santurtziko berbalagunok: 2008.04

2008/04/29

Maiatzeko euskararen agenda

iritzia: 
Hau bizitasuna Santurtzin dagoena euskararen inguruan!! Lehen begiratu azkar batean edonork esango luke daukagun kultur eskaintzagatik, herri hau erabat euskalduna dela. Errealitate gozo hau urruntxo daukagu oraingoz, baina zergatik ez amets egin euskal eragileek antolatzen dituzten emaldiekin??. Hemen duzue agenda

2008/04/28

Vietnam eta Kanputxea bizikletaz

iritzia: 

Honezkero jakingo duzuenez, Portugaleteko Xaribari AEK euskaltegian hitzaldi bat antolatu dugu. Gaia ohi baino xelebreagoa izango da, izan ere, bidaia kronika bat helaraziko digute nola eta bizikletaz egindakoa Vietnam eta Kanputxean zehar!!

Pentsa ezazue une baten zer nolako bizipen eta kontakizunak jazoko ziren bidaia hartan, eta hauexek entzuteko/ikusteko prest bazaudete hitzordu paregabea duzue apirilaren 29an arratsaldeko 20:00etan Xaribarin.

Ez zaitezte alferrak izan eta hurbildu euskaltegira, izugarri gozatuko duzue eta. Portugaleten ere euskaraz!!

Pou anaiekin egon bitartean!!

iritzia: 
Hona hemen Pou anaiek eman zuten hitzaldian ataretako bi argazki!! Eskalatzaile mundial hauek eskaini zizkiguten irudiak ederrak izateaz gain, zirrara berezi bat sentiarazi ziguten, ikaragarrizko trebezia erakusten dute haien proiektuetan!! Baina hitzaldiak ematen ere ez dira makalak, eta hain atseginak izanda ordu eta erdiko saioa ziztu bizian igaro zen. Izan ere, haiei ere denbora azkar baino azkarrago pasatu zitzaien, zer izango ote du eskaladak??

Gozatu argazkiak!!


2008/04/23

Bai Esan irakurle kanpaina bultzatzen ari da!

iritzia: 

Denoi gustatzen zaigu irakurtzea. Edo behintzat, hori esaten dugu gai honen inguruan galdetzen digutenean..
Baina egia esanda, denbora eza edo gogo eza direla kausa, nahi baino gutxiago irakurri ohi dugu eta euskaraz are gutxiago. Oraingoan berriz, aitzakiak bukatuko zaizkigu eta BAI ESAN euskara taldeari esker irakurtzeko irrikan egongo gara.

Adi:
Irakurle kanpaina abian jarri dute Santurtziko Liburutegian. Zertan datza?: Ehun bat liburu egongo dira eskura nahi duenarentzat. Maileguan 15 egun gehienez eduki ostean, fitxa bat bete beharko da galdera erraz batzuei erantzunez (gustatu zaigun, inori gomendatuko geniokeen).
Hauxe egindakoan deskontu txartel bat emango diote liburutegian bertan, eta txartelaren bitartez beste edozein liburu (euskaraz idatzitakoa jakina) erosi ahalko dugu %25eko beherapenarekin Temas liburudendan (Pagazaurtundua kalean, Txitxarran) edo BegoƱa liburudendan (Mamariga kalean).

Baina Bai Esan taldeko partaide izanez gero, deskontua %50ekoa izango da, hortaz badakigu zer egin! Has gaitezen irakurtzen!!. Klikatu hemen xehetasun gehiago jasotzeko.

2008/04/22

Pou anaiak Santurtzin!!

iritzia: 


Pou anaiak ezagunak dira gauzatu dituzten balentriengatik, helarazi dizkiguten irudi zoragarriengatik. Denok zur eta lur utzi gaituzte hainbat urtetan hautsi eta birrindu dituzten markei esker, eta gainera, mendizale edota eskaladazalea bazara, ezin duzu aukera paregabe hau galdu!!

Ostiral honetan, apirilak 25, eta AEK-k antolaturik, Kresala aretoan izango ditugu ZAZPI PARETA, ZAZPI KONTINENTE ikus-entzunezko hitzaldia ezkaintzeko prest. Arratsaldeko 20:00etan izango da eta eskuetan zabaltzen bide den magnesio hori usaintzen hasita nago!!

Hortaz, euskaraz bizi nahi baduzue, erdarak jartzen dizkigun hormak ere gainditu beharko ditugu!!

Haurrentzako txotxongiloak eta berbena

iritzia: 


San Jorge jaien harira, haurrek beste aukera bat izango dute etxetik kanpo atera eta euskaraz gozatzeko. Udaletxeak atonduriko egitarauan bi ospakizun hauek nabarmendu ditugu:

-ANE MONNA, OSKOLA ETA KARRAMARROI musika eta antzerkia txotxongiloek lagundurik. Apirilak 25 ostirala, J.J. Mendizabal plazan arratsaldeko 19:00etan.
-KUKO, TRUKO ETA BOLENWAIDER haurrentzako berbena. Apirilak 26 larunbata, J.J. Mendizabal plazan arratsaldeko 19:00etan.

Hauek dira San Jorge jaiek umeei emango dien azken oparitxoa, eta jakina, aprobetxatu beharra dago.

2008/04/21

Mamarigako Kultur Etxea lanez lepo!!

iritzia: 


Euskalgintza indartsu dabil aspaldidanik Santurtzin, bereziki Mamariga aldean. Bertan KULTUR ETXEAK ikastaro ugari antolatzen du autogestioa irizpidetzat hartuz eta horietako asko euskaraz dira!!

Asteazkenero 20:00etatik 21:00etara BERTSOLARITZA IKASTAROA
Asteazkenero 20:30etik 21:30era TXALAPARTA IKASTAROA
Ostiralero 17:00etatik 18:30era DJEMBE IKASTAROA
Hilean behin larunbatetan SEXUALITATE IKASTAROA goizeko 10:00etatik aurrera.

Kultur Etxeak jada 18 urte bete ditu baina hasieran bezain gazte eta adoretsu dabil. Segi dezala honela euskal kulturaren alde!!

2008/04/18

Antton Irusta eta gu

iritzia: 

Atzo Bai Esan taldeari esker Antton Irusta ikusten egon ginen. Anttonekin gozatzen eta ipuinak irudikatzen ibili ginen. Areago, Anttonek bere ipuinen parte sentiarazi gintuen, kresala aretoan bildu ginen guztiok protagonista eta ipuin bihurtu baikintuen. Modu xarmangarrian, denok zerbait dugula kontatzeko erakutsi zigun. Eta honez gain, ostegun bukaera ederra eskaini zigun berarekin egotearen truke.

Emanaldi bikaina, sentibera eta samurtasunez betetakoa. Hau gutxi balitz, 3. mailako azterketaren atarian dauden ikasleei aditz eta sinonimoekin birpasa galanta egiten lagundu zien.

Berriro ere, euskarak gure herrian merezi duen begirunea eduki dezan, eskerrik asko BAI ESAN ekimenari egiten duen lanarengatik.

Euskara izpiak

iritzia: 
Argi dago jende askorentzat euskara ikastea gogo kontua dela, eta seguruenik, hainbat unetan nekagarri suerta daiteke prozesu luzea dela pentsatzen baitugu, edo ezinezkotzat jotzen baitugu.

Bada, inondik inora ez!! Ekimen berri honekin EUSKARA IZPIAK, hilero euskaldun berri bat elkarrizketatuko dugu euskararekiko zer nolako harremana duen jakite aldera. Oraingoan Eduardo Ruiz santurtziarraren txanda izan da eta elkarrizketan ikusiko duzue berak zer sentitzen duen gure hizkuntzagatik. Elkarrizketa ikusi nahi izanez gero:



Halaber, EUSKARA IZPIAK atal honetan euskalgintzan murgilduta dauden eragileekin ere hitz egingo dugu haien lana eta konpromisoa ezagutarazteko, baina hau aurrerago egingo dugu.

2008/04/16

Santurtziko euskararen agenda

iritzia: 
Hil honetan jada gauzatu diren ekimenak edota heltzear daudenak ikusi nahi badituzue,hemen duzue:



Gauza nahikotxo ezta? Nork esan zuen Santurtzi guztiz erdalduna zela?. Urteak dira euskalgintzari loturiko taldeek lan eskerga egiten dutela (Bai Esan, AEK, Mamarigako Kultur Etxea, EHE...), eta honi esker agenda hau aurkeztu dezakegu!!

Beherago aste honetako ekitaldiak ikusgai dituzue!!

2008/04/15

Bertso Bazkaria La Kelo Gaztetxean

iritzia: 




La Kelo Gaztetxea dagoeneko IX. Urteurrena ospatzen dabil eta ekitaldiz jositako egitarau aparta osatu du. Ildo honetan, euskarari tarte handia eskaini diote eta bertso bazkari aparta antolatu dute apirilaren 19rako (larunbata) eguerdiko 14:30ean.

Bertsolariak Ander Lizarralde eta Arkaitz Oiartzabal dira eta bertara hurreratu gura izanez gero, eman ezazue izena La Kelon edo idatzi helbide honetara.

Parte har ezazue!!

Karramarro Uhartea filma

iritzia: 

Igande honetan 17:00etan SKA aretoak KARRAMARRO UHARTEA filma eskainiko die etxeko txikienei. Hilabetek dira jada SKA aretoan honelako emanaldiak antolatzen dabiltzala, eta umeentzako luzemetraia honek amaiera emango die oraingoz emanaldi hauei.


Cain itsasontzian denek dakite kantuan, Dimitri kapitainak salbu. Tripulazioak altxor bila, esklaboekin trafikatzen dutenei aurre egiten eta festak antolatzen pasatzen ditu egunak. Halako batean, Karramarro Uhartean gorderik dagoen altxor izugarri batera eramango duen loro magiko bat aurkituko du Dimitrik. Bidaia horretan Loreley neska-pirata gazte politak lagunduko dio, esklaboen trafikatzaileen hatzaparretatik Dimitrik askatu ostean

Haurrentzako berbenak San Jorge jaietan

iritzia: 

Asteburu honetan UMEEK abagune ezin hobea dute euskaraz gozatzeko. San Jorge jaien harira, egunero edukiko dute dantzan zoratzeko aukera!!

Hiru emanaldi daude antolatuta Udaletxearen partetik J.J. Mendizabal Enparantzan arratsaldeko 19:00etan:
Apirilak 18, ostirala Poco-Pico
Apirilak 19, larunbata Poxpolo, Mokolo eta Konpainia
Apirilak 20, igandea Txorromorro.

Eskolaz gain haurrek ere beharrezko dute euskaraz bizitzea ahalik eta esparru gehienetan. Hortaz, lotu euskarari gure txikiek ere ondo baino hobeto goza dezaten.

EHEren hitzaldia Portugaleten

iritzia: 



Portugaleteko Euskal Herrian Euskaraz taldeak hitzaldi bat antolatu du Portugaleteko Xaribari AEKn apirilaren 15ean arratsaldeko 20:00etan..

Azken boladan gure hizkuntza sustatzeko jarduera oro oztopatua izan da Portugalete herrian, hainbat zentsura eta eragozpen jasan behar izan delarik. Hau dela kausa, EHEk dei egin nahi die hitzaldi honetara euskararen alde aritzen direnei.

Anima zaitezte!

2008/04/14

Antton Irusta ipuin kontalaria

iritzia: 


Ostegun honetan, apirilak 17, BAI ESAN taldeak Antton Irusta ipuin kontalariaren ikuskizuna antolatu du. Kresala aretoan izango da 20:00etan.

Ohi bezala santurtziarrok euskaraz gozatzeko parada berri bat izango dugu, oraingoan ipun kontalari zoragarri honi esker. Antton Irustaren ibilbidea oparo bezain joria da, eta bere narrazioetan euskal mundu ikuskera txertatzen saiatzen da gure hizkuntzaren ezinbestekotasuna aldarrikatuz. Informazio gehiago nahi baduzue klikatu hemen

Hortaz, ostegun honetan euskaltzale guztiok han izango gara euskaraz gozatu zein bizitzeko prest!!

2008/04/10

Umeentzako zinema

iritzia: 
Igande honetan, apirilak 13, SKA aretoan umeentzako pelikulen emanaldiak segida edukiko du. Aste honetako filma PEREZ GURE SAGUTXO HORI izango da arratsaldeko 17:00etan.



Hona hemen sinopsia: "Lucia auzo lasai batean bizi da bere guraso Santiago eta Pilarrekin. Santiago oraindik osperik lortu ez duen sukaldaria da eta Pilar bere alabaz asko arduratzeko denborarik ez duen arkitektoa da.

Lucia beti abentura bila doan neska urduria da. Lehenengo hortza jausten zaionean, Perez sagutxoak ez dio dirurik utzi eta Lucia arduratu egiten da sagutxoari zerbait gertatu zaiola pentsatuz. Urduri Luciak bere aitari bere susmoak kontatzen dizkio baina honek ez dio arretarik jartzen. Horrela, bere lehengusu Ramiroekin, Perez sagutxoaren bila joatea erabakitzen dute."


