santurtziko berbalagunok: 2009.06

2009/06/30

Udan ere bizi eta gozatu euskaraz!!

Uda heldu zaigu berbalagunoi, urtarrilean hotzak estututa hasi eta bero galdatan esango diogu agur 08-09 ikasturteari. Berbalagun proiektuaren lehen edizioa ilusio eta gogoz betea izan da, jende andana euskarara hurbildu da modu positiboan, eta izugarri polita izan da tamaina honetako kontu batean aritzea. Beraz, zorionak berbalagunoi lortu dugun guztiagatik!! Irailaren bukaeran berriro ekingo diogu, baina bitartean gozatu uztaileko agendaz, eta gogoratu uztailaren 15ean (asteazkena) 19:00etan berbalagun eta Santurtziko euskaltzaleok poteo bat egingo dugula EHEko txosnatik.

2009/06/24

Eki Egunaren biharmunean!!


Eki eguna ospatu genuen Mamarigako Kultur Etxeari esker eta bere izenak ondo adierazten duen bezala, eguzkiak gogor astinduta igaro zen. Eguraldi ederra lagun, eta jende guztiak soinean zeramatzan jantzi laburrak ikusita, ezin argiago geratu zitzaigun udan sartuak garela!! Patxi Perezen musika bidelagun izan zuten Mamarigako Frontoira poliki-poliki hurbildu zutenek, berarekin batera gozatu eta jakina, plazara salto egin eta datzan murgildu ziren lagun asko. Ohikoa denez gehienak neskak, mutilon lotsa eta barneratua dugun gogorkeria azalaraziz.
Bitartean, sabela bete zuen batek baino gehiagok Kultur Etxeko lagunek paratu zuten parrilladari atarramentu bikaina atereaz, eta noski, dantza plazatik gertu zegoen barrak egarria ase zigun bertaratu ginenoi, udaren etorrera gogoan genuen denok honelako konbinazioak ikusita (kalean musika, janaria, edaria..)

Gerora gauaren unerik hunkigarriena iritsi zitzaigun sua pizteaz batera, Mamarigako Kultur Etxeko perkusionistek tinbalen erritmora dantzarazi zuten jendea suari liluraturik so geunden bitartean. Haurrak, gazteak eta helduak sutara desioak botatzen ibili ziren beteko diren esperantzan, eta suaren beroak masailak gorriturik genituela Adarrots taldeak jotzeari ekin zion. Tamalez, ez zuten soinu probarik egiteko aukerarik izan eta hainbat musika tresnak egokitzeko denbora behar dutenez, oztopo teknikoek bertan lagarazi zuten kontzertu eder hau. Pena handia benetan, baina guztioi oso garbi utzi ziguten beren kalitatea, baita gonbidatu ere uztailaren 4an Mendebala jaialdian joko duten kontzertura. Bertan ez da arazo teknikorik egongo!! Argazki guztiak hemen dituzue!!

2009/06/22

Bai Esan elkartearen 3. urteurrena mundiala izan zen!!


Gauza asko ari da egiten euskararen alde, jende ugari gure hizkuntzaren iraupena bermatu eta sustatu gura duena. Ilusioz eta kemenez proiektu eder asko gorpuzten ari gara, eta honetan nabarmena da Bai Esan euskara elkarteak bere sorreratik burutu duen lan eskerga. Oharkabean ia, hiru urte bete dira hainbat euskaltzale herri honen hizkuntza biziberritzeari ekin ziotenetik, gauzak argi eta urrats sendoz bide izugarria egiten ari da, eta jakina honelako eginkizun potolek beren ospakizuna eskatzen dute, eta ba al da Bai Esanen 3. urteurrena baino hoberik?? Bertan marka guztiak hautsiz, aspaldiko partez poteo jendetsua egin genuen (70 lagun baino gehiago), trikitilariak, Andoni Egaña eta Unai Iturriaga bertsolariak, berbalagunak, ikasleak, irakasleak, euskaltzaleak...
Eta afaria ez zen gutxiago izango, bertan 84 euskaltzale batu baikinen!! Nork esan zuen Santurtzin euskara hilda zegoela?? Inoiz baino biziago dago, eta euskaraz bizi nahi dugugunok behar adina alditan erakutsiko dugu!! Lan handia aurtengoa, eta are handiagoa egiteko dagoena, baina txapela buruan eta ibili munduan hurbilago izango dugu helburua. Oraingoz gozatu egun horretan ateratako argazkiek hemen klikatuta.

Talde ederra euskal pintxoak egiten ibili zena!!


Aurreko egunean berbalagunon ikasturte honetako azken tailerra egin genuen, sortu eta gozatu usadioak agintzen duen eran. Izan ere, bertan bildun ginen 13 lagunok pintxo andana egiteaz gain, txakolin eta sagardoa lagun ederto bete baikenituen gure sabelak... Oso gauza euskalduna: jan, edan eta mintzatu!! Gainera, Gorka sukaldariak maisu paperean ezin hobeto murgilduta trikimailu pare bat irakatsi zigun sukaldean aritzeko, baina onena emaitza izan zen. Hemen klikatuta argazki guztiak ikusiko dituzue, eta errezeta lortu nahi izanez gero bidaliguzue email bat.

2009/06/19

Gatiburen kontzertua Kabiezesen.

Gatibu taldeak bisita egingo dugu hurrengo ostiralean 23:00etan, ekainak 26, KAKUL Kabiezesko Jai Batzordearen eskutik. Udan sartuak jada kontzertu andanaz gozatzeko prest egongo gara, eta ahal bada euskaraz, noski. Beraz, ez galdu aukera hau eta momentuz gozatu Gatiburen bideo honekin Kabiezesko plazan ikusi arte!!

2009/06/18

Eki Eguna Mamarigan!!

Berehala harrera egingo diogu udari, berehala eguzki izpiek gure kaleak hartuko dituzte denon umorea epelduz. Jendean kale gehiago, bizitasuna eta mugimendua izango dira nagusi, eta honetaz jakitun Mamarigako Kultur Etxeak (beti bezala autogestioaren bidez) gure egutegian ezinbestekoa den festa bat antolatuko du ostera ere: EKI EGUNA. Ekainaren 23an (asteartea) gure arbasoek antzina egiten zuten legez, egun luzeena ospatuko da sua protagonista delarik. Hona hemen Mamarigako frontoian egingo den jai honen egitaraua:
  • 19:00etan Patxi Perezen Dantza plaza eta Parrillada
  • 22:00etan Sua (Pitxiritxia Sustraiak taldearen eskutik) eta Tinbalada
  • 22:30ean Adarrots folk taldearen kontzertua

Tentagarria ezta?? Urte anitz igaro dira jai hau egiten hasi zenetik, gainera urtez urte jendetsuagoa da. Etxean geldituko al zara asperturik?? Animatu eta bizi euskaraz. Informazio gehiago Kulturren webgunean.

2009/06/10

Sukaldaritza tailerra: Euskal Pintxoak


Berbalagunok ikasturte honetako azken tailerra egingo dugu ekainaren 19an 19:00etan Mamarigako Kultur Etxean, ez da nolanahikoa izango gainera, sabelak bapo beteko baititugu!! Gorka sukaldariari esker Euskal Pintxoak zelan egin ikasiko dugu giro lasai eta atseginean. Gerora, argi dagoenez, egindakoa jango dugu emaitza zein den ikusteko!! Hona hemen gure menua:

Piparrak: Piparra, oliba eta antxoa.
Patata tortila: Patata, tipula eta arrautza.
Bakailao pintxoa: Bakailao , olioa, berakatza eta perrexila.
Bonito pintxoa: Atuna, tipula, piperra (berdea eta gorria), arrautza egosia eta momentuan egindako maionesa (arrautza, ozpina ,olioa eta gatza).
Perretxikoak plantxan: Perretxikoak, berakatza, piper hautsa, ozpina, perrexila, ardo zuria eta olioa.
Txistorra eta odolesteko hostorea: Txistorra, odolestekoa, hostorea eta bexamela.
Pikilo piperra eta antxoa.
Grillo: Uhaza, tipula eta patata egosia.
Gazta eta irasagarra.
Edariak: Txakolina, Errioxako ardoa, sagardoa, ura eta patxarana.

Izena emateko: AEKtik pasatu, deitu 94 493 80 71 telefonora edo bidali email bat. Eta bapo jan ostean, pentsatu hurrengo egunean 20an bertso poteo (20:00etan) eta afaria (22:00etan Don Jaimen) izango dugula Unai Iturriaga eta Andoni Egañarekin Bai Esanen 3. urteurrena ospatzeko!!

ON EGIN BERBALAGUNEKIN!!

Umeentzako jaia Zaldiko-Maldikoren eskutik.



