santurtziko berbalagunok: 2010

2010/12/19

Olentzero Santurtzira iritsiko da


Negua gain-gainean dugula Olentzero etorri ohi zaigu honen berri ematera: jendea kale ertzetan zain, umeen alaitasuna, gurasoen irribarrea… Ohiko elementuak dira neguaren etorreran. Hemendik gutxira egunak ilun-ilunak izango dira, baina Olentzerori jaramon eginez gero, urtean izandako gazi-gozoak albora ditzakegu, eta urte berria kemen eta gertaera onez beterik helduko zaigu.


Santurtzin badakigu data hauek oso garrantzitsuak direla, eta hau dela eta, talde ugarik Olentzeroren irteerak antolatzen dituzte auzo guztietan: Kabiezes, Mamariga, Donibane, erdialdea…Bakoitzak aukera dezala zein duen gogokoago eta parte hartu abenduaren 24ko ekintza hunkigarri honetan!!!

2010/12/17

Negu Eguna jaia Mamarigan!!!



Ostegunean, abenduak 23, Kultur Etxeak Mamarigan Negu Eguna ospatzeko egun zoragarria antolatu egin du neguari ongi etorri beroa eman diezaiogun. Adin guztiei zuzendutako ekintzaz betetako eguna izango dugu.


Hona hemen Kultur Etxeak antolatutakoa:


18:00etan Triki poteoa eta salda zein gaztainak banatzen hasiko dira.

19:00etan Balkoitik Plazara Fredi Paia eta Katxo bertsolariekin

20:00etan Erromeria. Tartean desioak erre eta produktu ekologikoz hornituriko saskia zozketatuko dute


Herri kultura bultzatuz aurrera doan egitasmoa!!.

2010/12/13

Berbalagunon triki poteoa


Ostiral honetan, abenduak 17, 20:00etan Santurtziko berbalagunok hitzordua daukagu Txitxarran, Lagun Etxea tabernan. Gabonak gero eta hurbilago daudenez, oporrak hartu baino lehen triki poteo erraldoi bat antolatu dugu AEKrekin batera.

Lagun Etxea tabernan hasi eta batek daki non amaitu. Hori bai, Txitarra euskaldunduko dugula argi eta garbi dago. Gainera trikitilarien doinuek Txitxarrari ukitu berezia emango diote.

Ahaztu barik Gabonetan ere euskaraz egin behar dugula, maitatu, ligatu, jan, gozatu, oparitu...

Anima zaitezte eta har dezagun pote bana edo bina, hiruna, launa... EUSKARAREN ALDE!!

KORRIKA 17ren laguntzaile kanpaina


Badator Korrika 17, AEK lanez lepo dabil . Baina Euskal Herria zeharkatzeko laguntza behar du, inoiz baino laguntza handiagoa. Laguntzeko era asko egon arren, hasieran bi nabarmentzen dira: Korrika Laguntzailea kanpaina eta Korrika materiala.


Korrikak, 1980an sortu zenean, euskarari bultzada handia emateaz gain, diru kopuru handia lortzea zuen xede. Izan ere, orduko AEKren egoera ekonomikoa eta jarduna kolokan zeuden. Ateratzen den diruarekin proiektu ezberdinak aurrera eramaten dira: eraikin berriak egitea, herrialderen bati laguntza berezia ematea...


30 urte igaro arren, AEK-k herritarren laguntza behar du bere proiektuak aurrera atera ahal izateko. EAEko egoera hobea bada ere, oraindik ez da nahikoa, eta Nafarroan eta Iparraldean diru-laguntzak oso urriak dira. Jaurlaritzarekin izandako harreman urriek egoera oker dezakete. Horretaz gain, badaude AEKn diru-laguntza publikoen bidez bete ezin diren hamaika egiteko, hala nola, matrikulazio prezioak ez igotzea edo jaistea, doakotasunaren aldeko bidetik.


Korrika Laguntzaile egiten direnek, 12 euroren truke, euskarari laguntzeaz gain, hainbat onura izango dituzte: Laguntzaile direla adierazten duen pina, ehunka komertziotan beherapenak Korrika Laguntzailea txartelari esker. Txartelarekin batera komertzioen zerrenda ekuratuko dute Euskal Herriko txoko askotan erabili ahal izateko.


Arropa ere badago dotore-dotere Korrikari ongi etorria emateko. Euskal Herriko jai eta azoketan saltzeaz gain, AEKren euskaltegietan ere egongo da.


Informazio gehiagorako pasa zaitezte Santurtziko aektik. Korrikaren inguruko informazioa nahi izanez gero abenduaren 16an KORRIKA 17ren webgunea martxan egongo da: http://www.korrika.org/

2010/12/03

Kultur Etxearen ikastaroen jaia


20 urtez lanean, borrokan, ametsetan, sentitzen, defendatzen, sustatzen, maitatzen... 20urtez euskaraz, 20 urtez IRAKASTEN.

Abenduaren 10ean Kultur Etxeak antolatuta, IKASTAROEN JAIA ospatuko da Mamarigan, 20:00etan. Egun berezi honen xedeak Kultur Etxean ematen diren ikastaroen berri eman, ikastaroetan parte hartzen duen jendeak elkar ezagutu eta herriari kultura zabaltzea dira. Honengatik ez da jai itxia izango, herriari begirako jaia baizik. Gainera pintxo dastaketa izango dugu sukaldaritza taldeari esker.

Kutur Etxeak egiten duen lana ezagutzeko ezin aukera hobea.

Animatu eta murgildu kulturan!



2010/11/29

Euskararen Nazioarteko Eguna


Abenduaren 3an Euskal Herriko txoko askotan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Santurtzin Euskara Sailak Bihotz Gaztea ikastolaren laguntzaz hainbat ekintza antolatu egin ditu egun honetarako.


17:00etatik 20:00etara adin guztietako pertsonei zuzendutako jolas gunea egongo da non jolas eta jostailu tradizionalen bildumatxoa egingo den. Honetaz aparte, euskal kirol eta jolasak, tailerrak, txirrista puzgarria...


Geure hizkuntza aldarrikatzeko eguna ere bada. Argi eta ozen esan behar dugu gure kulturaren oinarria dela eta edozein une eta lekutan erabiltzeko eskubidea dugula. Hala ere, aldarrikapenik onena egunerokotasuna da. Egunero erabiliz babestu eta bultzatuko dugu.


Animatu eta bizi euskaraz!!

2010/11/24

Patata Tropikala: "Mendiko Altxorra"



Larunbat honetan, azaroak 27, 12:00etan Euskara Sailak antolatuta "Mendio Altxorra" Kale antzerkia Gernika parkean izango dugu.


Mendi guztiek arima eta altxor bat gordetzen dute. Gure mendiak itsasoarekin muga egiten duenez izaki asko bizi dira bertan: loreak, iratxoak... Hala ere, lantzean behin "Metalezko Gizonak" etorri ohi dira altxorraren bila eta edozein gauza egiteko prest daude...


Txontxongiloak, animaliak, umorea eta ezusteak erabiliz, haur eta helduek euskaraz gozatuko dute.

2010/11/15

Xilipurdi taldea: Gaur jaia



Larunbat honetan Euskara Sailak antolatuta Xilipurdi taldea Gernika parkean izango dugu 12:00etan.


Publiko ororentzako animazio eta musika ikuskizuna: Parte hartzeko jolasak, puxikak, uztaiak, lehiaketak, dantzak... . Pailazokeriak bata bestearen atzetik etorriko dira bai umeek bai gurasoek parte har dezaten.

Aire-Airean


Ostegun honetan, Euskara Sailak antolatuta Jose Ramon Agirreren "Aire-Airean" ikus-entzunezkoa Kresala aretoan 20:00etan.


Baltistan Pakistango iparraldean dagoen herrialdea da, Txinako mugaldean eta Iparraldeko Eremuak izeneko lurraldean kokatutakoa, Kaxmiren. Oso inguru menditsua da, batez beste 3.500 metroko altueran. 300.000-400.000 pertsona bizi dira bertan.

Pakistango mendirik altuenak hemen daude kokaturik: K2 (8.611 m), Nanga Parbat (8.125 m), Gasherbrum I (8.068 m), Broad Peak (8.047 m) eta Gasherbrum II (8.035 m).
Bestela, bost ibar nagusi ditugu inguru honetan: Kharmang (Kartakhsha), Khaplu, Skardu, Shigar eta Rondu.


Mendia gustuko dutenek aukera paregabea izango dute lurralde menditsu hau ezagutzeko eta burua erabiliz murgiltzeko. Oso gustuko ez dutenek ere Baltistanen dauden paisaiez goza dezakete.


Murgil gaitezen euskaraz lurralde menditsu honetan!

2010/11/08

Azaroko agenda


Santurtziko azaroko agenda prest dago . Aurreko astean Bai Esanek antolatuta, Kerman izan genuen gure herrian, eta Euskara Sailak antolatuta, Kidam magoa. Hurrengo ateetarako ekintza ugari daude. Anima zaitezte eta bizi euskaraz!


