santurtziko berbalagunok: 2010.06

2010/06/30

Uztaileko agenda sargoriarekin batera dator.

Hona hemen uztailerako daukaguna. Udako azken mezua izango dugu hau, hortaz, udan ere segi euskarari eragiten eta irailean berriro hasiko gara matraka ematen. Ahhhh eta Karmen jaietan parte hartu euskarazko ekintzetan!!!

2010/06/28

Berbalagunok artista hutsak zarete!!


Kurtsoko azken tailerra gauzatzeaz batera, berbalagunok barruan daroaten adierazi gabeko artista azalarazi zuten arratsalde batez. Santurtziko AEKn bildu eta mahai baten bueltan Saioaren azalpenak adi eta zintzo entzun zituzten Fieltro Tailerrean ikasi nahi zutena ondo mamitzeko. Arratsalde parte horretan gure eskuak uste baino iaioagoak zirela egiaztatu ahal izan genuen, eta berbalagun batzuen alabak bertaratu zirenez euskara denon hizkuntza dela erakutsi genuen.
Emaitza ezin hobea: 14 lagun euskaraz, berriketan, barrez, eskulanak eginez, gauza berriak ikasiz, ekintzetan parte hartuz, euskara klasetik eta etxetik ateraz. Pena bakarra da tailerretik kanpo sei pertsona inguru geratu izana. Izan ere, eta dagoeneko ohitura bihurtu den legez, gure ikastaroak lar arrakastatsuak dira eta ezin dute hainbeste jende jaso. Baina beharbada hurrengo urtean atzera ere egingo dugu. Bitartean gozatu bertan ateratako argazkiekin (argazki gehiago hemen klikaturik)

2010/06/24

2010eko Eki Egunari buruzko kronika eta argazkiak.


Oroimenak dagoeneko huts egin digu eta ez dakigu Mamarigako Kultur Etxeak noiztik antolatzen duen Eki Eguna. Baina jakin badakigu Kulturrek 20 urte bete dituen honetan lan sakon eta gogotsua egin duela euskara eta euskal kulturaren alde. Honen adierazle esanguratsua azken Eki Eguna izan zen. Bertan, ohi bezala Patxi Perezen erromeriak lotsatienak jarri zituen dantzan salbuespenik gabe.
Honen ostean Kultur Etxearen aldeko kalejira jendetsuak kolore eta erritmoa eman zizkien auzoko kaleei perkusio eta suak lagunduta. Benetan une hunkigarriak bizi izan ziren ekimen honekin!!!
Eta azkenik, gazteek sua eman zioten aurtengo pitxiritxiari ume, gazte eta nagusion gozamenerako. Perkusioa beti bezala ezinbesteko protagonista izan zen, eta Kultur Etxeak ederto erakutsi zuen urte hauetan guztietan egindako lanak uzta bikaina eman duela. Argazki guztiak ikusteko klikatu honen gainean.

2010/06/21

Pirritx, Porrotx eta MariMotots Kabiezesen izango dira

Berriro ere Pirritx, Porrotx eta MariMotots Kabiezesera etorriko dira KAKULen (Kabiezesko Jai Batzordea) eskutik. Emanaldia ekainaren 24an (osteguna) izango da 19:00etan Kabiezesko plazan. Jendetza espero denez antolatzaileen gomendioei jaramon egitea eskatzen da: haurrentzako ikuskizuna den heinean helduek ez dute umeen aurretik egon beharrik, ahal dela umeak bakarrik egon ikuskizunak iraun bitartean, eta bereziki jarraibideak bete.

Kabiezes auzoko jaiak kolorez margotuko dizkigute, eta jakina, kantatu, dantzatu eta salto egingo dugu beren abesti zoragarriak entzunez. Hitzordua dugu euskararan alde!!

Bertso bazkariaren kronika eta argazkiak.


Ikasturte honek ganorazko agurra behar zuen, eta oraindik ere triki poteoa geratzen bazaigu ere, ezin uka larunbateko bertso bazkaria ikaragarrizkoa izan zenik!! AEK eta Bai Esanek antolaturiko ekimen honi Peru Vidal, Beñat Vidal eta Joanes Igeregi bertsolariek ukitu berezi eta xarmanta eman zioten. Haiei esker barre algara ederrean jardun genuen bertaratu ginen 56 lagunok.
Bazkaria primerakoa, bertsoak zirikatzaile eta dibertigarriak, giroa paregabea... Zinez pozik ibili ginen bertsoak aditu bitartean. Gainera, ez ziren gutxi izan goizeko ordu txikiak arte Bertso Bazkaria luzatu gura izan zutenak. Larunbat arratsalde eta gauean Mamariga euskaldun bilakatu genuen une batez!! Datorren urtean ere matraka ederra emateko moduan gaude. Argazki guztiak ikusteko klikatu honen gainean.

2010/06/17

Euskara ikasi nahi duzu Udan?

Udan herriko bi euskaltegietan euskaraz ikasi edo sakontzeko aukera izango dugu. Hona hemen zehaztapenak:
*AEK: Uztailean 5tik 30era trinkoak. Ordutegia: 09:00-14:00. 100 eskola ordu eta 157 euro dira. Izena emateko azken eguna ekainaren 30a. Email: santurtzi@aek.org. Tfna: 94 493 80 71.
Eta irailean HABEren azterketak prestatzeko ikastaroak 2tik 30era. Ordutegiak: 09:00-13:00(88 ordu eta 132 euro) eta 16:00-19:00 (66 ordu eta 99 euro). Izena emateko azken eguna ekainaren 30a. Email: santurtzi@aek.org. Tfna: 94 493 80 71.
Udan ere AEKrekin barnetegiak (barnetegi arruntak, ibiltariak oinez eta bizikletaz, familia edo jarduera barnetegiak...) egiteko aukera dago. Interesaturik bazeunde jo Santurtziko AEKra
*Udal Euskaltegia: HABEren azterketak prestatzeko ikastaroak uztailaren 1etik 29ra eta irailaren 1etik 28ra. Ordutegia: 08:30-13:00 (87,2 euro).Izena emateko azken eguna ekainaren 23a (uztailerako) eta uztailaren 9a (irailerako). Email: admin@santurtzi.eus. Tfna: 94 944 61 02 15
Eta Mintzamena lantzeko ikastaroa uztailaren 1etik 29ra edo irailaren 1etik 28ra. Ordutegia: 10:00-12:00 (43,6 euro). Izena emateko azken eguna ekainaren 23a uztailerako edo uztailaren 9a irailerako. Email: admin@santurtzi.eus. Tfna: 94 461 02 15

2010/06/16

Triki poteoa Txitxarran: euskaraz barra-barra!!

Kurtsoa bukatzear dela ikusirik, AEK-ko lagunek Triki Poteoa antolatu dute ekainaren 25ean (ostirala) 20:00etan Txitxarrako Lagun Etxetik abiatuta. Argi dagoenez berbalagunok eta herriko euskaltzale guztiok gonbidaturik gaude, eta euskara kalera atera behar dugula uste dugunez ederra litzateke bertan ahalik eta euskaldun gehien biltzea.

Giro jator, atsegin eta dibertigarria ziurtaturik izango dela ziurtatu didate. Antza denez, batek baino gehiagok irrikaz begiratzen dio ekaineko sasoi honi euskararen alde poteoren bat antolatzen dela dakielako, eta denon nahiak betetzen ahalegindu behar!!! Ez gara gu izango poteo bati ezetz esango diogunak. Honenbestez, berbalagunok pozik eta gogotsu parte hartuko dugu triki poteo honetan. Areago lehengo poteotan zein ondo pasatu dugun kontuan hartuz gero!!

Liburu azoka Santurtzin.



Datorren astetik aurrera, ekainaren 18tik 27ra, Liburu azoka izango dugu Santurtziko Gernika parkean. Ekainean ia zeharo ezkutatu zaigun eguraldi onak lagunduko gaituelakoan, zenbait gauza gauzatu ahalko dugu gure euskara praktikatu eta hobetzeko. Zehazki bi ekintza izango ditugu gure hizkuntzan:
*Ekainaren 22an (asteartea) 11:00etan umeentzako ipuin kontalaria
*Ekainaren 24an (osteguna) 19:00etan Kirmen Uribe olerkari eta idazleak hitzaldia eskainiko du gune honetan.
Begi-bistakoa denez ekimen honek ume zein nagusien jakin-mina aseko du, hortaz, iragarritakoa zure gustukoa izan daitekeela uste baduzu parte hartu lituraturaren aldeko jai honetan.

