santurtziko berbalagunok: Itsasoaren alaba dokumentala La Kelo gaztetxean

2009/04/20

Itsasoaren alaba dokumentala La Kelo gaztetxean


Aste Santuko oporrak bukatuta euskara berriro izango da nagusi gure bizitzetan. Honetarako parada bikaina dugu apiril bukaera honetan La Kelo gaztetxeak bere X. urteurrenaren baitan hamaika ekitaldi burutuko baitu. Gaur bertan (apirilak 20 astelehena) Itsasoaren alaba dokumentala eskainiko digute gaztetxean 19:30ean. Hona hemen sinopsia:

Haize Goikoetxea Ugartek hogeita sei urte dauzka. Ipar Euskal Herrian jaio zen. Errefuxiatu bikote baten bigarren alaba da eta urte bi bete gabe zituela, GALek Mikel Goikoetxea, "Txapela" hil zuen: bere aita.
Urte hauetan guztietan Haizerentzat sendatu gabeko zauri sakon bat izan da bere aitaren heriotza. Gertaera horrek bere bizitza erabat baldintzatu du, eta gainera, amarekin gaiaz hitz egitea bientzat oso gogorra izan denez beti, gauza gutxi dakizki aitari buruz.
“Irudi erreal bat edukitzea falta dut, zirkulu bat itxi beharra daukat barnean”, esan zidan egun batean Haizek. “Eta lan horretan zeuk lagunzea gurako nuke. Gura nuke aita ezagutu zutenak elkarrizketa ditzagun”.
Memoriaren berreskurapeneko ariketa zoragarri honen lekukotza da dokumental hau. Haizek eskatuta abiatutako bilaketa du ardatz nagusi, inbestigazio periodistiko soil bat baino askoz gehiago dena: Haizeren bilaketa pertsonala. Bide horretan, Txapelaren irudi desberdinak ezagutu zituzten pertsonekin egiten da topo eta guztiek kontatutako istorioak josiz, Txapelaren irudi kontraesankor bezain erreala osatzen du Haizek, non nahasten diren Argelia eta Donibane Lohitzune, edo Txorierriko langileria eta espainiar ministroen kontrako atentatu saiakerak…. Horrekin guztiarekin batera, Haizeren esperientzia pertsonal errepikaezinaren lekuko bilakatzen da ikuslea. Biktima baten memoria eta sustraien berreskurapen adoretsuaren lekuko.

No comments: