santurtziko berbalagunok

2011/02/08

Mendilagunak Erlora


Mendilagunak berriro martxan dauzkagu. Igande honetan, otsailak 13, Erlo mendira abiatuko dira. Erlo Gizpuzkoaren bihotzean kokatzen den mendi erraza da, harkaitzez beteta dagoen arren. Igotzeko Azkoitiraino abiatuko dira eta bertan igoera hasi.

Txindokirako txango arrakastatsuaren ostean, mendilagunak inoiz baino motibatuago eta indartsuago daude igandeko irteeraren aurrean. Adorea eta kemena dira mendilagunen ezaugarriak, eta igande honetan edozein gailurretara igotzeko gaitasuna erakutsiko digute.

Ohi bezala 08:00etan geratuko dira Santurtziko parkeko tren geltokian.

Ibilbideari buruzko informazio gehiagorako: www.euskal-herria.org/node/13133.
Gora gure mendilagunak!!












2011/02/07

Mintzapraktika egitasmoa neurtzen



Ostegunean, otsailak 3, euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan " mintzapraktika egitasmoaren eraginkortasuna neurtzen" ikerketaren emaitzen aurkezpena izan zen, Aztiker enpresak egindako ikerketa.

Honen arabera, gaur egun 3700 berbalagun inguru daude mintzapraktika egitasmoari babesa ematen. Dela Berbalagun, dela mintzalagun, dela mintzakide, jende andanak parte hartzen du egitasmoa handituz. Egunez egun handituz eta zabalduz doan egitasmoa parte-hartze itzelari esker.

Euskaldunok argi daukagu hau bezalako proiektu baten garrantzia, batik bat eremu erdaldunetan, eta egunero erakusten dugu eginez ondoen egiten duguna, berba eginez, hain zuzen ere. Normalizaziorako bidean denok daukagu zer esan, zer esan EUSKARAZ. Gizartearen arlo guztietan euskaraz mintzatzeko eskubidea izanik, defendatu behar dugu berba eginez eta elkarlanez.

Bestaldetik egitasmo honetan parte hartzen duzuen guzti-guztiak zoriondu nahi zaituztegu egiten ari zareten lanagatik. Adin tarte guztietako jendeak parte hartzen du egitasmo honen aniztasuna erakutsiz, Euskal Herria anitza baita. Aniztasuna ere ekintzei dagokienez: Tailerrak, ikastaroak, txangoak, poteoak, antzezlanak...



Bihotz-bihotzez ZORIONAK BERBALAGUN!!

2011/02/04

Ipuinaren ordua


Otsailaren 9an, bai Udal Liburutegi Sareak bai Kultura eta Euskara sailek antolatuta Ipuinaren ordua izango dugu liburutegi nagusian 17:30ean. Publiko orori zuzendutako ipuinak entzun ahal izango dira.


Utz diezaiogun geure irudimenari hegan egiten ipuinen erresumara!. Ahaztu egunerokotasuna eta bidaia dezagun nahi dugun lekura.


Informazio gehiagorako: biblioteca@santurtzi.net

2011/02/03

Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe


Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak nazio manifestaziora deitu du otsailaren 12rako "Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!" lelopean. Donostian izango da mobilizazioa eta Bulebarretik aterako da arratsaldeko 17:00etan.

Portugaletetik autobusa jarriko da, betiko lekuetan (Santurtzi, Portugalete, Sestao, Barakaldo eta Itzubaltzetako herriko tabernetan eta Mamarigako Kultur Etxean) izena emateko zerrenda izango duzue; Santurtziko parkean eta Javan 15:00etan hartzeko aukera izango da.

Horrekin batera, manifestazioaren lelo berbera daraman manifestua ere publiko egin dute EHEko kideek agerraldian. Aipatu manifestuaren aitzakiapean herri zein nazio mailako harreman dinamika zabala jarri du martxan eragile euskaltzaleak norbanako zein eragileei manifestuaren edukiak helarazi eta mobilizaziora erakartzeko. Manifestua EHEren webgunean ere eskegi da herritarrek sinatu dezaten. Manifestazioaren bukaerako ekitaldian ekimen berezirik ere egongo da. Izan ere, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiri merezitako omenaldia egingo baitzaio.

Manifestuari atxikitzeko hurrengo lotura sakatu:
http://www.euskalherrianeuskaraz.org/index.php/orokorra/483-sasi-guztien-gainetik-euskaldun-eta-burujabe

Nazio manifestazioaren inguruko informazio gehiago:
EHEren web orrialdean:
http://www.euskalherrianeuskaraz.org/

2011/02/01

Santa Ageda Santurtzin


Heldu zaigu, berriz ere, Santa Ageda. Bezperan, otsailaren 4an, Euskal Herrian oles egiteko ohitura izan dugu beti. Oles egitea norbaiti dei edo eskatzea da, ate joka diru eta janari eske ibiltzea. Gaur egun Euskal Herriko txoko askotan ohitura hau bizirik dago, hala nola, Santurtzin.


Santurtziko hainbat talde otsailaren 4an kalera ateratzen dira oles egitera. Aurten ere ohiturari eutsiz kaleak jende eta makilez beteko dira. Makila hartuta eta lehengo janzkeraz, dirua eta janaria biltzeko etxez etxe, atariz atari ibiliko dira.


Hona hemen abesten den kopletako bat:


Aintzaldun daigun Agate Deuna


Aintzaldun daigun Agate Deuna

bihar da ba Deun Agate

etxe honetan zorion hutsa

betiko euko al dabe.


Santa Ageda bezpera dugu

Euskal Herriko eguna

etxe guztiak kantuz

aukeratua duguna.


Bera-Kruzetik etorri gara

taldean neska-mutilak

Santa Ageda omenez hartuta

soinuaz eta makilaz.

Bat, bi, hiru... Eup!!!