2010/06/14

Fieltro tailerra egiteko prest?


Esku lanak egitea gustatzen zaizue?? Berbalagunok poteo gehiegi egiten dugula uste duzue?? Orain aukera aparta izango duzue zuen trebetasuna proban jartzeko. Izan ere, Fieltro Tailerraren bidez lepokoak, belarritakoak, panpinak, pinak... Nahi duzuena egin dezakezue material hau erabiliz!!. Dena den, ez larritu honelakorik inoiz egin ez baduzue, dinamizatzaileok nahiko traketsak baikara!!.
Noiz: ekainak 24 osteguna 19:30ean
Non: AEK euskaltegian
Parte hartu nahi baduzue bidali email bat urtarrilaren 22a baino lehen, edota deitu zenbaki honetara: 94 493 80 71. Materiala ordaintzeko bina euro jarri behar dugu, ondo pasatzeko prest??

Eki Eguna Mamarigan Kultur Etxearen XX, urteurrenean.


Ekainaren hondarretan bada berezi samarra den egun bat. Bere izaera eta ezaugarriengatik bereiz daitekeen ospakizun magiko bat: Eki Eguna ekainaren 23an, asteazkena. Mamarigako Kultur Etxeak urte luzez seinalatu digu egun hau gure egutegietan, eta dagoeneko, alboratu ezineko jaia dugu.
*Aurten ere 19:30ean Patxi Perez eta Konpainia taldearen erromeria edukiko dugu Mamarigako frontoian. Bitartean kulturlagunek parrillan egindako txorizo eta saiheskiak banatuko dituzte.
*21:30ean Kultur Etxearen aldeko kalejira aldarrikatzailea abiatuko da frontoiko plazatik auzoan zehar. Ondoren Santurtziko gazte mugimendukoek pitxiritxia erreko dute sua piztearekin batera.
Umeak, gazteak, nagusiak.. Denok izango dugu tokia 20. urteurrena ospatzen ari den Kultur Etxearen jai honetan. Hortaz, anima zaitezte eta parte har ezazue!!. Informazio gehiago hemen.

Doraemon eta Zazpi Aztiak.

Santurtziko ume eta gurasoek elkarrekin gozatu ahalko dute Udal Liburtegi Sareak ekainaren 18an (ostirala) eskainiko duen filmarekin 18:00etan Las Viñas liburutegian: Doraemon eta Zazpi Aztiak. Katu kosmiko honen balentria berriak denok gozatzeko modukoak izango dira.

2010/06/11

Kurtso bukaerako Bertso Bazkaria!!!

Urtero bezala ekainak uda etortzear dela ez ezik Bertso Bazkaria ere badugula gogorarazten digu. Eta zentzuzkoa denez, Santurtziko berbalagun eta euskaltzaleok ezin diogu tamaina horretako proposamen bati muzin egin. Hau dela eta, denok AEK euskaltegiak eta Bai Esan euskara elkarteak antolaturiko jaitxo honi baiezko borobila emango diogu, eta ekainaren 19an 14:30ean Mamarigako Itsasoko Ama eskolan Bertso Bazkari mundial honetan parte hartzeko prest egongo gara. 18 euro balioko du eta hau da menua (lehen/bigarren platera, postrea eta edaria):
Lehen platera: Paella otarrainxkekin edo pasta hegaluze eta barazkiekin
Bigarren platera: Solomoa piperrekin edo legatza
Izena emateko azken eguna ekainaren 18a izango da (bidali email bat edo pasatu AEKtik) eta zer menu hartuko dugun zehaztu behar da. Bertsolariak zein diren oraingoz ezin dizuegu esan konfirmatzeke baitago, baina egon egongo dira. Euskaraz gurekin gozatzeko prest??

2010/06/07

Bereterretxeren kanthoria berbalagunokin

Berbalagunok Udal Euskaltegiaren laguntzaz aho narrazio bikaina izango dugu Begoña Gomez Kandelen Argipean taldeko ipuin kontalariarekin: Bereterretxeren Kanthoria ekainaren 17an (osteguna) 20:00etan Kresalan.
Antzinako garaietara eramango gaituen kantu honek guk uste baino sekretu gehiago eskainiko digu. Askoren ustez abesti lasaigarri eta patxadatsua denak istorio sakon eta misteriotsuak gordetzen ditu bere baitan: gezurrak, traizioak, hilketak... Hona hemen hau laburbiltzen duen bideotxoa. Euskal ohitura zahar eta liluragarri honetan murgiltzeko prest?

