santurtziko berbalagunok: 2008.12

2008/12/19

Berbalagunok urtarrilean ekin euskarari!!

Kaixo!! Santurtzi Euskaldunak oporrak hartuko ditu urtarrilaren 7ra arte, bitartean ondo pasatzea espero dugu eta nola ez euskaraz mintzatzea!!. Berbalagunok urtarrilaren 12tik aurrera elkartzen hasiko gara. Oraindik izena eman ez baduzu, anima zaitez eta urtarrilean izango gara!!. Hona hemen urtarrilean euskaraz egin dezakeguna!!

2008/12/18

Negu Eguna ospatuko dugu!!

Urtero legez Mamarigako Kultur Etxeak jai polit honetara joateko gonbitea luzatu digu. Ohiko ospakizunetatik kanpo eta kontsumismoa baztertuz, Neguko solstizioa (Negu Eguna) jai giroan pasatuko dugu Mamarigan. Noiz? abenduak 23 asteartea, baina adi egon hemen kartela baituzue!!:

Honez gain, ardo eta gazta baten zozketa, Mamarigako Jai Batzordearen tonbola, desio txarrak erreko ditugu.... Beti bezala autogestioaren bidez eta informazio gehiago hemen.

Gabonetako haur parkea

Jarraian dituzue Santurtziko parkean burutuko diren umeentzako ekintzak. Oporrak euskaraz igaro nahi badituzue, hemen duzue aukera:

2008/12/17

Larunbatean bertsoz blai BECen!!


Barakaldoko herritik dator notizia … bertsolari onenak aurten Barakaldon… bec, bec… bec, bec, bec… Bertsozaleok hitzordua dugu abenduaren 20an BECen, 5:30ean. Santo Tomas egunean, bai, (beno, Santo Tomas eguna Bilbon bakarrik). Beraz, goizean Bilbon taloak jan, sagardoa edan… arratsaldean, metroa hartuta, Barakaldora bertsoak entzutera… eta gauean ostera ere Bilbora, ospatzera. Plan itzela, ezta?
Etorri gurekin bertso onak gozatzera! Berbalagunentzat ere elkartzeko aukera paregabea!
Sarrerak aldez aurretik erosi behar dira: http://www.botasarean.biz/ orrian (abenduaren 18ra arte) edo BBK-ko kutxazainetan. Kontuz! BECen ez dira salduko eta. (iturria: Bai Esan)

2008/12/15

Euskara ametsen giltza!

Larunbatean, euskarari eusteko konpromisoa hartu genuen BECen elkartutako milaka lagunok. 10 urte bete ditu jada Kontseiluak, 10 urte iragan dira Euskal Herriko bost futbol zelai bete genituenetik, eta 10 urte pasa dira Bai euskarari adierazpena aurkeztu zenetik. Abenduaren 13an euskaldunok eta euskaltzaleok pauso bat harago eman genuen: “Bai euskarari”tik “Euskaraz bai” lelora jauzi egin genuen.

Gure hizkuntzaren egoera hauskorra da benetan, euskal hiztunon eskubideak behin eta berriro urratuak izaten dira eta gure eskubideen aurrean begirune falta salatzeko beharra sentitzen dugu. Kontseiluaren urteurrenean elkartu ziren artisten zirkuko ikuskizunek, Xabi Paya eta Uxue Alberdiren bertsoek eta Patxo Telleria eta Mikel Martinezen umoreak behar bezala adierazi zuten nolakoa den egun bizitzen (edo pairatzen) dugun egoera.

Une hunkigarriak ez ziren faltan egon, salaketek beren tokia izan zuten eta barre egiteko uneak ere izan genituen. Musika doinu goxoak entzun genituen. Mikel Urdangarinek Herria eta hizkuntza abestu zuenean, hunkiturik geratu zen BEC, eta txalo zaparrada batekin zendutako Mikel Laboa handiari gure omenaldirik xumeena eskaini genion.

Euskal Herriko txoko guztietatik etorri zen jendetza eta berbalagunok ere BECen egon ginen. Berbalagunok pauso bat harago eman genuen… euskara gure ametsen giltza delako.

Argazki gehiago ikusi nahi badituzu, klik egin hemen!

Berbalagunok Txan handiarekin gozatu genuen

Txan magoari askotan Handia adjektiboa erantsi ohi diote. Handia egiten dituen trikimailuak paregabeak eta apartak direlako, Handia ikuslea erne-erne egotea lortzen duelako une oro, Handia ezeroso sentitu ziren erdaldun batzuen aipu mingotsak oso ondo bideratu zituelako.

Izan ere, mago honen ikuskizuna handia izan zen zentzu guztietan. Zergatik? Bada Bai Esanek berriro ere jendetza bildu zuelako, berbalagun batzuek parte hartu zutelako (urtarrilean ekingo diogu!!), eta batez ere, ohikoa ez den arren euskarak bere tokia hartu zuelako emanaldi honek iraun bitartean.

Hemendik aurrera, euskara poliki-poliki haziz joango da gure herrian, gero eta gehiagotan erabiliko dugulako. Honetan ere beste hainbatek bezala Bai Esan eta Txan Magoak euren ekarpen xume eta tinkoa egin zuten. Hona hemen argazki batzuk (gehiago ikusi nahi baduzue, klikatu honen gainean).



2008/12/09

Artxila Murtxila, Txan magoa dator!!



Berriro ere eta gure herrian oso esker onekoak garenez, Txan magoak bisita itzela egingo digu hurrengo ostiralean, abenduak 12 Munich aretoan (arkupeetan) 22:00etan.
Ikuskizun hau ez da nolanahikoa izango, helduentzat izango baita!! Aukera ezin hobea izena eman berri duten berbalagunentzat, eta nola ez euskaltzale guztiontzat!!.

Bai Esan euskara elkarteak (bisitatu bloga) antolatu du ekimen hau, eta denon parte hartzea ezinbestekoa da. Euskarara hurbildu eta gozatu. Ea baten bat kapaz den Txan handiaren trikimailuak deskubritzeko. Nik ezetz esango nuke, hain da trebea mago hau!!.
Plan on eta aparta ostiralerako duguna, berbalagun eta euskaltzaleok ikaragarri goza dezagun!!.

2008/12/05

Atzoko Berbalagun aurkezpena mundiala izan zen!!

Atzo denok txundituta gelditu ginen zenbat jende bildu zen ikusita!!. Kresala aretoa txiki geratu zen BERBALAGUN proiektuak piztu duen jakin-mina ase nahi zuten lagunentzat. Hor egon ginen giro alaian Berbalagun programa zertan den argitzen.


Orain falta den bakarra jendeak izena ematea da bide hauek erabiliz:

Santurtziko AEK 94 493 80 71 (Iker)
Udal Euskaltegia: 94 461 02 15
Euskara Saila: 94 420 58 37
Edota email bat idatziz!!.

*Zer dira BERBATALDEAK? Euskaldun osoak (euskalduntze prozesua bukatuta daukatenak) zein euskara ikasten dabiltzanak lauzpabost laguneko taldetan elkartuko dira euskaraz hitz egiteko. Taldeok, adina, zaletasunak, eta disponibilitatea kontuan hartuta osatuko dira. Berbatalde bakoitzak dinamizatzailea aukeratuko du eta denon artean erabakiko dute noiz, non eta zertarako bildu, hori bai euskaraz aritzeko konpromisoa hartuta.

Santurtzi, ekin euskarari!! Argazki gehiago ikusteko, klikatu hemen.

Abenduaren 13an denok BECera!!


Garai heldu zaigu Euskaraz bai esateko, euskararen aldeko hitz politak ondo daude eta beharrezkoak dira, baina ekintzekin lagunduta ez badaude beti geldituko dira herren. Orain hamar urte Bai Euskarari ozen oihukatu genuen, eta aurtengoan abenduaren 13an arratsaldeko 18:00etan BECen Euskaraz bai aldarrikatuko dugu. Gure hizkuntzak biziraun behar duelako eta etorkizun duin bat behar duelako.

Hau dela eta, Kontseiluak (euskararen aldeko mugimenduak biltzen dituen elkartea) ekimen erraldoi hau antolatu du, oraindik ere honelakoak premiazkoak direlako. Beraz, santurtziar euskaltzaleok ez pentsatu bitan eta bete dezagun BEC aretoa!!.

Dohainik bada ere sarrera eskatu behar da nierebanoa web orrialdean, edo bestela Santurtzin bertan AEK eta Udal Euskaltegian, baita taberna hauetan ere: La Luna, Kalea eta Herriko Tabernan (asteartea azken eguna!!).


Ugaztun baten antsiak antzezlana!!


Egia da urteak igaro ahala gauza asko galtzen dugula. Inozentzia esaterako, azkar-azkar galtzen dugu gure barnean behin egon zen umea. Bat-batean gure kezka eta irrikak bestelakoak dira serio eta sakonagoak… Edo hala iruditzen zaigu, eta konturatu gabe haurrak helduak balira bezala tratatzen ditugu, guztiz ahaztuz gu behin erabat libreak izan ginela. Hain libre non nagusion mundua aspergarri samarra iruditzen zitzaigun. Baina garaiak desberdinak dira eta orain umeen kontuak gure ustez umekeriak besterik ez dira…

Ugaztun baten antsiak antzezlanak aurreiritzi horiek guztiak astinduko ditu, gure ustez oso ziurrak diren egitateak auzitan jarriko ditu. Guraso eta seme alaben arteko harremana du abiapuntutzat lan honek, helburu argi batekin: kontzientziak mugiaraztea.

Bada, hurrengo asteazkenean abenduaren 10ean arratsaldeko 20:00etan hitzordu ederra izango du euskarak, antzerkiaz gozatzeko AEK-k antolatu duen emankizun honetan.

2008/12/03

Berbalagunak badatoz!!


Azkenik eta lan mordoa egin ostean Berbalagun progamaren aurkezpena egingo da abenduaren 4an arratsaldeko 19:00etan Kresala aretoan.

*Zer dira BERBATALDEAK? Euskaldun osoak (euskalduntze prozesua bukatuta daukatenak) zein euskara ikasten dabiltzanak lauzpabost laguneko taldetan elkartuko dira euskaraz hitz egiteko. Taldeok, adina, zaletasunak, eta disponibilitatea kontuan hartuta osatuko dira. Berbatalde bakoitzak dinamizatzailea aukeratuko du eta denon artean erabakiko dute noiz, non eta zertarako bildu, hori bai euskaraz aritzeko konpromisoa hartuta.

*Zer egin behar da BERBATALDE batean egoteko?. Oso erraza da, izena emateko fitxa bete eta kitto, gainera BERBALAGUNEko Berbataldeetan egotea DOAN da, ez duzu ezertxo ere ordaindu beharko.

Agian azkarregi goaz.. baina hau guztia hobeto ulertzeko etor zaitezte aurkezpenera!. Eta egitasmoaren sustatzaileek (AEK, Bai Esan, Udal Euskaltegia eta Euskara Saila) ondo baino hobeto azalduko dute!!.

Pikor antzerki taldearen Jokaut! lana


Euskarari dagokionez aste oparo honetan Euskara sailak beste proposamen bat luzatu digu. Pikor antzerki taldearen Jokaut antzezlanaz gozatu ahalko dugu abenduaren 5ean ostirala, Kresala arteoan arratsaldeko 17:30etan

Ikuskizun honetan helduen munduaren bortizkeriari buruz hitzegingo dugu, eta gazteek
hura nola ulertzen duten; komunikabideek transmititzen duten bortizkeriari buruz eta
gazteek hura nola harrigarriro irensten duten; objetu eta animalien kontrako bortizkeriari
buruz. Irainen ankerkeriari buruz ere hitzegingo dugu.
Biktimen bakardadeari buruz gogoeta egingo dugu, eta jazarpen ekintza ororen
inguruan ezartzen den isiltasunari buruz, lekukoek, ia beti, nahiago baitute isiltzea.