2010/11/05

Korri eta Salto pailazoak


Azaroaren 13an, Euskara Sailak antolatuta, Korri eta Salto pailazoak izango ditugu Gernika parkean "Artista bat naiz ni" ikuskizunarekin.


Pailazo hauek arlo guztietan sekulako artistak direla erakutsiko digute esketx dibertigarriz betetako antzezlan honetan, hala nola, musika kontzertu txiki bat, pintura eta eskultura saioa, zinea, dantzak... .


Bai umeek bai gurasoek aukera bikaina izango dute pailazoen munduan euskaraz murgiltzeko.

2010/11/02

Kidam magoa: "Txintxin magikoa"



Larunbatean, azaroak 6, Asier Kidam magoa izango dugu Gernika parkean 12:00etan. Mago trebe honen mirari harigarriak ikusteko parada izango dugu, hala nola, ur bat-batean izoztua edo magia egiten duen pelutxea.


Euskara Sailak antolatutako ume eta gurasoentzako ekintza aproposa. Ez galdu magiaren liluraz gozatzeko aukera!

2010/10/25

Salam kale antzerkia



Euskara Sailak antolatuta urriaren 30ean, larunbata, 12;00etan Gernika parkean Salam kale antzerkia. Publikoa plazara eramaten duen kale antzerkia. Bi magrebik eta euren gameluak gozaraziko digute Magrebeko arte eta musika herrikoiaren benetako erakustaldi batekin eszenatoki inprobisatu batean.

Ume eta gurasoentzako ekintza aproposa.

2010/10/21

Euskara Hobetzen ikastaroa




Datozen asteotan Mamarigako Kultur Etxeak Euskara Hobetzen ikastaroa martxan jarri nahi du. Euskaldun osoa bazara, baina zure maila hobetu nahi baduzu egiten dituzun hutsegiteak zuzenduz eta euskaltzaindiaren arauen berri izan nahi baduzu, aukera paregabea daukazu. Maila hobetzeari begirako ikastaroa da, eta ez euskara ikasteari begirakoa.

Kultur Etxeak aukera ezin hobea eskaini nahi die euskaldun osoei euren euskara maila hobe dezaten.

Euskaraz hazi, ikasi eta bizi!


Interesatuta bazaude:

- Emaila: http://www.kulturetxea.com/

- Telefonoa: 94 493 78 60

2010/10/20

Anbotorako irteera




Mendilagunak berriro ere martxan daudenez, Anbotorako irteera antolatu dute igande honetarako (urriak 24). Makilei hautsa kendu ostean berriro ekingo diote euren zaletasunari, hots, mendiak igotzeari. Ibilbidea exijentea bada ere, zailtasun handirik ez da topatuko; Badakizue, gogoko tokian aldaparik ez.



Ibilbidea hauxe izango da: Arrazola - Zabalaundi - Anboto - Anboto Sakona - Repetidorea - Arrazola.



Mendia eta euskara bateratzen dituen ekintza honetan parte hartzeko aukera izango dugu. Euskarak gailur guztietara heldu behar du eta.



Izena eman nahi izanez gero : ezkerraldea@aek.org


2010/10/18

Euskal Jaia 2010


Urriaren 23an 11:00etatik aurrera Gernika parkean Euskal Jaia izango dugu Euskara Sailaren eskutik. Mota askotako ekintzak egongo dira, hala nola, artisauak, herri kirolak, erromeria...



Hauxe da egun horretarako prestatu den egitaraua:



11:00-15:00/17:00-20:00 Artisauen txokoa

11:00-15:00 Jumpig-a (ohe elastikoa eta tentsoreak)

13:00 Herri Kirolak (zerra, ingudea, lasto altxatzea, orga jokoa, trontza...)

15:00 Herri Bazkaria (Bazkarirako txartelak aldez aurretik eros daitezke 15euroan Mamarigako Maisu jatetxean eta Pazo Doval tabernan)

18:30 Erromeria Aiko taldearekin.

Egun osoan Santurtzi Gastronomika ostalarien elkartearen txosna zabalik

Kale animazioa: Dangiliske euskal fanfarria



Anima zaitez, eta parte hartu!!

Ipuin Kontalaria



Urriaren 21ean arratsaldeko 17:30ean Donibaneko liburutegian, Ipuin Kontalaria egongo da Liburutegi Sareak antolatuta.


Ipuin Kontalariaren laguntzaz imajina ditzakegun leku eta pertsonaia bitxienak ezagutzeko aukera izango dugu. Edonora joan gaitezke soilik imajinazioa erabiliz. eta ostegun honetan aukera izango dugu, eta gainera euskaraz!!


Bai umeek bai gurasoek gozatzeko ekimen aparta.


2010/10/14

Xabinaitor antzezlana


Hurrengo ostegunean, urriak 21, Xabinaitor antzezlan barregarria ikusteko aukera izango dugu SKAn (Serantes Kultur Aretoan) arratsaldeko 20:30ean.

"Xabinaitor" Patxi Gallegoren komiki batean oinarritutako umorez beteriko antzezlana da, antzezleak Wazemank telesaioaren egileak dituena.

Xabinaitor EGA titulua daukan super-heroi bakarra da, beti prest egoten dena emakumeen edertasuna gurtzeko. Heroi berezi honen pasadizo dibertigarri eta lotsagabeei esker barrez lehertzeko aukera izango dugu, eta euskaraz!!

2010/10/13

Berbalagun aurkezpena urriaren 22an

Berbalagun aurkezpen mundiala

Hurrengo ostiralean, urriak 22, Berbalagun 2010-11 aurkezpena izango da Kresala aretoan arratsaldeko 20:00etan. Aurkezpen mundial honekin ikasturte berriari hasiera eman nahi diogu berbalaguna den eta ez den jendea gonbidatuz. Aurkezpenaren ostean lunch bat egongo da , eta luncharen ostean poteoa.

Anima zaitez eta etorri!!


2010/09/29

Atera arbela kalera

Hona hemen aurtengo kanpaina berriaren bideoa. Euskal Herriko txoko askotako lagunak agertzen dira berbalagun proiektua bultzatzeko asmoz. Gure herria ere azaltzen da eta Santurtziko berbalagun batzuk ikus daitezke. Gozatu bideoaz eta ea hurrengoan animatzen zareten parte hartzera.

2010/09/28

Badugu Urriko agenda prest!!

Udazkenak euskarazko ekintza saldoa ekarriko digu. Ez dago modu hoberik euskaraz bizitzeko geure bizitza euskararen munduan sartzea baino. Beraz, parte hartu ekintzetan eta ekin euskarari! Hona hemen urriko agenda:

2010/09/23

Beethoven Bostgarrena filma ikusgai izango dugu.

Urriaren 8an ostirala 18:00etan, Santurtziko umeek Beethoven Bostgarrena filma ikusi ahalko dute Las ViƱasko liburutegian Udal Liburutegi Sareak antolaturik. Hona hemen sinopsia:
Beethoven Sarahrekin joango da udako oporraldiak pasatzera osaba Freddieren herri meatzarira. Halako batean, txakur bihurri honek gorderik zegoen altxor gogoangarri baten mapa topatuko du. Aurkikuntzak hautsak harrotuko ditu herrian, eta hiritar guztiek koipea emango diote Beethoveni sekretu hau beraiekin parteka dezan.

2010/09/22

Bertso poteoa El Bullonen.


Asteburu honetako larunbatean, irailak 25, eguerdian El Bullon-Mahastiak jai batzordekoek Bertso Poteoa antolatu dute Julen Erezuma eta Jokin CastaƱos bertsolariekin. Auzo txiki eta eder honetan jaiak segituan hasiko dira, eta argi dagoenez, euskarak bere tartetxoa egitea lortu du ekimen erakargarri honen bidez.

Honenebestez, Santurtziko euskaldunok espero baino goizago ekin beharko diogu euskara tabernaz taberna hedatzeari, eta El Bulloneko jaiak eszenatoki ezin egokiagoa izango dira xede hori erdiesteko. Gainera, Jai Batzordeak oso egitarau herrikoi eta parte hartzailea eskainiko digu irailaren 24tik 26ra bitartean. Mota guztietako ekintzak, era guztietako jendearentzat.

2010/09/20

Zure oporrak kontatu nahi?

30 urtetik beherako gazte santurtziarra bazara, Gazteboxek parada ezin egokiagoa eman gura dizu zure oporren berri emateko, Gazte oporrak ekimenari esker. Izan ere, Gazteboxen opor planen libururako era guztietako kontakizunak behar dira, eta beti izan daiteke interesgarria gutako edozeinek bizi izandako pasadizoren bat. Gainera, lagungarria da oso etorkizuneko oporraldiak gauzatzeko. Askotan irudimen faltak ez digu plan erakargarririk gorpuzten uzten, eta beharbada, alboko lagunak sekulako plana burutu du eta guk horren arrastorik ez!!
Bada, kontakizuna gizarte sareen bidez zabal dezakezu (tuenti, facebook..), email bidez (gib-oij@santurtzi.net) edo Gazteboxera hurbilduz. Urriaren 31 azken eguna duzu zure istoriotxoa plazaratzeko. Informazio gehiago Gazteboxen bertan eskuratu dezakezue. Soilik parte hartzeagatik zozketa batean sartuko zarete. Saria ez da batere makala: asteburu bat bi pertsonentzat landetxe batean.

Beethoven bigarrena filma ikusgai.

Beethoven txakur bihurriak bere balentrien erakustaldi bikaina eskainiko digu pelikula honetan, Beethoven Bigarrena. Ohi bezala, Newton familiaren egonarria kolokan jarriko du bere ateraldi xelebreekin, baina oraingoan berritasun garrantzitsu bat egongo da: Beethovenen bidean txakur eme xarmangarri bat gurutzatuko da, eta sendia handitze bidean has liteke... Haur zinema emanaldia hauek Udal Liburutegi Sareak antolatu ditu, eta ostiral honetan, irailak 24, ikus dezakegu Las ViƱasko liburutegian 18:00etan.

2010/09/13

Zer dakizu Iran herriari buruz?

Zaila da herri bati buruzko iritzi osatua izatea bertara joan barik, are zailagoa gure aburua hedabideek esandakoaren arabera eratzen dugunean. Iran, adibidez, maiz azaltzen zaigu albistegietan, eta maizegi berri txar eta bortitzak jasotzen ditugu herri honen harira. Hau honela izanik, gutariko anitzentzat pentsaezina litzateke itxurazko gatazka batean dagoen herrialde batera bidaiatzea, ez gaude-eta ganbaratik jota!!!
Baina norbaitek esango baligu, itxurak itxurak direla, barreneraino joan beharra dagoela benetako izaera ezagutze aldera, agian, beste Iran bat ezagut genezake aurreiritzirik gabe. Beharbada, Iran: topikoen aurkako bidaia bat egin genezake Asier Arantzabal eta Mila Gallastegi bidaiariekin. Ziurrenik, beste era bateko informazioa emango digute, lehen eskukoa eta interesik gabea. Bene-benetakoa. Honenbestez, hitzordua duzu irailaren 23an (osteguna) 20:00etan Kresalan ibilbide atsegin eta xarmangarri bat egiteko Udal Euskara Sailak antolaturik.

2010/09/07

Badatoz Mamarigako Kultur Etxeko ikastaroak!


Mamarigako Kultur Etxeak ez ditu 20 urte alferrik bete, eta kultur dinamika inoiz baino biziago dagoela erakusteko, ikastaro zerrenda ederra kaleratu du gure asialdia era libreago batean igaro dezagun. Tailerretako batzuk ohikoak dira, hots, urterik urte jendeak eskatzen dituenak. Beste batzuk berriak auzoko jendeak proposatu eta eman gura dituelako, eta beste zenbait Kultur Etxeak berak loturikoak. Hona hemen etxe autogestionatu honetan euskaraz egin ditzakegunak: Txalaparta tailerra, Perkusio ikastaroa, Sexualitate tailerra, Euskara hobetzen ikastaroa, Malabareak, Kontserba tailerra, Bertsolaritza...

Hauexek dira oraingoz urritik aurrera abian jarriko dituzten ikastaroak, baina gerora askoz ekimen gehiago etorriko dira. Beraz, hauetako batean izena eman nahi izanez gero, idatzi email bat edo deitu telefonoz (94 493 78 60) eta zehaztu zein ikastarotan parte hartu nahi duzun.

2010/09/06

Iraileko agenda egina dago!!

Iraila euskaraz lepo datorkigu eta hamaika ekimen izango dira denon gozamenerako. Ikusi, hautatu eta parte hartu!!! Hona hemen agenda.

2010/09/03

"Kerman mintzalagun bila" saioan parte hartu nahi duzu?

Bai Esan euskara elkartetik proposamen erakargarri bat heldu zaigu berbalagunoi. Geurean euskaldun berriak garenez ia-ia guztiok, zenbaitetan zailtasunak dauzkagu gura dugun dena euskaraz adierazteko. Telebistako Kerman mintzalagunari gertatu ohi zaion bezala, hain zuzen ere. Eta ETBtik Bai Esan eta berbalagunok gonbidatu gaituzte Kerman mintzalagun bila programan parte hartzera, hots, telebistan ateratzera euskaraz moldatzeko zailatasunak dauzkan pertsonaia xelebre honekin. Berbalagun eta euskaltzaleok animatuko al gara? Hala bada bidaliguzue email bat irailaren 20a izan aurretik!!. Hona hemen Kerman mintzalagun bila saioaren adibide bat ikusi eta gozatu!!

Bai Esan euskara elkartearen deia!!


Santurtzin ugariak dira euskararen alde diharduten elkarte eta taldeak. Baina bat nabarmentzekotan, Bai Esan euskara elkartea aipatzekoa da, euskaldun askoren bilgunea delako.Baita azken urteotan Santurtzin gauzatu diren ekimenetan buru-belarri ibili delako ere. Honek eskatzen dituen lan mordua eta ilusio iturria direla eta, Bai Esanek Santurtziko euskaltzaleoi dei berezi bat egin gura digu.

Hastear den ikasturte honetan, erronka berriei ekiteko, Bai Esanek partaideak behar ditu. Bi eratan egin dezakezu:

*Elkarteko bazkidea izan zaitezke, Bai Esanen txartela jaso eta hainbat abantaila lortuko duzu zenbait denda eta kultur ekimenetan.
*Edota bi astean behin Bai Esaneko batzarretara joan zaitezke; horrela, era aktiboago batean parte hartuko duzu, Santurtzin euskararen egoera hobetze aldera. Galderak, proposamenak egiteko, edo animatuz gero, idatzi email honetara: baiesan@kaixo.com.

Euskarari zure aletxoa eman nahi badiozu, Bai Esan euskara elkartean parada ezin hobea daukazu. Anima zaitez!

2010/09/02

Mamarigako jaiak badatoz!!!


Irailaren 3tik 12ra bitartean Mamarigako jaiak ospatuko ditugu auzo xelebre honetan. Auzokoek beraiek antolatzen dituzten festa hauetan denetarik aurki dezakegu baina hementxe euskara hutsean burutuko denaren laburpentxoa egingo dugu:

Irailak 3 ostirala ordu txikietan Laiotz erromeria taldean Mamarigako plazan.
Irailak 4 larunbata 13:00etan Kantu Poteoa Mamarigako koadrilekin Kaixo tabernatik abiatuta, eta gauez 00:00etan Beste Bat erromeria taldea plazan.
Irailak 5 igandea 12:30ean Dantzaldia plazan Mamarigako Etorkizuna eta Bihotz Gaztea dantza taldeen eskutik.
Irailak 10 ostirala 23:00etan Santurtziko Aldats taldearen kontzertua.
Irailak 11 larunbata 00:00etan Luhartz taldearekin azken erromeria.
Irailak 12 Elkartasun Eguna (azoka, zur-tailen erakusketa, harri zulatzaileak, herri bazkaria..)

Askoz gauza gehiago ere badaude jai herrikoi hauetan, eta informazio gehiago nahi izanez gero Santurtzialdia web gunean egitaraua oso-osorik daukazue.

Irailean euskara euskaltegietara eta Udaleko dirulaguntzak!!


Urtero bezala irailarekin batera jende askori euskara ikasteko grina pizten zaio, baina gauza bat dela bestea dela beti uzten dio ihes egiten parada honi. Eta azkenean gauzatu gabeko egitasmoen kutxan satu behar dugu geure hizkuntzaren ikaskuntza. Bada aurten, euskaldunok eta euskara ikasi gura dutenek beste aukera bat izango dute euskarari ekiteko herriko bi euskaltegietan:

*Santurtziko AEK euskaltegia: Fleming Doktorea 17. Tlf: 94 493 80 71/607 515 720
*Santurtziko Udal Euskaltegia: Jose Miguel Barandiaran 12. Tfn: 94 461 02 15

Bestetik, eta joan den urtean legez aurreko ikasturtean euskaltegi homolotaguetan ibilitako ikasleek Santurtziko Udalaren dirulaguntza eskatzea dute irailaren 1etik urriaren 15era. Hauek dira bete beharreko baldintzetako batzuk:

-16 urte baino gehiago izatea
-Santurtzin erroldatuta izatea (gutxienez, eskaera egin baino 2 urte lehenagotik).
-HABEk homologatutako euskaltegitan egindako ikastaro ofizialduak izan behar dira.
-Eskatzaileak berak ordaindutako Ikastaroa izan behar, ez bestelako enpresak zein erakundek finantzatua.
-HABEk eskainitako diru-laguntzak eskatu, erankunde horrek ezarritako baldintzak betez gero.
- Ikastaro presentzialetan %80ko asistentzia izatea. Autoikaskuntza bidezko ikastaroetan eskatzaileak ikastarorako ezarritako helburu-maila gainditu duela egiaztatu beharko du.

