santurtziko berbalagunok: Berbalagunok xaboi ekologikoa egin genuen.

2010/01/27

Berbalagunok xaboi ekologikoa egin genuen.

Aurreko astelehen eta ostiralean Santurtziko berbalagunok Mamarigako Kultur Etxean bildu ginen Xaboi Ekologikoa egiteko tailerra burutzeko. Bertan, zorionez, hamaika gauza ikasi genuen: Gure azalak inguruan dugun guztia xurgatzen duela gogorarazi ziguten EHNEko Txus eta Ana irakasle jatorrek. Ondorioz, guk etxean darabiltzagun xaboiek osagai kimiko edo kaltegarririk (pestizidak, ongarriak..) badute, gure azalak barneratzen du ondorioak pairatuz. Horregatik da inportantea gure ingurugiroa zaintzea, horrek ere gugan isla zuzena baitu, eta alderantziz jakina.

Xaboi ekologikoa egiteko hauexek dira osagaiak: 1,5 litro olio ekologiko, 200 gramo sosa kaustiko, 1.300 gramo ur ekologiko (iturrikoak kloroa du, hau erabili nahi bada lehenago irakin behar da infusio bat balitz bezala) eta guk nahi dugun osagaia kantitate neurritsuan (zitrikoak hidratagarriak dira, fruitu lehorrak esfolianteak, buztin berdea azal koipetsuentzat..).
Ondoren, eskuak eskularru eta begiak betaurrekoekin babesturik ura botako dugu lapiko handi batera. Behin hau egindakoan sosa kaustikoa gehituko diogu urari (inoiz ez aldrebes!!!) eta bi minutuz nahastuko dugu egurrezko koilara handi batekin beti norabide berean eraginez.
Ondo nahastu eta gero, olioa erantsiko dugu eta luzaro nahastu beharko dugu oreak mermelada puntua lortu arte, nahi bada irabiagailu bat erabil daiteke prozesua azkartzeko. Hori lortuta nahi duzun osagaia erantsi ahal diozu. Guk hiru hauek erabili genituen xaboi desberdinak egiteko: kafea, oloa eta kokoa. Behin erantsita berriro nahastu behar da osagai guztiak ondo batu arte.

Koipeztatutako molde batzuetan utziko dugu orea 3 egunez gerora atera eta xaboi pastillak zatitzeko. Hau bukatzen dugunean xaboi pastillak hilabetez gutxienez utzi beharko ditugu erabili gabe. Egunean behin buelta emango diegu behean jarriko diegun kartoira ez itsasteko eta xaboi ekologikoa izango dugu!!!

Berbalagunok hemendik aurrera azal hobe eta osasuntsuagoa izango dugu, ohiko xaboi industrialek dituzten substantzia toxikoak ahaztuta. Gure gorputzak, buruak eta inguruneak eskertuko digute!!! Argazki guztiak ikusteko klikatu hemen.

No comments: