Ostiral iluntzean Kresalara gerturatu ginenok Santurtziko euskaldunon sarea trinkotzen aritu ginen. Zeregin nekeza inondik inora, baina berbalagunon bultzada eta adoreari esker, astiro-astiro gauzak ari dira aldatzen. Honen erakusle garbia aretoa jendez lepo ikustea izan zen, benetan sentsazio atsegin eta zirraragarria!! Baina ur handitan sartu aurretik, laburbildu dezagun bertan ikusirikoa:
Joan den ikasturtean egindako guztiaren berri izan genuen bideo polit baten bidez, bertan ekintzak agertzeaz gain, berbalagunon irudi eta argazkiek ezin hobeto erakutsi ziguten proiektua zertan den. Hau gutxi balitz, Julen Zulaika bertsolari paregabearen laguntza izan genuen saioan zeharreko jarduerak girotuz.
Berbalagunen txanda ailegatu zenean, belarriak findu eta beren bizipenak lehen eskutik jaso genituen. Barreak tartean jakina, izan ere, ez da samurra 100 pertsonaren aurrean berba egitea, hanka sartzeak noiznahi suerta daitezke. Horretarako gaude berbalagunok, ordea. Berba eta berba, hitz eta pitz euskara kinka larritik atera dadin. Halaxe adierazi ziguten erabileraren datuek, gordinak baina gu aldarazteko irrikaz. Berbalagun proiektuan jada 100 lagun daude 12 taldetan banatuta. Hauxe marka!! Zorionak berbalagunok!! Argazkiak ikusteko klikatu hemen. Eta gozatu Landerri egindako elkarrizketarekin.
No comments:
Post a Comment