Beraz, zuen seme-alabak euskaraz bizi daitezen nahi baduzue, beste aukera bat duzue!!

2008/04/09

Hizkuntza Eskubideen Eguneko argazkiak

iritzia: 
Hona hemen gure Asierrek bidalitako argazki batzuk, kalitatea aparta da. Alde honetatik igartzen da gure laguna honetan maisua dela.. Orain ikusgai dauzkazue eta espero dezagun inor ez lotsatzea..



Hemen ageri denez, plaza jendez lepo egon zen eta manifestazioaren bukaerari egin zuen eguraldi zoragarria gehituz gero...

Dantzariek ere euren aletxoa jarri zuten ospakizun hau ganoraz burutu zedin, eta emaitza ezin ikusgarriagoa..

Azkenik eta hara joan zirenei omenaldi txikia egiteko xedez, osatu genuen taldetxoaren argazkia duzue!! Hau jendearen emaria!!

2008/04/07

Atarrabian izan ostean

iritzia: 


Atzo euskaltzale saldoa bildu zen jai giroan Atarrabian, helburua: euskararen ofizialtasuna aldarrikatzea eta honelakoetan gertatu ohi den bezala festa uste baino gehiago luzatu zen. Baten batek buruko min arina izango du, baina ezin esan merezi izan ez zuenik!!.

Gure partetik santurtziar batzuok gure herriko ordezkaritza xumea eraman genuen Atarrabiara, eta Ezkerraldeko sena gure baitan daramagunez nahiko argi geratu zen han egon ginela…

EUSKAL HERRIA EUSKALDUNA!

2008/04/04

Txan Magoaren ekitaldia jendez lepo!!

iritzia: 

Kaixo lagunok!!

Atzo Bai Esan euskararen aldeko elkarteak antolatu zuen Txan Magoaren emanaldia arrakastatsua izan zen oso. Honen erakusle da Kresala aretoan bildu zen jendetza eta umeek zein helduek hartutako gozamena!!

Euskara inoiz baino biziago dago gure herrian, eta honengatik guztiagatik, eskerrik asko Bai Esan eta gainerako taldeetan dabilen jendeari egiten duten lan itzelagatik!!

2008/04/02

Hizkuntz eskubideen eguna

iritzia: 
Kaixo euskaltzaleok!!
Portugaleteko EHEtik ondorengo gonbita hau jaso dugu:
Igande honetan (apirilak 6) Hizkuntza Eskubideen Eguna 2008 (HEE) ospatuko da Atarrabian “Urratsez-urrats Euskal Herri euskalduna eraiki” lelopean. Portuko EHE-k deia luzatu nahi dizue Atarrabian prestatu den egunera hurbil zaitezten, bertan, hizkuntza eskubideen aldeko konpromisoa erakusteko eta nola ez, egun ederra pasatzeko.

Anima zaitezte eta informazio gehiago nahi izanez gero, Xaribari (944938284), Santurtziko AEKn (944938071) galdetzea duzue bertan autobusa ateratzeko zerrendak baitaude edo idatzi helbide honetara: iker-s@aek.org




Hona hemen prestaturiko egitaraua:

13:00
MANIFESTAZIOA
“Urratsez urrats, Euskal Herri euskalduna eraiki!” lelopean
Udal plazatik

13:30
EKITALDI NAGUSIA
Udal plazan

14 :30
BAZKARI HERRIKOIA
Udal plazan. 500 lagunentzat. Aurretik bazkarian geratzeko asmorik izanez gero, guri lehenbailehen jakinarazi eta txartelak gordeko genizkizueke.

16:00-19:00
PUZGARRIAK eta JOKOAK Riberd Parkean
Gas taldearen emanaldia

17:00
DANTZALDIA Udal plazan TXIMELETArekin dantzaldia ETA HESIANekin kontzertua

Herri bazkarian parte hartu nahi izanez gero komentaguzue aurretik apuntatzeko

2008/04/01

Txan magoa Santurtzin

iritzia: 
Kaixo lagunok, euskaraz burutuko den hurrengo ekintza hauxe da:

Txan Magoaren emanaldia Kresala aretoan (Udal Euskaltegiaren ondoan) arratsaldeko 19:00etan, apirilak 3 osteguna





Antolatzailea: Bai Esan informazio gehiago nahi izanez gero klikatu hemen: baiesan

Beraz, animatu zaitezte eta parte hartu euskaraz burutzen diren ekintzetan