santurtziko berbalagunok: Ekaineko euskara izpia. Ratxel eta euskara.

2008/06/17

Ekaineko euskara izpia. Ratxel eta euskara.

Ekaina heldu zaigu, ez ostera denok espero genuen argitasuna. Hondartzarako planek eta eguzkitarako kremek itxaron beharko dute ateri arte. Baina guk bitartean, beste euskara izpi bat aurkitu dugu horrenbeste hodeiren artean, euskara berotu eta babestuko duen beste izpi bat: Rakel Artetxe santurtziarra.
Beherago duzue berari egindako elkarrizketa:



Zertan aldatu da zure bizitza euskara ikasi zenuenetik?

Euskara ikastea izan da nire bizitzan hartu dudan erabakirik onena. Betidanik argi eduki nuen neure burua euskaldundu nahi nuela, baina arrazoi bat zela bestea zela hau atzeratzen nenbilen. Azkenik, 28 urterekin euskara ikasteari heldu ostean, konturatu nintzen euskara zela gustura ikasiko nuen gauza bakarra.
Euskal Herrikoa izanda, euskarak nire herria hobeto ezagutzeko parada eman dit, benetan ezagutzeko abagunea. Era berean, berari esker muga gutxiago izan dut nire herrian: lagunak egiten lagundu dit, irekiagoa izaten lagundu dit.. Gauza gehiegi hitz soiletan adierazteko.


Jende askorekin aritzen zara euskaraz?

Tamalez, nahi baino jende gutxiagorekin. Familian ilobekin egiten dut euskaraz. Lanean, aldiz, gutxitan egoten da horretarako abagunerik. Eguneroko bizitzan zaila zait euskaraz jardutea hemen euskaldun gutxi baitago. Dena den, esparru batzuetan euskaraz hitz egitea lortu dut: lagunekin, bikotekidearekin…


Zelan ikusten duzu euskararen egoera Santurtzin?

Oro har, oso txarto. Itxuraz, jende gehiago da euskalduna eta badirudi inguruan antolatzen diren euskarazko ekintzetan hainbat lagunek parte hartzen dutela. Baina ez da nahikoa.
Euskara horrelako ekintzetara mugatzen dugunez, egunerokotasunean alboratzen dugu. Beharbada izango da Santurtzik dituen gabeziengatik, herri euskalduna ez den heinean. Egun batean bertso bazkari bat antolatzen dugu eta jende pilo egongo da. Baina hurrengo egunean zer?. Nire iritziz erabileran dago gakoa eta giroak baldintzatzen du erabilera.

Zer esango zenioke euskara ikasi nahi ez duen pertsona bati?

Bada, gauza asko galtzen ari dela. Nik irabazi nuen guztia bera galtzen ari dela. Horrela ez du ezagutuko berea izango den herria. Eta ezagutza hori beti ibiliko da herrenka.

No comments: