santurtziko berbalagunok

2008/12/19

Berbalagunok urtarrilean ekin euskarari!!

Kaixo!! Santurtzi Euskaldunak oporrak hartuko ditu urtarrilaren 7ra arte, bitartean ondo pasatzea espero dugu eta nola ez euskaraz mintzatzea!!. Berbalagunok urtarrilaren 12tik aurrera elkartzen hasiko gara. Oraindik izena eman ez baduzu, anima zaitez eta urtarrilean izango gara!!. Hona hemen urtarrilean euskaraz egin dezakeguna!!

2008/12/18

Negu Eguna ospatuko dugu!!

Urtero legez Mamarigako Kultur Etxeak jai polit honetara joateko gonbitea luzatu digu. Ohiko ospakizunetatik kanpo eta kontsumismoa baztertuz, Neguko solstizioa (Negu Eguna) jai giroan pasatuko dugu Mamarigan. Noiz? abenduak 23 asteartea, baina adi egon hemen kartela baituzue!!:

Honez gain, ardo eta gazta baten zozketa, Mamarigako Jai Batzordearen tonbola, desio txarrak erreko ditugu.... Beti bezala autogestioaren bidez eta informazio gehiago hemen.

Gabonetako haur parkea

Jarraian dituzue Santurtziko parkean burutuko diren umeentzako ekintzak. Oporrak euskaraz igaro nahi badituzue, hemen duzue aukera:

2008/12/17

Larunbatean bertsoz blai BECen!!


Barakaldoko herritik dator notizia … bertsolari onenak aurten Barakaldon… bec, bec… bec, bec, bec… Bertsozaleok hitzordua dugu abenduaren 20an BECen, 5:30ean. Santo Tomas egunean, bai, (beno, Santo Tomas eguna Bilbon bakarrik). Beraz, goizean Bilbon taloak jan, sagardoa edan… arratsaldean, metroa hartuta, Barakaldora bertsoak entzutera… eta gauean ostera ere Bilbora, ospatzera. Plan itzela, ezta?
Etorri gurekin bertso onak gozatzera! Berbalagunentzat ere elkartzeko aukera paregabea!
Sarrerak aldez aurretik erosi behar dira: http://www.botasarean.biz/ orrian (abenduaren 18ra arte) edo BBK-ko kutxazainetan. Kontuz! BECen ez dira salduko eta. (iturria: Bai Esan)

2008/12/15

Euskara ametsen giltza!

Larunbatean, euskarari eusteko konpromisoa hartu genuen BECen elkartutako milaka lagunok. 10 urte bete ditu jada Kontseiluak, 10 urte iragan dira Euskal Herriko bost futbol zelai bete genituenetik, eta 10 urte pasa dira Bai euskarari adierazpena aurkeztu zenetik. Abenduaren 13an euskaldunok eta euskaltzaleok pauso bat harago eman genuen: “Bai euskarari”tik “Euskaraz bai” lelora jauzi egin genuen.

Gure hizkuntzaren egoera hauskorra da benetan, euskal hiztunon eskubideak behin eta berriro urratuak izaten dira eta gure eskubideen aurrean begirune falta salatzeko beharra sentitzen dugu. Kontseiluaren urteurrenean elkartu ziren artisten zirkuko ikuskizunek, Xabi Paya eta Uxue Alberdiren bertsoek eta Patxo Telleria eta Mikel Martinezen umoreak behar bezala adierazi zuten nolakoa den egun bizitzen (edo pairatzen) dugun egoera.

Une hunkigarriak ez ziren faltan egon, salaketek beren tokia izan zuten eta barre egiteko uneak ere izan genituen. Musika doinu goxoak entzun genituen. Mikel Urdangarinek Herria eta hizkuntza abestu zuenean, hunkiturik geratu zen BEC, eta txalo zaparrada batekin zendutako Mikel Laboa handiari gure omenaldirik xumeena eskaini genion.

Euskal Herriko txoko guztietatik etorri zen jendetza eta berbalagunok ere BECen egon ginen. Berbalagunok pauso bat harago eman genuen… euskara gure ametsen giltza delako.

Argazki gehiago ikusi nahi badituzu, klik egin hemen!