santurtziko berbalagunok: Sorgin bat etxean pelikula Las Viñasko liburutegian.

2009/06/10

Sorgin bat etxean pelikula Las Viñasko liburutegian.



Santurtziko Udal Liburutegi Sareak umeentzako zinema emanaldiekin aurrera darrai. Hurrengo hitzordua ekainaren 19an (ostirala) izango dugu 18:00etan Las Viñasko liburutegian, eta filma Sorgin bat etxean. Hona hemen laburpena

Maria, 8 urteko neskatoari, bere anaiatxoa oso nekagarria dela iruditzen zaio. Auzoan bizi den Makkaren laguna egingo da eta honen kristalezko bola erabiliz, anaia betiko desagertzea desiratuko du. Hortik aurrera gauzak ez dira berdinak izango. Maria gaixorik jarriko da, eta gurasoak Izeba Gerda izeneko umezaina ekarriko dute anai-arrebak zaintzeko. Makka eta Maria laster konturatuko dira desioa egia bihur daitekeela Gerda sorgin maltzurrak anaia txikia lapurtu nahi duela ikusten
dutenean.

Harald Hamrel, bere herrialdeko telebistako errealizadore entzutetsua, da pelikula honen zuzendaria. Filma gazteentzako literaturan espezializatutako Ulf Stark idazle suediarraren Maria Bleknos nobelan oinarrituta dago. Sorgin bat etxean pelikulak Haurren Epaimahaiaren Saria lortu zuen Lübeckeko (Alemania) Nordic Film Days-etan 2000n eta Publikoaren Saria Montrealgo (Kanada) Haurrentzako Nazioarteko Zinemaldian 2001ean.

No comments: