreek txunditurik uzten gintuztela, eta nola ez, euskaraz!! Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen, edo bestela sartu Kultur Etxearen argazki galerian.

Literatura taldea Mamarigako Kultur Etxean

iritzia: 

Ene!! Mamarigako Kultur Etxetik hamaika ekarpen jasotzen dugu beti, hona hemen autogestioaren bidez funtzionatzen duen etxe honek egin digun azken proposamena:

Kirolaz, musikaz edo beste zaletasun batez bezala, literaturaz ere (eta literatura esatean bai irakurri bai idatzi esan nahi da) gozatu ahal da modu kolektiboan. Azpiegitura handirik behar ez duen eta bakardadean erraz disfrutatzen den zaletasun hau baztertuta gera daiteke, kaleratzen ez bada, eta gizartean hitzek daukaten garrantzia kontuan hartuta (ikasteko, kritika egiteko, pentsarazteko, hobeto komunikatzeko,... ), pena da fruitu honen zuku, mami eta azal guztiaz ez elikatzea.

Zer eta nola egin? Hona hemen Mamarigako Kultur Etxetik hizkien eta literaturaren mundua interesatzen zaigunon artean sortu nahi den hurrengo ekimena, TALDE LITERARIO bat alegia.

LIBURUTEGI BIRTUAL bat eratzea izango litzateke abiapuntua, book-crossing deitzen dioten antzeko bat, baina partehartzaileagoa, hots, partaide bakoitzak etxean dauzkan liburuen zerrendekin erregistro bat egin eta taldeari ezagutaraztea, kideen artean elkar trukatzeko, modu natural batez irakurritakoaz eztabaidatzeko, liburuak komentatzeko, gomendioak egiteko, ... eta abar.
Hortik aurrera, taldearen indarra eta gogoa neurtu ondoren, burutu ahal izango diren ekintzak asko izan daitezke:

*liburuak komentatzeko taldea (mahainguruak, liburuen gaineko gomendioak,…),
*liburu berrien aurkezpenak, hitzaldiak idazleekin, elkarrizketak, …,
*idazteko zaletasuna bultzatu, kideen idazlanak irakurri, fanzine kultural bat sortu.
*poesia eta ipuin irakurketak.
*lehiaketak,
*irakurtzeko edota idazteko tailerrak eta bidean agertzen diren gauzak

Ekimen honetan parte hartu gura baduzu ez duzu egundoko lana egin beharrik. Baldintzak; geure liburuak prestatzeko gertu izatea, besteenak errespetatzeko gai izatea, gogoa edukitzea eta euskalduna izatea.

Zure zain gaude. Harremanetarako, utzi mezu bat Mamarigako Kultur Etxeko helbide elektronikoan (mamarigakokultur@yahoo.es) edo telefono honetara deitu: 650 27 98 09 (Joxi).

2009/05/20

Illimani: Boliviako izpiak eta hizkiak

iritzia: 
Amerikatik berriren bat heltzen zaigun bakoitzean, begirada urratu eta lausotuz egiten diogu harrera. Antza, oraintsu arte (eta tamalez oraindik ere) nagusi izan den kolonialismoak itsuturik handikeriaz so egiten diogu bertako paisaiari… Bertako hizkuntzak ahazten zaizkigu, lur kolorekoen hitzak ezkutuan gordetzen ditugu hutsaren hurrena balira legez, hango miseriek ez bide dute gurekin zerikusirik, gure zilborrak ez ei du eragin txarrik…

Eta halako batean Amets Arzallus eta Txomin Txueka Boliviara abiatu ziren bertako errealitateari duintasunez beha egitera, bertakoen berba jaso barik nekez konta daitekeelako ikusten dena. Eta azken urteotan herri zahar eta indarberritu honek aldaketa ugari eduki du: ahanztura gordinean bizitzetik, iragan eta geroaz harro azaltzen dira burujabeago baitira… Hauxe aurkituko dugu Bai Esan euskara elkarteak eta Euskara Sailak maiatzaren 28an (osteguna) 20:00etan Kresalan antolatu duten Illimani: Boliviako izpi eta hizkiak diaporaman.

Bertsio ofizialetik harago sarritan azaleratzen ez diren ezinbesteko pasadizoak daudelako. Gainera, berbalagunok ere badakigu zer den hizkuntza, kultura bat ataka larrian egotea. Izan ere, ketxua, aimara eta gainerako indigenon errealitatea ez daukagu horren urrun ezta? Bada, ostegun honetan gutako batzuk Boliviara abiatuko gara Kresalatik mugitu barik, zu etxean geldituko zara??

Ekainaren 6an, Mintza Eguna Gasteizen.

iritzia: 
Berbalagunok urte osoa daramagu matraka ederrean euskara gora euskara behera, lehen ez bezala hainbat txoko euskal gune bihurtu ditugu oharkabean, eta bertako erabiltzaileek euskaltzale talde bat astero joaten dela dakite sobera.. Eta azkenik, Santurtzin berbalagun gutxi daudela uste baduzu, Topagunek Euskal Herri mailako berbalagunon egun mundiala antolatu du non eta Gasteizen!! Hona hemen Mintza Eguna honen egitaraua:

11:00etan: Ongi etorria eta hamaiketakoa Matxete plazan.
12:00etan Ibilaldi gidatua, Gasteiz ezagutzen.
13:30ean Kalejira: Alde Zaharretik eta Landatxoraino.
14:00etan Bazkaria Landatxon. (20 euro) Menua: Patea, Paella, Oilasko “pilotak” eta solomoa, postrea, kafea + kopa.
15:30ean Sari banaketa.
16:00etan Erromeria Erdizka Lauetan taldeak gidatua.

Pentsa ezazue bertan Euskal Herri osoko berbalagunok elkartuko garela, denboraz abisatu behar da ahalik eta lasterren (azken eguna maiatzak 29). Beraz, anima zaitezte eta joan nahi baduzue bidaliguzue email bat.

UEUko ikastaroak, praktikatu eta jantzi!!

iritzia: 
Aurten Udako Euskal Unibertsitateak 38 ikastaro ezberdin eskainiko ditu Eibar, Baiona eta Iruñeko egoitzetan. Euskara praktikatzeko aukera paregabea da hau, izan ere ikasleen eta irakasleen artean herrialde guztietako jendea elkartzen da, horietako batzuk euskaldun zaharrak besteak berri-berriak. Gainera euskarazko klaseak jarraitzea ez da hain zaila, terminologia akademikoa nahiko antzerakoa da hizkuntza guztietan.
Aurten gainera euskararen praktikantea bazara, hau da berbalagun edo mintzalagun egitasmoetako partaidea bazara, matrikulan %50eko deskontua izango duzu.

Deskontua izateko zer egin behar da? Oso erraza, matrikula egin aurretik bidali guri mezu bat esanez nongo egitasmoan zabiltzan eta guk baieztatu ostean matrikula egin. Mezua helbide honetara bidali: mailto:praktikatu@aek.orgzure izen-abizenak eta parte hartzen duzun herriaren izena aipatuz.
Ikastaroen inguruko informazioa hemen

2009/05/18

Yoga tailerrean ikasitakoa!!

iritzia: 
Atzo 17 berbalagun bildu ginen Bihotz Gaztearen lokalean Yoga ikasteko Iñaki irakaslearen laguntzaz. Hasiera batean lar ondo ez bagenekien ere, Yoga zertan datzan ikasi genuen. Giharrak erlaxatu, mugimendu geldoak egin eta jarrera fisikoak (asanak) mantendu genituen arnasketa egokia egiten genuen bitartean. Gainera, kontzentrazioa ezinbestekoa dela jakinarazi zigun Iñakik, zeren eta azken finean Yogak gauza askotarako balio baitezake, baina zertarako egin ondo pasatzen ez badugu?

Honela, gustura eta ondo pasatuz begiak itxi genituen une hartan gure gorputza besterik ez zegoela hausnartuz, izan ere hori zen gure momentua, gure gorputza irudikatzeko unea hari batek goitik behera zeharkatu bagintu bezala. Arazoak borragoma ikusezin batez ezabatu genituen geure izaerari erreparatzeko... Benetan arratsalde gogoangarria. Berbalagunok Yogaren mundura gerturatu ginen, eta Yoga gugana hurbildu zen. Euskaraz noski. Argazki gehiago ikusteko klikatu hemen.

2009/05/15

Nocturna filma Las Viñasko liburutegian.

iritzia: 
Imajina dezakezu zer gertatuko litzatekeen bat-batean argi guztia itzaliko balitz? Erantzuna, hilaren 22an (ostirala) aurkituko dugu Las Viñasko liburutegian 18:00etan, Santurtziko Udal Liburutegi sarearen eskutik.

Nocturna, Barton Films-ek banatzen duen animazio pelikula zirraragarria da, non Tim-ek bere izar maitatuena, Adhara, aurkitu behar duen. Iluntasuna, ziur aski, beldur unibertsalena da. Nahiz eta ume bat ez izan, edonor urduri ipintzen da gela ilun baten barnean geratzen denean; Nocturnan, kontzeptu unibertsal hau erabili nahi izan dute denbora eta lekurik gabeko istorio bat sortzeko, gurasoek belaunaldiz belaunaldi kontatu dituzten Andersen edo Grimm anaien ipuin klasikoen izpiritua berreskuratuz. (iturria: Nontzeberri agerkari digitala)
Interesgarria ezta?? Bada ez pentsatu bitan eta anima zaitezte umeentzako pelikula honekin gozatzera!!


2009/05/12

Berbalagunok Arte Ederretako museora joango gara!!

iritzia: 
Hona hemen ostiral arratsaldeko berba taldeak eskaini digun proposamen interesgarria, hori bai denon parte hartzea behar dugu, izan ere 15 laguneko taldea osatu ezean ez baita txangoa egingo:
Normalean artea ulertzeko komeriak izaten ditugu, batik bat arte garaikidea ulertzeko zaila egiten zaigulako. Hori jende askoren aitzakia izaten da honelako jarduera kulturaletara ez joateko, eta ziurrena da hori dioena ez dela sekula Arte Ederretako museora joan.
Maiatzaren 31n (igandea) 10:30ean lotuko gara Santurtziko tren geltokian Bilbora abiatzeko, bertan 11:30ean (hots, presa barik ibiliko gara: kafetxo bat hartu, pintxo bat jan..) bisita gidatua izango dugu (4na euro ordaindu beharko genuke) arte lan garrantzitsuenen nondik norakoak zertan dautzan jakiteko. Aukera ona da eta honela behintzat Bilboko museo batean egon zarela esan ahalko duzu!!
Gainera, ehun urteko historian zehar, museo honek eredu aparta osatu du: zazpi mila pieza baino gehiago ditu, XII. mendetik gaur egunera arteko multzo aipagarri batean. Antzinako arteko eta arte modernoko ale garrantzitsuak izateaz gain, interes berezia dute Flandesko eskoletako pinturak eta euskal artisten presentzia handiak.
Zer, ostiraleko berbalagunon proposamena onartuko dugu eta kulturan murgildu?? Erantzun lehenbailehen museokoek joan baino astebete lehenago jakin behar baitute. Idatzi email bat edo deitu AEKra (94 493 80 71).

2009/05/07

Kultur Eguna datorkigu, euskaltzaleok prest al gaude??

iritzia: 


Urtero bezala maiatza hurbildu ahala Mamarigako kaleetan giro berezi bat sumatzen da. Eguraldi ona agertzeaz bat, kale ekintzak ugaritzen dira bertatik ibiltzen garenon gozamenerako. Jakina, honen guztiaren eragilea Mamarigako Kultur Etxea izaten da, eta ikasturtean horrenbeste lan egin ostean behar bezala ospatu beharra dago!!
Honengatik guztiagatik Kultur Eguna egiten dute urtean behin, eta aurtengo edizioan (maiatzak 23 larunbata) etxe autogestionatu honen barnean martxan egon diren ikastaroetako ikasleek Mamarigako kaleak beren eskarmentu eta bizipenez alaituko dizkigute. Hona hemen egitaraua:

*12:30ean Triki poteoa (Pandero ikastaroko ikasle eta Mamarigako Abesbatzari esker)
*14:30ean Zikiro Herri Bazkaria. Azkar ibili txartelak erosteko laster agortzen dira eta. Joan nahi izanez gero idatzi email bat Kultur Etxeari, telefonoz deitu (94 493 78 60) edo bertatik pasatu (Nafarroa auzunea z.g.)
*19:30ean Erromeria
*Egun osoan zehar: Txalaparta emanaldiak, Sukaldaritza eta Puntu eta Gurutze ikastaroetan egindakoaren erakusketa, Bertsolariak, Dantzak, Sexualitatea aztertzeko jolasak…
Esan bezala etxe barruan egiten dena kalera aterako da!! Ahh eta gogoratu bazkarira joan nahi izanez gero, azkar ibili behar duzuela. Larunbat honetan, maiatzak 9, salgai jarriko dira txartelak (Luna, Astrid, Herriko, Taxka eta Kultur Etxean).

Berbalagunok Yoga tailerra egingo dugu!!

iritzia: 


Adimena askatu, urduritasuna baretu, giharrak luzatu gure burua zabaltzearekin bat.. Kontzeptu eta ideia politak ditugu esandakoak, bereziki aintzat hartzen badugu gure bizimoduak nahi baino gehiagotan oso erritmo bizkorra jasanarazten digula. Lanetik etxera zintzilik ditugun gauzak ilundu aurretik bete behar direlako, egunero gure burua hamaika kezkaz betetzen da eta azkenean estu eta larri ibiltzen gara oso maiz.. Denok ezagutzen dugu istorio hau ezta? Bada, berbalagunok beste bizi filosofia bat aurrera atera daitekeela uste dugunez (lasaiago bizi, motelago ibili, guretzako denbora hartu, naturaz gozatu, gure hizkuntzaz jantzi..), Yoga tailer bat gauzatuko dugu maiatzak 17 (igandea) 18:00etan Bihoz Gaztea elkartearen lokalean (Cayo Tristeren gainean).
Iñaki berbalagun eta Yoga irakasleak Yoga zertan den azalduko digu giro patxadatsu eta atseginean. Erlajatzeko eta arnasteko tekniken bidez barneratuko gara askorentzat horren ezezaguna den mundu honetan. Hasiberria bazara, ez beldurtu. Ez pentsa izugarrizko luzaketak egin behar direnik. Izan ere, Yoga edonoren esku dago eta denok goza dezakegu! Parte hartzeko izena eman behar da email bat bidaliz edo AEKra deituz (94 493 80 71).

Euskara Zine aretoetara: Artikoko Erregeak Kantaurin.

iritzia: 
Denok dakigu oraindik ere euskarak egoera ahula duela aurretik. Hizkuntza txikia izanik bere alde egiten den lan orok hauspotu egiten du beronen geroa, batik bat, erabilera sustatzen bada. Hitz egin, irakurri, pentsatu baita pelikulak ikustea ere ekintza arruntak bilakatu beharko dira gure egoera normalduko bada!!
Ildo honetan, Artikoko Erregeak filma maiatzaren 13an ikusgai egongo da, 09:30ean SKAn Kantauri Institutuko ikasleentzat. Euskara zine aretoetara programaren barruan eskainiko du Euskara Sailak.

Hona hemen sinopsia: Namu ipar poloko hartzaren eta Seela izeneko morsaren bizitzak, gizakiak eragindako berotegi efektuaren ondorioz dituzten arazo larriak kontatzen dizkigu, irudi ikusgarriak dituen pelikula honek

2009/05/04

Donkey Xote pelikula Las Viñas auzoko liburutegian.

iritzia: 
Haur zinema emanaldiek ere jarraipena izango dute maiatz honetan Santurtziko Udal Liburutegi Sareari esker. Uda gainean dugula gure asiak denbora irabazteaz gain, aukera ugari izango du euskara gure egunerokoan agertzeko. Hurrengo hitzordua Donkey Xote pelikula izango da maiatzaren 8an ostirala 18:00etan Las Viñasko liburutegian. Hona hemen sinopsia:

Abentura luze eta dibertigarri honetan Rucio astoak Don Kixoteren benetako istorioa kontatuko digu. Gainera, eraikita ditugun uste zaharrei astindu ederra emango die: Don Kixote ez zegoen ganbaratik jota. Aitzitik, gizon adimentsu, grinatsu eta ausarta zen. Talde bitxi hau Don Kixotek eta Santxok osatzen dute Rucio astoa eta Rocinante zaldiarekin batera. Dulcinea ederraren maitasuna bereganatze aldera norgehiagoka hasiko dira zaldun zikoitz baten aurka…

Uste baino abilagoak malabare tailerrean!

iritzia: 

Aurreko astean gure baldarkeria nagusi izango zela uste genuen, saiatu egingo ginela genekien arren nahiko pattal ikusten genuen geure burua hiru pilota dantzan jartzeko. Horregatik lehen-lehenik pilotak nola egiten diren ikasi genuen oztopoak oztopo (gutako batzuk ezinean ibili ginen, noski) eta behin pilotak izanik, Lander berbalagun eta irakaslaren aholkuei jaramon egin genien pilotak airera askatuz!!

Bakoitzak bere erara lortu zuen hiru pilotekin zerbait egitea. Egia esan, hasieran genituen sinesgogor aurpegiak poliki-poliki argituz joan ziren zerbait egin genezakeela ikustean. Eta hala izan zen, bi orduz aritu ginen malabareak gora malabareak behera Mamarigako Kultur Etxeak utzi zigun gelan. Argazkiek ederki adierazten dute zer-nolako arratsaldea igaro genuen. Hurrengo batean parte hartu nahi baduzu, soilik eman behar duzu izena!! Argazki guztiak ikusteko klikatu hemen.