Zorionekoak dira herriko haurrak ekintza andana baitute eskura. Oraingoan Zaldiko-Maldiko (Euskal Herriak Bere Eskola) elkarteak haurrentzako jai mundiala antolatu du ekainaren 17an 17:00etatik 19:00etara Mahastiak-Las Viñas eskolan. Hona hemen egitarau oparoa:
  • Margoen gunea: Igeltsuz karetak egin, aurpegiak margotu, talde bakoitzerako petoak egin..
  • Euskal kirolen gunea: sokatira, txingak, txokor batzea...
  • Jolasen gunea: itturri lasterketak, puztarri bat goilaran korrika egin, lasterketak elkarri hanketatik lotuak, tripan puxika jarri eta biren artean apurtu, puxikak ipurdiarekin apurtu, hankari puxika bat lotu eta elkarren artean apurtzen saiatu...
  • Birziklaketa gunea: Kutxa zaharrekin panpinak.

    Interesgarria ezta?? Hau guztia Eskolaz kanpoko ekintzetan ere, euskaraz lelopean antolatua dago, eta parte hartu nahi izanez gero, joan jaira eta giro bikaina aurkituko duzu!!


Sorgin bat etxean pelikula Las Viñasko liburutegian.



Santurtziko Udal Liburutegi Sareak umeentzako zinema emanaldiekin aurrera darrai. Hurrengo hitzordua ekainaren 19an (ostirala) izango dugu 18:00etan Las Viñasko liburutegian, eta filma Sorgin bat etxean. Hona hemen laburpena

Maria, 8 urteko neskatoari, bere anaiatxoa oso nekagarria dela iruditzen zaio. Auzoan bizi den Makkaren laguna egingo da eta honen kristalezko bola erabiliz, anaia betiko desagertzea desiratuko du. Hortik aurrera gauzak ez dira berdinak izango. Maria gaixorik jarriko da, eta gurasoak Izeba Gerda izeneko umezaina ekarriko dute anai-arrebak zaintzeko. Makka eta Maria laster konturatuko dira desioa egia bihur daitekeela Gerda sorgin maltzurrak anaia txikia lapurtu nahi duela ikusten
dutenean.

Harald Hamrel, bere herrialdeko telebistako errealizadore entzutetsua, da pelikula honen zuzendaria. Filma gazteentzako literaturan espezializatutako Ulf Stark idazle suediarraren Maria Bleknos nobelan oinarrituta dago. Sorgin bat etxean pelikulak Haurren Epaimahaiaren Saria lortu zuen Lübeckeko (Alemania) Nordic Film Days-etan 2000n eta Publikoaren Saria Montrealgo (Kanada) Haurrentzako Nazioarteko Zinemaldian 2001ean.

2009/06/09

Axular institutuko ikasle, irakasle eta langile ohien arteko bazkaria.

Santurtzin modu gutxi daude euskalduna izateko, euskara ikasteko. Gutako asko herriko euskaltegietatik pasatakoak gara, eta horri esker gure hizkuntzaren jabe bihurtu ginen. Baina orain 25 urte Axular institutuak heldu zion gure herriko gazteak euskalduntzeari, eta jakina, lan itzel honetan hainbat eta hainbat santurtziarrek hartu dute parte. Hau dela eta, irakasle, ikasle eta langile ohiak batu nahi dituzte merezi duten omenaldia jaso dezaten. Ekainaren 27an izango da bazkari mundial hau, eta bertatik pasatu bazara, ezin izango diozu muzin egin!! Informazio gehiago orri honetan eta izena emateko bidali email bat: 25urteeuskaraz@gmail.com
Ah!! Gogoratu izena emateko azken eguna ekainaren 15a dela, eta honelako bizipenak oroitu nahi izanez gero, parada bikaina izango duzue:


Kontact dantza-masajeko argazkiak!!

Kontact dantza-masaje Tailerrari zertxobait ernegatuta ekin bagenion ere (itxuraz ez gara oso iaoiak dantzatzen!!), segituan jabetu ginen dantza izatez atera zitzaigun mugimendua zela, ezertxo behartu gabe ezusteko koreografiak osatzen ari baikinen!! Musika lagun eta gainerako berbalagunekin kofiantza ariketak egin ostean, Kontact jarduera ezezagunean murgildu ginen gure gorputzen erritmo sosegatuan. Argazkiak honen adierazgarri dira, eta benetan esan beharra dago Iratxe berbalagunak eskaini zigun tailerra ezin hobea izan zela!! Argazki gehiago ikusteko klikatu hemen!!

Eta hemen antxoen antzera gaude jarrita!! Hori bai haiek baino askoz gozoagoak gara, eta askoz hobeto pasatzen dugu!!

2009/06/08

Sahara herriari buruzko hitzaldia.


Ondoko herri batetik datorkigu albistea, asteazken honetan, ekainak 10, arratsaldeko 20:00etan hitzordu polita izango dugu Portugaleteko AEKn. Izan ere, Sahara herriaren gaineko hitzaldi bat eskainiko dute bertan gazte euskaldun eta sahararren lehen topaketen berri ematen duena.
Askorentzat ahaztuta dagoen herri honen gatazka gordinak, gaurkotasun tamalgarria du horrenbeste urtez beren herritik erbesteratuta bizi diren milaka sahararrentzat. Basamortuan beren herritik urrunduak, kanporatuak. Ikaragarrizko duintasun adierazlea, oraindik ere, eta hamarkada luzeak zokoratuak igaro ostean zutik dirauen mugimendu baten oihua. Gure erabateko elkartasuna behar duen garrasi honi hauspo ederra eman diezaiokegu hitzaldi honetara bertaratuta. Honela, behintzat, ezjakintasunetik errealitatera egingo dugu salto bizipen hauek ahanztura lazgarrienean eror ez daitezen, iragana gogoratzea modu bakarra baita geroa lantzeko.

2009/06/04

Poteoa eta Bertso Afaria Andoni Egaña eta Unai Iturriagarekin

Behar bezalako bukaera eman nahi diogu urtarrilean hasi zen BERBALAGUN egitasmoari. Hil hauetan guztietan dozenaka euskaltzalek giro atseginean euskaraz jardun dutela ospatu nahi dugu, BAI ESAN euskara elkarteak hiru urte dituelako, nolabait oraindik urrun dagoen Santurtzi Euskaldun hau hurbilago dugula pentsatzen dugulako. Zaila izan arren, pertsona ugari animatu dira euskaraz berba egitera, jende berria ezagutzera, euskaraz sentitu, bizi eta sortzera… Eta jakina, ekainaren bukaera honetan Santurtziko berbalagun eta euskaltzaleok berriro batuko gara lortutako guztiaz harro gaudelako!!
Bada, BAI ESAN euskara elkartea eta AEKren ekimenez ekainaren 20an (larunbata) Bertso poteo eta afari mundiala izango dugu Andoni Egaña eta Unai Iturriaga bertsolariekin!!
20:00etan Poteoari hasiera emango diogu Ttipi-ttapa tabernatik!!
eta 22:00etan Bertso Afaria izango dugu Don Jaime jatetxean (Kantauri institutuaren ondoan) 20 euroren truke. Hona hemen menua:
*Lehen platera: zizka-mizkak, urdaiazpikoa, kabratxo pudinga, zainzuriak bi saltsatan eta entsalada epela.
*Bigarren platera (aukeratu behar): lupia saltsan, legatza kokotxekin, entrekota edo cordon blue. Postrea, ogia, ardoa, ura eta kafea barne.
Izena emateko azken eguna ekainaren 18a izango da eta honetarako bide hauek dituzue: Udal Euskaltegian edo AEK euskaltegian izena emanda eta berbalagunoi email bat bidaliz. Egin dezagun bat euskararekin egun honetan, izan dadila berbalagun, euskaltzale, euskara ikasle/irakasle ororentzako eguna!!

Udan euskara ikas daiteke Santurtzin.

Udan ere euskara ikasteko parada izango dugu santurtziarrok herrian ditugun bi euskaltegietan. Hona hemen helarazi dizkiguten aukerak:

*AEK: Uztailean 2tik 30era trinkoak. Ordutegia: 09:00-14:00. 100 eskola ordu eta 157 euro dira. Izena emateko azken eguna ekainaren 30a. Email: santurtzi@aek.org. Tfna: 94 493 80 71

Eta irailean HABEren azterketak prestatzeko ikastaroak 3tik 30era. Ordutegiak: 09:00-13:00 (80 euro 126 euro) eta 16:00-19:00 (60 ordu 95 euro)
Izena emateko azken eguna ekainaren 30a. Email: santurtzi@aek.org. Tfna: 94 493 80 71

*Udal Euskaltegia: HABEren azterketak prestatzeko ikastaroak uztailaren 1etik 30era eta irailaren 1etik 28ra. Ordutegia: 08:30-13:00. 80 eskola ordu eta 87,2 euro dira.
Izena emateko azken eguna ekainaren 24a (uztailerako) eta uztailaren 10a (irailerako). Email: admin@santurtzi.eus. Tfna: 94 944 61 02 15

*Eta Mintzamena lantzeko ikastaroa uztailaren 1etik 30era. Ordutegia: 10:00-12:00. 40 ordu eta 43,6 euro dira. Izena emateko azken eguna ekainaren 24a. Email: admin@santurtzi.eus. Tfna: 94 461 02 15

Bestetik, gogoratu barnetegiak ere oso aukera onak direla, baita familia euskaldunekin egiten diren egonaldiak ere. Azken hauen informazioa hemen klikatuta.