santurtziko berbalagunok: Aitarekin bidaian. Antzezlan paregabea

2009/10/14

Aitarekin bidaian. Antzezlan paregabea

Nazioarteko Antzerki Jaialdiak antzezlan hunkigarri eta ederrak eskainiko dizkigu. Hurrengo hau zalantzarik gabe kalitate handiko lana dugu antzezleak zein diren aintzat hartuz gero. Aktore fin eta apartak, kontakizunak sinesgarritasun osoz ikusarazten dizkigutenak istorioan zangopilatuz. Aitarekin bidaian galdu ezin den aukera bat da. Hitzordu polit eta zoragarria dugu sentimenduekin urriaren 23an ostirala 20:30ean SKAn Euskara Sailaren eskutik(sarrerak 6 euro balio du).
“...Zaharrak, gauzak dira” esaten ziguten gure zaharrek (barre minduz) eta barre egiten genuen zaharren gauzak zirelakoan. (etsipenez) Eta barrea zimurtu egiten da ziztu batean. Eta ahazten hasten zara (...) Lehendabizi, gauzak: non sartu ote ditut giltzak? Geroxeago, hitzorduak: ze egunetan itzultzeko agindu zidan medikuak? Eta apuntatzen ikasten duzu… (etsipenez) apuntatutakoa begiratzea ahazten duzun arte. Ahazten duzu bezperan izandakoa, goizean esandakoa, iluntzean egitekoa. Ahazten zaizkizu pastilak, antiojuak, izenak, urtebetetzeak, aurpegiak, bideak.
Eta azkenik, ahazten zaizu non zauden eta zergatik, eta nor zaren. Ahaztu. Dena. Ona eta txarra. Ahaztea merezi duena eta ahaztea lastima dena. Ez dago ahanzturarentzat hesirik. Nor izatetik ezer ez izatera eramaten zaitu ahanzturak. Zu, baina ez zu bakarrik: ezereza bihurtzen zarenean, beste guztiak zurekin. Gauza bakarra gogoan: zaharra, gero eta zaharrago. Erremediorik gabe. Atzera bueltarik gabe.

No comments: