santurtziko berbalagunok: 2009.04

2009/04/30

Berbalagunok Pagasarri eta Ganekogorta mendietara!!

iritzia: 

Berbalagunok beti bezala naturari gorazarre egiten diogu!! Hiri handietan bizi garenez gero, lantzean behin zaratak, trafikoak, presak aztoratzen gaituzte, eta ez dago mendia bezalakorik adimena askatu eta baretzeko. Hurrengo igandean, maiatzak 10, Pagasarri eta Ganekogorta mendi gogoangarrietarako mendi txangoa antolatu dugu. Non? 09:30ean Santurtziko tren geltokian. Parte hartzeko izena eman behar da email bat idatziz edo AEKra deituz (94 493 80 71). Izena ematean zehaztu autorik duzuen horrela joango baikara Pagasarriko hasieraraino (apuntatzeko azken eguna maiatzaren 9a).

Zer animatuko al zarete?? Azkenengoan izugarri ondo pasatu genuen Serantes eta Punta Luceron, eta honetan ere beste hainbeste gertatuko zaigu!! Gainera, ez da kasualitate hutsa bi mendi garrantzitsu hauetara igotzea; izan ere, Pagasarri bilbotarrek gehien maite duten ingurumaria izateaz gain, eskaintzen dizkigun ikuspegiak zoragarriak dira. Eta zer esan Ganekogortaz!! Aspaldi deiadar-mendia zen, hots, Bizkaiko Batzar Nagusiak egin baino lehen horren berri ematen zuen adar jole batek hainbat menditan: Oiz, Gorbeia, Kolitza, Sollube eta Ganekogortan. Gerora adar joleak su handi batzuk piztu behar zituen mendi hauetako gailurretan jendea jakinaren gainean egon zedin.
Agian, Ganekogortan antzinako erromeriaren bat ikusiko dugu, edo adarra jotzeko parada izan dezakegu. Auskalo!! Horretarako izena eman eta jakingo duzue!!

2009/04/29

Maiatzeko agenda zuen gozamenerako!!

iritzia: 
Beste hil bat igaro zaigu kasik oharkabean. Jabetzen garenerako denborak nahi baino azkarrago alde egiten du, baina zein ederra den daukagun astia behar bezala aprobetxatzen badugu!! Honetarako daukagu Santurtziko euskaltzaleok agenda, geure hizkuntza erabiliz gozatzeko. Pentsatu zertan parte hartu nahi duzuen!!

2009/04/27

Irakurri, gozatu eta oparitu. Irakurle kanpaina abian!!

iritzia: 


Euskara ikasteko hamaika era daude. Entzun, ulertu, idatzi, hitz egin eta irakurtzea dira edozein hizkuntzaren zutaberik trinko eta sendoenak. Gainera, ekintza hauek egitean gozatzen baldin badugu, askoz hobe!! Musika, berbalagunak, antzerkiak, ipuinak izan ditugu bidelagun azken hilabeteotan euskararen unibertsoan. Eta azkenik, liburuak izango dira gure euskaltzaletasunari bide emango diotenak.

Izan ere, Bai Esan Santurtziko euskara elkarteak euskaraz idatziriko literatura sustatze aldera Irakurle kanpaina jarri du abian (apirilaren 23tik uztailaren 24ra). Zertan datza? Erraza oso erraza, adi egon:
Lehenik Santurtziko liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea besterik ez da egin behar. Ez badakizu zein aukeratu ez ernegatu, zerrenda luze bat dago eta!!
Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu eta balorazio orritxo bat bete beharko da. Honekin batera liburuzainak deskontu txartela emango dizunez (%25ekoa eta Bai Esaneko kidea bazara %50ekoa), Temas liburudendara joan eta bertan liburua merkeago erosi ahalko duzu nahi duzun pertsonari oparitzeko!! Informazio gehiago Bai Esanen blogean.


Klownstrofobia antzezlaneko argazkiak eta bazkaria.

iritzia: 



Pasa den asteburuan La Kelo gazttxearen X. urteurrenean izan ginenok ikaragarri ondo pasatu genuen antzerki zein bazkarian. Giro jator eta polita eta ekintza ikusgarriak euskaraz gozatu ahal izateko!!


Klownstrofobia antzezlan dibertigarriarekin barrez lehertzear izan ginen behin baino gehiagotan, eta nola ez, bertan egon ginen guztioi irribarre zabalak marraztu zitzaizkigun aurpegietan Klown beldurti honen balentriak erne-erne miretsi genituen bitartean.

Hurrengo egunean ospakizunak ez zuen etenik izan eta bapo bazkalduz murgildu ginen San Jorge jaietan. Barazkijaleontzako menua ezin hobea izan zen eta nahikotxo izan ziren birritan platerak errepikatu zituztenak!! Argazki gehiago lotura honetan.

2009/04/23

Malabare Tailerra. Denok prest??

iritzia: 


Zorionekoak gara berbalagunok gure artetik ideia asko ateratzen baitira euskaraz burutzeko. Hauetako bat da Lander berbalagun eta antzezleak emango duena: Malabare Tailerra. Noiz? Apirilaren 30ean osteguna 19:30ean, Mamarigako Kultur Etxearen kanpoaldean. Parte hartzeko izena eman behar da 29an baino lehen AEKtik pasatuz edo email bat idatziz, eta kontuan hartu gehienez 15 partaide egon daitezkeela, bestela irakaslea zoratu egingo da!!

Lehenik eta behin malabareak egiteko pilotak nola sortzen diren ikasiko dugu nork berea eginez. Gerora azalpen txiki batzuk entzun ondoren, pilotak dantzan jartzeari helduko diogu gure trebezia ikaragarria erakutsiaz. Hasiera batean bi pilotekin eta zortea lagun hiru pilotarekin ere ikasiko dugu!!
Utziozue traketsak zaretela pentsatzeari eta anima zaitezte, ziur behin baino gehiagotan barrez lehertu beharrean izango garela!!

San Jorge Jaietako euskarazko ekintzak!!

iritzia: 
San Jorge jaiak gainean ditugula aukera ugari izango dugu euskaraz gozatzeko. Gainera, izango dugun eskaintza hain zabala izanik ezin esan inor etxean geratzeko moduan dagoenik!! Adi egon hauxe baita Kultura eta Euskara Sailak antolatutakoa:

Umea bazara hitzordu garrantzitsu hauek dituzu:

*Ostirala 24 19:00etan: Beti dantzetan umeentzako dantzaldia Parkeko kioskoan.
*Larunbata 25 19:00etan: Umeentzako jarduerak (Zintzoaren Ametsa) oinezkoen kalean.
*Igandea 26 19:00etan: Kiko, Koko eta Moko-ren Ni natura naiz ikuskizunaren aurkezpena oinezkoentzako kalean

Eta gaztea, heldua, dantzaria edota musikazalea bazara ezin galdu aukera paregabe hau:

*Ostirala 24 22:00etan: Erromeria Portuan Patxi eta konpainia taldearekin.
*Larunbata 25 23:00etan: Kortzertua Portuko eszenatokian Kauta taldearekin.

Hona hemen zuen gozamenerako Kauta taldearen abesti bat!!!

Hizkuntz Eskubideen eguna Ondarroan.

iritzia: 


Langile egunak eman digun asteburu luze hau bukatzeko modu egoki bat eskainiko digu Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Urtero legez Hizkuntz Eskubideen eguna ospatuko da maiatzaren 3an (igandea) Ondarroan. Santurtzitik bus bat aterako da goizeko 09:20an parketik. Egun osoko festa izango da, beraz animu eta kemenez betea joatea komeni da. Joan nahi baduzue izena eman dezakezue Santurtziko AEKn edo email bat idatziz. Hauxe da egitaraua:

10:30etan Diana Kresala nabdaren eskutik
11:00etan EUSKARAZ BIZI GUNEA Erakusketa aretoan
11:00etatik 13:00etara Dantza emanaldia Alamedan, antzerkia Kanttoipen eta ikastetxeetako haurren kantaldia Zubizarren
13:00etan manifestazioa "Euskaraz biziz, Euskal Herri euskalduna eraiki!" lemapean
13:30etan ekitaldi nagusia Itsasaurre plazan
14:30etan Herri Bazkaria Itsasaurre plazan
16:00etan haurren txokoa Itsasaurre plazan
17:30etan kontzertuak: Zesatek eta Trikizio taldeen eskutik

Nahiko oparoa ezta? Igandea denez afalordurako bueltan izango gara. Hurrengo egunean beharrera joango baikara!!

2009/04/20

Bertso bazkaria gaztetxean.

iritzia: 

Hona hemen La Kelo gaztetxeak burutuko duen euskarazko azken ekintza X. urteurrenaren baitan: Bertso bazkaria apirilak 25 larunbata 14:30ean. Urtero bezala La kelok hamaika bertute ekimeneko bi bertsolari ekarriko ditu geurera: Jon Martin eta Ander Lizarralde.
Hau bezalako aukera gutxi izango dugu Bertso Bazkari herrikoi batez gozatzeko. Izan ere, bazkari hau (oso oparo eta ona izango dena) dohainik izango baita (borondatea eskatuko da), eta bertan egongo den giroa ezin egokiagoa euskaraz mintzatzeko. Beraz, euskaltzale eta berbalagunok lotu euskarari eta ez utzi ekitaldi hau alferrik galtzen. Izena emateko bi aukera: La Kelotik pasatu edo email bat idatzi. Informazio guztia La Keloren webgunean. X. urteurrena behin besterik ez da ospatuko, datozen hurrengoak hau bezain beteak izan daitezela!! Euskaltzaleok eskertuko dugu!!

