santurtziko berbalagunok: Euskaldunon Egunkaria gogoan eta elkartasunez.

2009/12/04

Euskaldunon Egunkaria gogoan eta elkartasunez.

Tamalez, asko dira gure euskarak pairatzen dituen bidegabekeriak. Hizkuntza txikia izaki egin dizkioten erasoen tamainak bere ahulezia besterik ez du erakusten. Euskaldunok oraindik ere arazo gehiegi dugu geure hizkuntzan bizi eta gozatzeko, libre sentitzeko. Izan ere, gaztelania da nagusi arlo guzti-guztietan eta jende askoren lana ezinbestekoa da egoera hau iraultzeko. Duela 19 urte pentsaezina zen euskara hutsezko eguneroko bat argitaratzea, munduari ez bide zitzaion bideragarria iruditzen; eta hala ere, zenbait kazetari nahiz euskaltzaleren kemenari esker Euskaldunon Egunkaria sortu zen apustu ezin ausartago batean. Baina nonbait, batzuek ezin dute euskararen aldeko lana ikusi ere egin, eta zentzugabekeriari jaramon eginez adierazpen askatasunari egin dakiokeen urraketarik gordinena egin zuten: Euskaldunon Egunkaria itxi eta bertako langile andana auziperatu. Epaiketa gain-gainean dugu dagoeneko eta zigor handiak eskatu dituzte kazetari eta euskaltzale hauentzat. Harribola kultur elkarteak , honetaz jakitun, Egunkariko adiskideei elkartasuna adierazi nahi die hitzaldi interesgarri hau Portugaleten antolatuz:

EGUNKARIAREN AURKAKO EPAIKETA.

Hizlaria: Txema Auzmendi jesuita, Egunkariako Administrazio Kontseiluko kidea eta auzipetua.
Eguna: abenduak 10, osteguna Naziarteko Giza Eskubideen Eguna
Ordua: Iluntzeko 8ak
Tokia: Nazaret parrokiako lokaletan (Carlos VII kaletik hurbil, botika ondoko autobus-geltokitik 100 metrora, metro geltokiaren beste aldean). Udalak ikaragarrizko trabak jarri dizkie beste nonbait egiteko hitzaldi politikoa zela argudiaturik.

No comments: