santurtziko berbalagunok: Kantu afaria Santurtzin!!

2008/05/26

Kantu afaria Santurtzin!!


Afari batzuk aspergarriak ei dira. Zenbait lagun bildu, ohiko menua jan eta bukatutakoan etxera. Baina Bai Esan bezalako talde batek afari bat antolatzea erabakitzen duenean, ez da gauerdiko ahuntzaren eztula. Eta ziur eduki giroa itzela izango dela, aspertzeko betarik ez dela egongo. Zergatik? Bada, prezioa oso merkea izateaz gain (15 euro), kantu afaria izango delako. Hots, laurogei lagun inguru bilduko gara giro euskaldunean eta gure eztarriak urratzeko prest!!.
Euskaltzale, kantuzale eta bapo jatea atsegin duen horietakoa bazara, ez duzu aitzakiarik!!
Afaria Don Jaime jatetxean izango da ostiral honetan, maiatzak 30, gaueko 21:30ean. Izena eman nahi baduzue Kalea tabernan, AEKn, edo Udal Euskaltegian egin dezakezue. Bizkor ibili jende andana apuntatu da eta!! Informazio gehiago hemen

2 comments:

tusfo said...

Aupa! Kantu afaria ("afari bat euskal kantuz" ez zait-eta oso izen txukuna iruditzen") kristoren ideia ona da; hala ere, eta zoritxarrez, "giro euskaldunean" izango den zalantza egiten dut jakin dudanetik erdaldunek ere parte har dezaketela. Ulergaitza "Bai esan"-ek diglosia euskaldunen etxean bertan sartzea. Ea hurrengo batean...

santurtzi euskalduna said...

Bai zuzen zaude askoz txukun eta egokiagoa da zuk iradoki duzun aurkezpentxoa. Bestaldetik, erdaldunik badago, erakutsi diezaiogun euskaraz bizi gura dugunok zelako setakeria dugun!!