Arrasateko Mintza Eguna itzela izan zen!


Ikaragarri ondo igaro zen berbalagunok urtero ospatzen dugun Mintza Eguna. Goizean goiz Arrasateko mintzalagunek harrera beroa egin ziguten era guztietako jaki zein edariak probatzera gonbidatuz. Artean jende asko falta zen arren, lehen tortillen usaina bereganaturik jende andana hasi zen plazara hurbiltzen, eta era honetan, Euskal Herriko txoko guztietako ehunka berbalagun batu ginen geure mingainak askatzeko prest. Honetarako, Topaguneak atondu zuen egitaraua hagitz aproposa izan zen: harrera, Arrasateko bisita gidatua, triki/kantu poteoa, herri bazkaria (300 lagun!), erromeria...
Gure eskualdetik 17 pertsona animatu ginen, eta egiaz ederra izan zen Getxo, Donostia, Gernika.. eta zenbait tokitako berbalagunekin berba egitea. Gainera, une ederrak izan ziren bazkariaren ostean sari banaketa burutu zenean. Izan ere, gure mintzakide nekaezinak Juanan eta Mikel omendu zituzten oso modu hunkigarrian. Argazki guztiak ikusteko klikatu hemen.

2010/06/03

Loiolako Hegiak liburuaren aurkezpena.

Datorren asteko asteartean, ekainak 15 19:30ean, hitzordu interesgarria izango dugu Mamarigako Kultur Etxean. Bertan Imanol Murua izango da bere azken liburua Loiolako Hegiak aurkezten Kultur Etxeak bere XX. urteurrenaren baitan kokatu duen ekitaldian.
Erakargarri samarra da gaur egun dugun egoera korapilatsuan, iraganeko irakaspenetatik zerbait ikastea. Hauxe aurkituko dugu hitzaldian:
2004 urtean bakerako akordio baten bila Batasuna, EAJ eta PSEren ordezkariak biltzen hasi ziren Loiolako Arrupe etxean. Esperantza handia zegoen han jarrita, baina porrota etorri zen handik gutxira.“Zer gertatu zen Loiolan?” galderari erantzuten saiatu da Imanol Uria. Jesus Egiguren, Arnaldo Otegi eta Iñigo Urkullu politikariekin jardun eta elkarrizketa horietatik abiatu da Loiolakoen nondik norakoak eta porrotaren arrazoiak eraikitzeko saioa, eta hori da Loiolako Hegiak liburura ekarri diguna.

Gai honek denon interesa merezi du ezta? Azken baten gure herriaren egoera konpontzeko iraganeko jazoerak aztertu behar dira.

2010/06/01

Kultur Egunaren kronika. XX. urteurren paregabea!


20. urteurren ederra ospatu zuten Mamarigako Kultur Etxekoek. Ikustekoa zenbat jende hurbildu zen egun osoko egitarauan programatuta zeuden ekintzetara. Goizean lagun ugari ibili ziren ikastaroen erakustaldiak miresten eta parte hartzen, baita galdezka ere hurrengo ikasturtean parte hartzeko xedez. Sexualitate, txalaparta, malabare, perkusio, puntu gurutze… Pandero eta ipuin kontaketa tailerrekoek poteoa alaitu zuten. Umeek, beren aldetik, puzgarrian izan zuten ondo pasatzeko hitzordua.
Bazkaria ere ez zen atzean gelditu eta 140 lagunek bapo bazkaldu baitzuten giro euskaldun eta alaian. Cotton Club animazio taldeak bere ukitu jazzeroa eman zien Mamarigako kale jendetsuei. Izan ere, Mamarigako jaiak zirela zirudien hainbeste lagun zegoen eta. Eta azkenik, kontzertuko Norte Apache, Sexty Sexers eta Hora Zuluk gogorarazi ziguten zer aberasgarria den Kultur Etxea bezalako gune bat izatea. 20 urte euskal kultura sustatzen, eta beste hainbeste izan daitezela! Gure argazkiak ikusteko klikatu honen gainean, eta argazki guztiak hemen.