Dirulaguntzen gaineko informazio xehea web orrialde honetan duzue.

Animo eta ekin euskarari!! Inork ez dezala esan Santurtzi herria euskararentzat arrotza denik. Ez horixe!! Euskarak apurka-apurka eta urrats sendoz indar handiagoa hartuko baitu!!

2010/06/30

Uztaileko agenda sargoriarekin batera dator.

Hona hemen uztailerako daukaguna. Udako azken mezua izango dugu hau, hortaz, udan ere segi euskarari eragiten eta irailean berriro hasiko gara matraka ematen. Ahhhh eta Karmen jaietan parte hartu euskarazko ekintzetan!!!

2010/06/28

Berbalagunok artista hutsak zarete!!


Kurtsoko azken tailerra gauzatzeaz batera, berbalagunok barruan daroaten adierazi gabeko artista azalarazi zuten arratsalde batez. Santurtziko AEKn bildu eta mahai baten bueltan Saioaren azalpenak adi eta zintzo entzun zituzten Fieltro Tailerrean ikasi nahi zutena ondo mamitzeko. Arratsalde parte horretan gure eskuak uste baino iaioagoak zirela egiaztatu ahal izan genuen, eta berbalagun batzuen alabak bertaratu zirenez euskara denon hizkuntza dela erakutsi genuen.
Emaitza ezin hobea: 14 lagun euskaraz, berriketan, barrez, eskulanak eginez, gauza berriak ikasiz, ekintzetan parte hartuz, euskara klasetik eta etxetik ateraz. Pena bakarra da tailerretik kanpo sei pertsona inguru geratu izana. Izan ere, eta dagoeneko ohitura bihurtu den legez, gure ikastaroak lar arrakastatsuak dira eta ezin dute hainbeste jende jaso. Baina beharbada hurrengo urtean atzera ere egingo dugu. Bitartean gozatu bertan ateratako argazkiekin (argazki gehiago hemen klikaturik)

2010/06/24

2010eko Eki Egunari buruzko kronika eta argazkiak.


Oroimenak dagoeneko huts egin digu eta ez dakigu Mamarigako Kultur Etxeak noiztik antolatzen duen Eki Eguna. Baina jakin badakigu Kulturrek 20 urte bete dituen honetan lan sakon eta gogotsua egin duela euskara eta euskal kulturaren alde. Honen adierazle esanguratsua azken Eki Eguna izan zen. Bertan, ohi bezala Patxi Perezen erromeriak lotsatienak jarri zituen dantzan salbuespenik gabe.
Honen ostean Kultur Etxearen aldeko kalejira jendetsuak kolore eta erritmoa eman zizkien auzoko kaleei perkusio eta suak lagunduta. Benetan une hunkigarriak bizi izan ziren ekimen honekin!!!
Eta azkenik, gazteek sua eman zioten aurtengo pitxiritxiari ume, gazte eta nagusion gozamenerako. Perkusioa beti bezala ezinbesteko protagonista izan zen, eta Kultur Etxeak ederto erakutsi zuen urte hauetan guztietan egindako lanak uzta bikaina eman duela. Argazki guztiak ikusteko klikatu honen gainean.

2010/06/21

Pirritx, Porrotx eta MariMotots Kabiezesen izango dira

Berriro ere Pirritx, Porrotx eta MariMotots Kabiezesera etorriko dira KAKULen (Kabiezesko Jai Batzordea) eskutik. Emanaldia ekainaren 24an (osteguna) izango da 19:00etan Kabiezesko plazan. Jendetza espero denez antolatzaileen gomendioei jaramon egitea eskatzen da: haurrentzako ikuskizuna den heinean helduek ez dute umeen aurretik egon beharrik, ahal dela umeak bakarrik egon ikuskizunak iraun bitartean, eta bereziki jarraibideak bete.

Kabiezes auzoko jaiak kolorez margotuko dizkigute, eta jakina, kantatu, dantzatu eta salto egingo dugu beren abesti zoragarriak entzunez. Hitzordua dugu euskararan alde!!

Bertso bazkariaren kronika eta argazkiak.


Ikasturte honek ganorazko agurra behar zuen, eta oraindik ere triki poteoa geratzen bazaigu ere, ezin uka larunbateko bertso bazkaria ikaragarrizkoa izan zenik!! AEK eta Bai Esanek antolaturiko ekimen honi Peru Vidal, BeƱat Vidal eta Joanes Igeregi bertsolariek ukitu berezi eta xarmanta eman zioten. Haiei esker barre algara ederrean jardun genuen bertaratu ginen 56 lagunok.
Bazkaria primerakoa, bertsoak zirikatzaile eta dibertigarriak, giroa paregabea... Zinez pozik ibili ginen bertsoak aditu bitartean. Gainera, ez ziren gutxi izan goizeko ordu txikiak arte Bertso Bazkaria luzatu gura izan zutenak. Larunbat arratsalde eta gauean Mamariga euskaldun bilakatu genuen une batez!! Datorren urtean ere matraka ederra emateko moduan gaude. Argazki guztiak ikusteko klikatu honen gainean.

2010/06/17

Euskara ikasi nahi duzu Udan?

Udan herriko bi euskaltegietan euskaraz ikasi edo sakontzeko aukera izango dugu. Hona hemen zehaztapenak:
*AEK: Uztailean 5tik 30era trinkoak. Ordutegia: 09:00-14:00. 100 eskola ordu eta 157 euro dira. Izena emateko azken eguna ekainaren 30a. Email: santurtzi@aek.org. Tfna: 94 493 80 71.
Eta irailean HABEren azterketak prestatzeko ikastaroak 2tik 30era. Ordutegiak: 09:00-13:00(88 ordu eta 132 euro) eta 16:00-19:00 (66 ordu eta 99 euro). Izena emateko azken eguna ekainaren 30a. Email: santurtzi@aek.org. Tfna: 94 493 80 71.
Udan ere AEKrekin barnetegiak (barnetegi arruntak, ibiltariak oinez eta bizikletaz, familia edo jarduera barnetegiak...) egiteko aukera dago. Interesaturik bazeunde jo Santurtziko AEKra
*Udal Euskaltegia: HABEren azterketak prestatzeko ikastaroak uztailaren 1etik 29ra eta irailaren 1etik 28ra. Ordutegia: 08:30-13:00 (87,2 euro).Izena emateko azken eguna ekainaren 23a (uztailerako) eta uztailaren 9a (irailerako). Email: admin@santurtzi.eus. Tfna: 94 944 61 02 15
Eta Mintzamena lantzeko ikastaroa uztailaren 1etik 29ra edo irailaren 1etik 28ra. Ordutegia: 10:00-12:00 (43,6 euro). Izena emateko azken eguna ekainaren 23a uztailerako edo uztailaren 9a irailerako. Email: admin@santurtzi.eus. Tfna: 94 461 02 15

2010/06/16

Triki poteoa Txitxarran: euskaraz barra-barra!!

Kurtsoa bukatzear dela ikusirik, AEK-ko lagunek Triki Poteoa antolatu dute ekainaren 25ean (ostirala) 20:00etan Txitxarrako Lagun Etxetik abiatuta. Argi dagoenez berbalagunok eta herriko euskaltzale guztiok gonbidaturik gaude, eta euskara kalera atera behar dugula uste dugunez ederra litzateke bertan ahalik eta euskaldun gehien biltzea.

Giro jator, atsegin eta dibertigarria ziurtaturik izango dela ziurtatu didate. Antza denez, batek baino gehiagok irrikaz begiratzen dio ekaineko sasoi honi euskararen alde poteoren bat antolatzen dela dakielako, eta denon nahiak betetzen ahalegindu behar!!! Ez gara gu izango poteo bati ezetz esango diogunak. Honenbestez, berbalagunok pozik eta gogotsu parte hartuko dugu triki poteo honetan. Areago lehengo poteotan zein ondo pasatu dugun kontuan hartuz gero!!

Liburu azoka Santurtzin.



Datorren astetik aurrera, ekainaren 18tik 27ra, Liburu azoka izango dugu Santurtziko Gernika parkean. Ekainean ia zeharo ezkutatu zaigun eguraldi onak lagunduko gaituelakoan, zenbait gauza gauzatu ahalko dugu gure euskara praktikatu eta hobetzeko. Zehazki bi ekintza izango ditugu gure hizkuntzan:
*Ekainaren 22an (asteartea) 11:00etan umeentzako ipuin kontalaria
*Ekainaren 24an (osteguna) 19:00etan Kirmen Uribe olerkari eta idazleak hitzaldia eskainiko du gune honetan.
Begi-bistakoa denez ekimen honek ume zein nagusien jakin-mina aseko du, hortaz, iragarritakoa zure gustukoa izan daitekeela uste baduzu parte hartu lituraturaren aldeko jai honetan.