Klownstrofobia antzezlana La Kelon

iritzia: 



La kelo gaztetxearen X. urteurrenak askorako emango digu egun hauetan. Honen adierazle ezin hobea da hurrengo ostiralean, apirilak 24, antolatu duten antzezlana: Klownstrofobia 20:30ean. Txikitan gauza askok hunkitu behar digute bihotza, ohikoak baino ohikoagoak dira zer gustatu behar zaigun dioskuen topikoak. Inori galdetu barik hainbat gauza atsegingarri suertatu beharrean gaude umetan, esaterako pailazoak.
Baina ziurrenik oso jende gutxik jakingo du zer den Klown bat izatea, eta ikuskizun honen bidez argi baino argiago geratuko zaigu antzerki mota hau zertan datzan. Neska bat mendira abiatuko da bere bizitzan lehendabiziz, eta bertan ikusiko dituen gauza guztiek beldurra eragingo diote era neurrigabean. Bere sentsazio eta zirrara guztiak ikusten dituen gauzen araberakoak izango dira. Zuek klownstrofokikoak izateko prest?? Informazio gehiago La Keloren webgunean.

Esanen aduanan (literatura emanaldia)

iritzia: 

Apirilaren 23an (osteguna) liburuaren eguna ospatzearekin batera Bai Esan euskara elkarteak eta Euskara Sailak literatura emanaƱdi berezi eta gogoangarri bat antolatu dute: Esanen aduanan 20:00etan Kresalan. Bertan liburuen gaineko ohiko gogoetez gain, musika izango dugu lagun ekitaldian zehar. Belarriak limurtu egingo dizkigute bertaratuko diren idazleek (Yolanda Arrieta, Miren Agur Meabe eta Leire Bilbao) eta haiekin batera azalduko den musikariek (Esther GABIOLA: soinua, biolina, perkusioa eta Uritze LAKA: flauta). Literaturaz gozatzeko beste era bat izango dugu bekoz beko, parte hartuko duzu edo etxean geratuko zara asper-asper eginda? Hona hemen aurki dezakeguna:

Izan ere, geure aduana partikularretatik abiatuta bidaiatuko baitugu, bakoitza bere bide-lapur eta bide-lagunekin batera.Bidaiak agertuko ditugu, bada, kanpo bidaiak eta barne-bidaiak. Eta bidaia horietan egindako aurkikuntzak erakutsiko dizkizuegu berbaz, musika-doinuen seinaleei adi, hori bai!Testu tipologien arteko kate bat?Hitz kateatuen arteko zubi bat?Bihozkaden arteko bide-gurutze bat?ESANEN ADUANAN, norberaren neurriko pausoan”.
Informazio gehiago Bai Esanen blogean topatuko duzu.

Itsasoaren alaba dokumentala La Kelo gaztetxean

iritzia: 

Aste Santuko oporrak bukatuta euskara berriro izango da nagusi gure bizitzetan. Honetarako parada bikaina dugu apiril bukaera honetan La Kelo gaztetxeak bere X. urteurrenaren baitan hamaika ekitaldi burutuko baitu. Gaur bertan (apirilak 20 astelehena) Itsasoaren alaba dokumentala eskainiko digute gaztetxean 19:30ean. Hona hemen sinopsia:

Haize Goikoetxea Ugartek hogeita sei urte dauzka. Ipar Euskal Herrian jaio zen. Errefuxiatu bikote baten bigarren alaba da eta urte bi bete gabe zituela, GALek Mikel Goikoetxea, "Txapela" hil zuen: bere aita.
Urte hauetan guztietan Haizerentzat sendatu gabeko zauri sakon bat izan da bere aitaren heriotza. Gertaera horrek bere bizitza erabat baldintzatu du, eta gainera, amarekin gaiaz hitz egitea bientzat oso gogorra izan denez beti, gauza gutxi dakizki aitari buruz.
“Irudi erreal bat edukitzea falta dut, zirkulu bat itxi beharra daukat barnean”, esan zidan egun batean Haizek. “Eta lan horretan zeuk lagunzea gurako nuke. Gura nuke aita ezagutu zutenak elkarrizketa ditzagun”.
Memoriaren berreskurapeneko ariketa zoragarri honen lekukotza da dokumental hau. Haizek eskatuta abiatutako bilaketa du ardatz nagusi, inbestigazio periodistiko soil bat baino askoz gehiago dena: Haizeren bilaketa pertsonala. Bide horretan, Txapelaren irudi desberdinak ezagutu zituzten pertsonekin egiten da topo eta guztiek kontatutako istorioak josiz, Txapelaren irudi kontraesankor bezain erreala osatzen du Haizek, non nahasten diren Argelia eta Donibane Lohitzune, edo Txorierriko langileria eta espainiar ministroen kontrako atentatu saiakerak…. Horrekin guztiarekin batera, Haizeren esperientzia pertsonal errepikaezinaren lekuko bilakatzen da ikuslea. Biktima baten memoria eta sustraien berreskurapen adoretsuaren lekuko.

2009/04/03

Maialen berbalagunak gauza asko ditu kontatzeko!

iritzia: 
Hau gure azken mezua izango apirileko oporretatik itzuli arte, orain denok Korrikaren zain egongo gara goizeko ordu txikiak izan arte, eta horrenbesteko ikusminak sorraratzen duen ekimenak zirraraz beteko diren orduak igaro arte. Baina azken agur moduan zuetako baten hitzak baino hoberik ez dago, eta hona hemen Maialen berbalagunak euskararekiko duen miresmen eta konpromisoa. Entzun arretaz: