santurtziko berbalagunok: Mendi txangoari buruzko kronika.

2009/03/23

Mendi txangoari buruzko kronika.



Kronika Josi berbalagunak idatzi du, argazkiak ikusteko klikatu hemen. Orain irakurri Josik egindakoa, mila esker atzo bildu ginen 25 (gehi Sua 26) berbalagunoi!!:

Martxoaren 22an, udaberria heldu berria, burutu zen Seranteserako irteera hau, Abrako estuarioaren gainealdean, Nerbioi ibaiaren bokalean, 454 metro altuerako goititzen den mendia. Bere xumetasunean, inguruko mendiekin konparatuz, sorpresa asko eta panorama bikaina eskaintzen dizkigu Santurtzin gelditzen zaigun espazio natural bakar honek.

Goizeko hamar eta erdiak aldera, santurtziar ez ezik, Sestaotik, Barakaldotik eta, are urrunago, Castro Urdiales-etik etorrita ere, hogeita bost Berbalagun bildu ginen Santurtziko tren geltokian (barkatu, hogeita sei, Sua zenbatuz gero). Santurtzi behetik gora zeharkatu eta Kabiezes auzotik ekin genion mendirako bideari, Kuetos eta nagusien egoitzaren alboko aldapatik, gutxinaka Gotorlekura helduz. 1898ko Kubako Gerra zela eta, estatu batuetarren inbasio baten beldurrez altxatu ziren Serantesen dauden eraikin militar batzuk. Estatu batuetarrak ez ziren etorri garai hortan, baina egun, dirudienez, batzuei Marinetara edo Cow boyetara jolastea gustatzen zaie, zeren eta Gotorleku osoa “paint-ball” balez josita baitzegoen, tamalez nahiko zikin dagoen lekua gero eta zikinago utziz.

Hortik, txangoaren aldapa zailenetakoetatik tontorreraino igo, edonondik ikusgai den Dorrera, eta behin gailurrean ikuspegi zabal horretatik aurkitu ahal genituen hainbat toki, auzo, ... Ezkorrak jarriz gero, egitura suntsitzaile andana baino ez genuen ikusten (Superpuerto, Supersur, Superpetronor, eta Superabar eta Superabar) Malenkoliak jota El Calero eta Las Vegas zeuden lekuetara seinalatzen genuen atzamarrarekin. Hala ere, begiak eta bihotza apur bat alaitzeko, inguruko mendiei (Ganeran, Eretza, Mugarra, Anboto, Oiz, Sollube, ...) eta kostaldeari (Castro, SantoƱa, Area hondartza, Getxo, Plentzia, ...) begiratu genien.

Ordu biak jo baino lehen, Koba nagusiaren ondoan bazkaldu genuen, eta behin ondo deskantsatuak, ipar-mendebaldera abiatu ginen, mendilerrotik Zierbenaraino jaisten. Aldapa auzo lasaia gurutzatu eta bide eroso batetik, gure eskuinean itsasoa, Luzero muturrara heldu ginen, 307 metrotan, eta Gerra Zibilean erabili ziren kanoiak, haien arteko galeriak, parapetoak eta soldaduen koartela ikusteko parada izan genuen. Itzultzeko, gandorraren hegoalderako ezkerreko bidetik ibili ginen, Somorrostroko haranaren ikuspegi polita gure eskuinean orain.

Berriro Aldapa auzora ailegatu, eta honetan bi taldetan banandu ginen, Santurtzira autobusez edo errepidetik oinez joango zirenak hurrengo batera arte agurtuz. Ez omen ginen larregi nekatu, hasi baikinen hurrengo irteera zein izango zen aztertzen. Anboto izango dela, Kolitza izango dela, animoak gora daude eta ziur asko errepikatuko direla horrelako txangorik. Ea baten bat gehiago euskaraz eta mendiaz gozatzeko animatzen zareten, merezi du eta.

1 comment:

Anonymous said...

Argazki gehiago hemen: http://www.santurtzieus.com/index.php?option=com_phocagallery&view=category&id=5&Itemid=100017