santurtziko berbalagunok: 2009.03

2009/03/26

Korrika gaua Santurtzin, Korrika badator apirilaren 4an 05:15ean!!





Heltzear da horrenbesteko lanek eman behar duten fruitua, hainbeste kartel, bilera, antzerki, hitzaldik balioko dute gure herrian egun eta gau batez euskara nagusi izan dadin. Korrikari ganorazko harrera egingo diogu eta honetarako Santurtziko Txosna Batzordearen lana miresgarri eta ezinbestekoa izan da. Hauxe da apirilaren 3an (ostirala) izango dugun Korrika Jaia arratsaldeko 21:30etik aurrera Santurtziko Kaian:

Gatu Malu folk taldea, Kantabriatik
La Bandina folk taldea Asturiesetik
Maitips reggae-ska Kataluniatik
Esne Beltza taldea Euskal Herritik

Lau herri, lau hizkuntza. Lau errealitate ispilu berberean. Gau batez hizkuntza gutxituak protagonista izango dira, eta nagusiki euskara. Aukera ezin hobea KORRIKAren zain egoteko, izan ere, gogoratu larunbata hasi berritan apirilaren 4an goizaldeko 05:15ean sartuko dela Buenavistatik Santurtzi osoa zeharkatzeko. Bertan egongo zarete ezta? Parranda egin ostean, garbitu barrenak eta ekin korrika egiteari ekimen honen antolatzailea den AEK-k bihotzez eskertuko dizue!!

Gasteizko Korrika jaira joateko busa!!

Euskaraz bizi, sentitu, maitatu, hunkitu, amestu… hau guztia posible izango bada denon atxikimendu eta babesa ezinbestekoak izango dira. Korrika euskararen alde, gure hizkuntzak aitorpena arinago jaso dezan, korrika herriaren alde sustraiak gal ez ditzan, korrika denon alde elkartzen gaituenari eutsi diezaiogun… eta bitartean korrika gure herrietatik igaroko da. Baina logikoa denez, bukaera bat izango du esandako guztia irudikatu eta egia bihurtzeko apurka-apurka.

Horregatik ideia ona litzateke Gasteizera joatea, nora eta Korrika bukaerako jaira apirilaren 5ean (igandea). Ezkerraldetik busak (9 euro) aterako dira goizeko 10ak aldera Santurtziko parketik Gasteizko jai erraldoiaz gozatzeko xedez. Kontzertuak, ekitaldiak, txosnak, antzezlanak, herri bazkaria, kirolak, JAIA!!. Beraz, berbalagun eta euskaltzaleok anima zaitezte eta eman izena email bat idatziz!! Ez pentsatu bitan euskarak behar baikaitu!! Izena emateko epea apirilaren 2an (osteguna) amaituko da. Komentatu zuen taldeetan!

Korrika Txikia Santurtzin!!

Poliki-poliki nabari da Korrika giroa nagusitzen ari dela Santurtziko bazter guztietan. Helduok kamisetak, pinak, karpetak edota kartelak erakusten ditugu harro baino harroago, eta jakina denez, Santurtziko umeak ez dira gutxiago izango!! Haiek ere euskara barru-barruan daramate eta ozen aldarrikatuko dute gure herriko kaleetan. Nola?? Bada modurik onena erabiliz!! Apirilaren 3an Santurtziko Eskolek jai giroa emango diote Santurtziri AEKrekin batera.

Korrika Txikia egingo da goizeko 10:00etan hasita. Bi zutabetan banatuta (Mamariga eta Kabiezes) Santurtziko parkeraino hurbilduko dira bertan jaiari jarraipena emateko euskal karaokean parte hartuz. Haurrek ere Korrika zer den ezin hobeto dakitelako, baita nola ospatu ere: KORRIKA!

Euskararen agenda. Bizi euskaraz!!

Apirileko hila bere-bero datorkigu, berehala Korrikak Santurtziko atea joko du euskararekiko dugun konpromisoa zabaltzeko. Horretaz gain eta bereziki aste santuko oporretatik bueltan gauza ugari izango dugu: La Kelo gaztetxearen X. urteurrena, San Jorge jaiak, Bai Esan eta Euskara Sailaren ekintzak... Ikusi, gozatu eta ekin euskarari!! Hona hemen agenda.

2009/03/23

Mendi txangoari buruzko kronika.



Kronika Josi berbalagunak idatzi du, argazkiak ikusteko klikatu hemen. Orain irakurri Josik egindakoa, mila esker atzo bildu ginen 25 (gehi Sua 26) berbalagunoi!!:

Martxoaren 22an, udaberria heldu berria, burutu zen Seranteserako irteera hau, Abrako estuarioaren gainealdean, Nerbioi ibaiaren bokalean, 454 metro altuerako goititzen den mendia. Bere xumetasunean, inguruko mendiekin konparatuz, sorpresa asko eta panorama bikaina eskaintzen dizkigu Santurtzin gelditzen zaigun espazio natural bakar honek.

Goizeko hamar eta erdiak aldera, santurtziar ez ezik, Sestaotik, Barakaldotik eta, are urrunago, Castro Urdiales-etik etorrita ere, hogeita bost Berbalagun bildu ginen Santurtziko tren geltokian (barkatu, hogeita sei, Sua zenbatuz gero). Santurtzi behetik gora zeharkatu eta Kabiezes auzotik ekin genion mendirako bideari, Kuetos eta nagusien egoitzaren alboko aldapatik, gutxinaka Gotorlekura helduz. 1898ko Kubako Gerra zela eta, estatu batuetarren inbasio baten beldurrez altxatu ziren Serantesen dauden eraikin militar batzuk. Estatu batuetarrak ez ziren etorri garai hortan, baina egun, dirudienez, batzuei Marinetara edo Cow boyetara jolastea gustatzen zaie, zeren eta Gotorleku osoa “paint-ball” balez josita baitzegoen, tamalez nahiko zikin dagoen lekua gero eta zikinago utziz.

Hortik, txangoaren aldapa zailenetakoetatik tontorreraino igo, edonondik ikusgai den Dorrera, eta behin gailurrean ikuspegi zabal horretatik aurkitu ahal genituen hainbat toki, auzo, ... Ezkorrak jarriz gero, egitura suntsitzaile andana baino ez genuen ikusten (Superpuerto, Supersur, Superpetronor, eta Superabar eta Superabar) Malenkoliak jota El Calero eta Las Vegas zeuden lekuetara seinalatzen genuen atzamarrarekin. Hala ere, begiak eta bihotza apur bat alaitzeko, inguruko mendiei (Ganeran, Eretza, Mugarra, Anboto, Oiz, Sollube, ...) eta kostaldeari (Castro, SantoƱa, Area hondartza, Getxo, Plentzia, ...) begiratu genien.

Ordu biak jo baino lehen, Koba nagusiaren ondoan bazkaldu genuen, eta behin ondo deskantsatuak, ipar-mendebaldera abiatu ginen, mendilerrotik Zierbenaraino jaisten. Aldapa auzo lasaia gurutzatu eta bide eroso batetik, gure eskuinean itsasoa, Luzero muturrara heldu ginen, 307 metrotan, eta Gerra Zibilean erabili ziren kanoiak, haien arteko galeriak, parapetoak eta soldaduen koartela ikusteko parada izan genuen. Itzultzeko, gandorraren hegoalderako ezkerreko bidetik ibili ginen, Somorrostroko haranaren ikuspegi polita gure eskuinean orain.

Berriro Aldapa auzora ailegatu, eta honetan bi taldetan banandu ginen, Santurtzira autobusez edo errepidetik oinez joango zirenak hurrengo batera arte agurtuz. Ez omen ginen larregi nekatu, hasi baikinen hurrengo irteera zein izango zen aztertzen. Anboto izango dela, Kolitza izango dela, animoak gora daude eta ziur asko errepikatuko direla horrelako txangorik. Ea baten bat gehiago euskaraz eta mendiaz gozatzeko animatzen zareten, merezi du eta.

Adarrots taldeaz ikaragarri gozatu genuen.

Aurreko asteazkenean Kresalara berataratu ginenok zorionekoak izan ginen, ordu batez Adarrots folk taldeak kontzertu bikaina eskaini baitzigun eserita egon ginenoi. Behin baino gehiagotan txalo zaparradek jendez gainezka zegoen aretoa lehertzear jarri zuten, gainera, aste honetan Gazteboxek abiarazi duen ekimen honek segida izango du Karramarroren emanaldiarekin. Adarrotsen argazkiak ikusteko klikatu hemen. Ia bada, goza ezazue Adarrotsen abesti paregabe honekin:

2009/03/18

Film laburrak Kresala aretoan.

Euskaltzaleok asteotan izaten ari garen euskal eskaintza itzela da!! Musikarekin bi aste zoragarri igaro ostean, Bai Esan euskara taldeak Film laburren zirkuitua ekarriko digu Santurtzira. Normalean laburmetraiak egiten dituzten zinemagileentzat ez da batere erraza sortutako lana plazaratzea, honen harira, ekimen honek Euskal Herriko zuzendari eta ekoizleen lana ezagutaraztea du helburu, eta bide batez euskaltzale eta berbalagunok arratsalde eder bat pasatzen badugu askoz hobe!!

Guztira hamar film izango dira ordubeteko saio batean, hortaz, ez pentsatu luze joko duenik, jada ez duzu aitzakiarik!! Zinemazalea bazara, martxoaren 26an (osteguna) 20:00etan Kresalan saihestu ezineko hitzordua duzu.

Hauexek dira filmak: Kabia, Lo bakarrik, Musika, Berde, Egiatik gezurrezko bizitzara, Poema baten irakurketa Euskal Herrian, P. D. Ondo ibili eta Bankuaren lapurreta.


Umeentzako ipuinak liburutegian.


Ostegun honetan ez utzi etxeko haurra telebistari begira egoten, zergatik? Bada, askoz gauza gehiago egiteko egoteaz gain, Udal Liburutegi Sareak Apika ipuin kontalari taldearekin batera, emanaldi bat antolatu duelako: Hau ustekabea…!
Hortaz, lozorretik atera, ipuinen mundu zoragarrian murgildu eta arratsalde ederra igarotzeko prest bazaudete, plan bikaina izango duzue 17:30ean liburutegi nagusian.

Gogoratu euskara ezin dela mugatu eskolako geletan egotera, kalera, herrira gure aisira atera behar dugu!! Bizi euskaraz!!

2009/03/17

Karramarro taldearen kontzertu itzela!!


Musika atsegin dugunok zortekoak gara martxo honetan, pasa den astean Adarrots taldearekin ezusteko bikaina hartu bagenuen, martxoaren 25ean ere beste kontzertu eder batez gozatzeko aukera izango dugu. Oraingoan Karramarro Folk taldea izango dugu Kresala aretoan arratsaldeko 20:00etan Gazteboxen eskutik.

Karramarro taldea hasiera batean kalejiretan aritzeko sortu bazen ere, pixkanaka eskuratzen ari ziren arrakaste dela kausa, eszenatokietara jauzi egitea erabaki zuten. Musikari hauek, gainera, ez dira eskarmentu gutxikoak; gazteak izanik ere kontzertu dezente eskaini dute Euskal Herrian zein kanpoan, honen adierazle Katalunian eta Irlanda egin dituzten birak ditugu. Euskal Herriko musika jorratzen dute kanpotik datozkigun eraginei muzin egin gabe, baina betiere euskal musika tresnak erabiliz: alboka, dultzaina, atabala… Hitz gehiegi dira ezta? Hobe entzuten baduzue:

2009/03/10

Serantes-kanoiak mendi txangoa!!



Poliki-poliki atertuko duela dirudi, azkenik noizean behin eguzki izpiek aldartea epeltzen digute horrenbeste egun euritsu eta goibel pairatu ostean. Seinale ona da gero!! Lehenengo printzekin batera mendira joatea aukera ezin hobea izan daitekeelako!! Eta berbalagunok, noski, ezin gara lozorroan geratu etxetik mugitu gabe. Honengatik eta gure mendizaletasunak atea gogor jotzen duelako, martxoaren 22an (igandea), Serantes-Kanoiak mendi txangoa burutuko dugu.
Santurtziko tren geltokian lotuko gara 10:30ean, gero Serantes mendia patxadaz igo ondoren, tontorrean eta inguruan dauden kobazulo esanguratsuenak miretsiko ditugu, baita ikuspegiak ere. Eguraldia lagun txangoak aurrera jarraituko du Punta Luceroraino guda sasoiko kanoiak ikusteko. Zer behar da? Ibiltzeko gogoaz gain arropa egokia (zira bat), janaria, ura eta izena eman!! Ibilaldi hau egin nahi baduzue, idatzi email bat edo deitu telefono honetara: 94 493 80 71. Zenbat jenderen zain egon behar dugun jakin nahi dugu, beraz konfirmatu zuen parte hartzea. Anima zaitezte!!

Adarrots folk taldearen kontzertua!!

Ekitaldi gutxi bagenuen, beste oparitxo batez goza dezakegu berbalagunok, oraingoan Adarrots folk taldearen musika atsegin eta sakonean murgiltzeko abagunea izango dugu. Gazteboxek antolatu duen kontzertu honetan hainbat santurtziar zein jarrillerok osatutako taldea entzun ahal izango dugu. Martxoaren 18an, asteazkena, 20:00etan hitzordu aparta izango dugu Kresalan, parada ona eguna ondo bukatzeko. Tira, beren musika entzutea izango da onena:

Bidaia intimoak Portugaleten. Korrika dokumentala

Korrika hastear dugu laster, gutako batzuk jada korrika gabiltza KORRIKA hamaseigarren hau antolatu guran. Portugaleteko Xaribari AEK-k ekimen hau antolatu du jendeak korrika hurbilago senti dezan, mezua helarazi euskaltzale orok bere egin dezan, indentifikatuta senti dadin: Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira; hauxe da leloa: euskaraz bizi nahi dugulako, kanpotik jende asko euskarara gerturatu delako, Euskal Herritik bertatik gutariko asko euskarara hurbildu garelako, geure egin arte.
Martxoaren 17an, asteartea 20:00etan Portugaleteko hotelean (udaletxetik gertu) ikusi ahal izango dugu Jon Maiak sortutako dokumental mundial eta hunkigarri hau: Bidaia Intimoak. Lau pertsonaren lekukotasunak biltzen dituena, gutako batzuen lekukotasuna, geure lekukotasuna. Hemen trailerra duzue:

2009/03/05

Kuestazioa egingo dugu korrikaren alde.

Zuetako anitzek zuen buruari galdetuko diozue zer ote den kuestazioa. Kuestazioa berez ekimen baten aldeko diru bilketa da, kasu honetan korrikaren aldekoa. Izan ere, eta tamalez honela izan behar ez balu ere, euskararen geroa kinka larrian dugu oraindik Euskal Herrian, batik bat, Nafarroan eta Iparraldean. Honengatik guztiagatik AEK-k burutzen du Korrika, baita kuestazioa ere.
Santurtziko dantza taldeak honetaz jakitun direnez, beren ekarpena egingo dute Kuestazioa girotu zein alaituz. 12:30ean dantzaldiak egingo dituzte hainbat auzotan: Mamarigako dantza taldea Mamarigan izango da, Bihotz Gaztea erdialdean eta Mendi Alde Kabiezesen (azken hau zehaztu gabe dago).

Bitartean korrika laguntzaileak itsulapikoak eskuan ibiliko dira jendearen elkartasuna berenganatu guran, eta nola ez korrika material eta arropa salgai edukiko dugu zenbait gunetan. Hurbildu zaitezte eta bultzatu korrika!! Lagundu nahi baduzue idatzi email bat.

2009/03/04

Munduko zaintzaileak. Euskal Herriko 20 sekretu txiki

Denok izan dugu noizbait zer zaindu, zer babestu. Gauza asko dira gu egiten gaituztenak, gure bizitzari zentzua ematen diotenak. Eta jakina, hori gertatzen denean sekretu txiki horiek garrantzi handia hartzen dute gure egunerokotasunean, maiz ezinbestekoak izateraino. Ander Izagirrek hitzaldi-diaporama bat aurkeztuko digu honetaz martxoaren 10ean asteartea Kresalan 20:00etan: Munduko Zaintzaileak. Euskal Herriko 20 sekretu txiki:

Emanaldian agertzen diren gizon eta emakumeek Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako hainbat mundu eta sekretu txiki zaintzen dituzte. Diaporamak euskal gizon eta emakume horien historiak kontatzen ditu, munduaren puska bat aukeratu eta puska hori zaintzeko ahaleginak egin dituzten eta denbora eta dirua eskaini dituzten pertsonen istorioak, alegia. Gainera, eremu horiek zauritzen dituzten triskantzak eta utzikeriak konpontzen dituzte, bisitariek mundu txiki horiek gozatzeko aukera izan dezaten.

Korrika kulturalak eta AEK-k antolatutako emanaldi honetan guk ere zer ikasi dugu: Euskara babestu, maitatu eta defendatu behar dugu, eta batez ere erabili. Hauxe baita gure sekretua, euskaldun egiten gaituen ezaugarria.

Korrika kanta Betagarriren eskutik.

Denok dakigunez Korrika 16 gero eta hurbilago dugu, kartelek, korrika kulturalak, korrika laguntzaileek hala erakusten digute egunero!! Korrika heldu arteko maratoi honetan Betagarri taldeak korrika honetarako kanta egin du Jon Maiaren letrak baliatuz: Ongi etorri, lagun du izenburu. Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!! Entzun eta gozatu!!