santurtziko berbalagunok: 2008.11

2008/11/28

BeHIak hezkuntzaz hausnartzen??

Bai horixe!! Gaur egungo BeHIak Hezkuntzaz hausnartzen arituko dira. Lasai, baretu animoak berehala ulertuko duzue eta. BeHIak zergatik, bada ekimen hau Kantauri BHIk antolatu duelako!!. Nonbait, hezkuntzari buelta pare bat eman behar zaio eta honetarako ezin hobea da Gorka Velascoren liburuan oinarritutako erakusketa.

Noiz egongo da ikusgai erakusketa?? Abenduaren 3tik 19ra bitartean Kantaurin!!. Gehiago jakiteko idatzi helbide honetara.


Santurtzin... euskaraz... zergatik??


Gure herrian euskaraz egiterik al da??, erderara jo behar dugu ezinbestean, edo posible da hainbat eremutan euskaraz jardutea??, Euskara ikastea ezinezkoa da??..

Zenbatetan egin dizkiogu geure buruari galdera hauek? zenbatetan etsita geratu gara hitz egiteko ezintasuna izan dugulako??. Bada, galdera hauei guztiei erantzun egokia eman guran, Bai Esan euskara elkarteak Santurtzin.. euskaraz... zergatik?? mahaingura antolatuko du hurrengo abenduaren 2an arratseko 20:00etan Kresala aretoan.

Santurtzin euskaraz bizi nahi dugunok bazter guztiak arakatzen ditugu euskaldunen bila, agian horregatik hitzaldi hau. Agian herriko euskaldunok batzeko garaia heltzear da. Ildo honetan Axular, Bihotz Gaztea, Udal Euskaltegia eta AEK-ko hainbat ikasle/irakasle elkartuko dira patxadaz honetan sakontzeko.

Euskara Eguna Santurtzin

Euskararen nazioarteko eguna (abenduak 3) ospatzeko hainbat eragilek proposamen batzuk luzatu dizkigute gure hizkuntzan murgiltzeko.
Itsasoko Ama eskolak jolasak, bertsoak, kantak eta beste hainbeste ekimen gauzatuko dituzte bertako ikasleekin batera. Helbura, nola ez euskarak gure bizimoduan ahalik eta toki handiena hartzea da!!.

Bestetik, Euskara Sailak bi ikuskizun erakargarri antolatu ditu Kresala aretoan:

*Ino, ino, ino... badator Bonbardino antzezlana 17:30ean
*Go!azen film musikalaren estreinaldia 20:00etan.

Seguruenik ere gauza gehiago egongo dira , beraz, animatu eta har ezazue parte. Baina modu berean, euskara ez dela egun batera mugatu behar den gauza bat gogorarazi nahi dizuegu. Izan ere, gure hizkuntza egunero landu beharrekoa da, egun guztiak, ordu guztiak eta minutu guztiak izan daitezela euskararen pizgarri!!.




2008/11/27

Haurrak 12 orduz euskaraz!!





Denok ezaguna da euskaraz hitz egiteko esparruak oso mugatuak direla. Euskaldunak egon badaude, eta Ezkerraldeko herri gehienetan legez, ia-ia ume guztiak euskaldunak dira. Bada, ume hauek euskaraz murgil daitezen aukera paregabea daukagu larunbat honetan, azaroak 29 Santurtziko erdialdean (parkea eta inguruak). Hona hemen BIGE-K(BIZKAIKO GURASO ELKARTEAK) antolatu duena:
  • 9:30etan 12 orduz euskaraz ekimena hasiko da, bertan musika, jolasak, antzerkiak, bertsoak eta abar egongo dira. Ordu horretan ere Nafarroako Kutxak Euskal Pilota erakusketa irekiko du bere egoitzean.

  • 10:00etan haurrentzako puzgarriak Lau joko, Lau kontinente. Karpan ere tailerrak egongo dira. Kalez kale erraldoiak ibiliko dira, baita udal musika banda ere.

  • 12:00etan Eneko eta Miyukik beren bidaien gaineko hitzaldia eskainiko dute Kresalan. Honen ostean Eskoletako umeak bertsotan arituko dira Karpan.

  • Benta zaharreko mutiko alaiak kalez kale ibiliko dira abesten. Marsel magoak ikuskizun ederra burutuko du karpan.

  • 17:00etan Kanpanolue taldeak umeentzako berbena egingo du.

  • 18:00etan Trapero del Rio antzerki taldeak Salam lana eskainiko digu.

  • 19:00etan maratoi honi bukaera emateko Aiko erromeria taldeak dantzan jarriko gaitu.

Egia esan, Santurtzin hamabi orduz euskaraz aritzea posible izango da. Beraz, aukeratu eta gozatu!!



2008/11/24

Kultur Etxeko ikasturte hasierako jaia!!



Berriro ere Mamarigako Kultur Etxea dugu hizpide. Autogestioaren bidez diharduen eragile honek esker ona helarazi nahi dio bere ekimenetan parte hartzen duen orori. Izan ere, aurten 10 ikastaro baino gehiago du abian jada, haietako asko euskara hutsean: bertsolaritza, panderoa, txalaparta, perkusioa… Honez gain, gelak beti beteta egoten dira auzotarren bilerak direla, musika taldeen entseguak direla, Mamarigako Abesbatza dela… Laburbilduz: sekulako kultur dinamika dago!!

Hau guztia ospatzeko, Kultur Etxekoek ikasturte hasierako jaia prestatzea erabaki dute. Azaroaren 28an arratsaldeko 19:30etik aurrera, jai giroan bilduko dira etxeak izan dituen berrikuntza lanak, ikastaroetan egiten diren gauzak eta esperientzia desberdinei buruz berba egiteko. Betiere sabela ederki beteta eskura eduki duten askari oparoari esker!!. Gehiago hemen.

Ipuinez gozatzeko aukera itzela...

Kandelen Argipean izeneko taldeko partaidea da Begoña Gómez ipuin kontalaria. Berarekin belarriak, begiak eta irudimena berotu eta ondo zabalduta, prest egongo gara elkarrekin ipuinak kontatu eta entzuteko. Euskara Sailak antolatuta, ipuin-saio honetan denon artean lortuko dugu entzungo ditugun istorioetako protagonistei bizitza ematea eta beraiekin barre egitea.

Etorri Kresala Aretora hurrengo ostiralean, hilaren 28an, arratsaldeko 20:00etan eta elkarrekin ipuinez gozatuko dugu!.

Haurrak zinemara doaz!!

Haurrentzat bideratutako Pepper pelikula ikusteko aukera izango da SKA aretoan, azaroaren 27an. Pepper txakur berezia da: hitz egiten daki, eta gainera, aberatsa da. Izan ere, diru mordoa jaso du oinordetzan. Hori dela eta, arriskuan dago, lapur batzuk haren atzetik baitabiltza. Lapur horietaz ihesi, Pepper txakurrak babesa bilatuko du Singerdarren etxean. Bertako kide den Felix mutiko bakartiaren laguna egingo da Pepper. Txakurra bezain berezia da mutikoa, egun osoa tigre jantzita ematen baitu. Elkarrekin, arrisku ugariri egingo diote aurre.
Eskola orduetan izango da, Euskara Sailaren eskutik.

2008/11/19

Nomadak Santurtzira iritsiko dira!!


Oraindik Oreka TX txalaparta taldeak sortutako filma ikusi ez baduzue, zortekoak zarete. Izan ere, ostiral honetan, azaroak 21 arratsaldeko 20:00etan ezinbesteko hitzordua dugu Kresala Aretoan Euskara Sailaren eskutik.

Nomadak dira pelikula eder honen abiapuntu eta helmuga. Munduan geratzen diren azken ibiltariak, kultura aberats eta zahar baten babesle zorrotzak. Sahara, Mongolia, Laponia.. Txoko miresgarri hauek ezagutzeaz gain, Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez de San Vicenteren balentriak eta txalaparta jotzeko trebeziaz gozatuko dugu.

Izotza, harria, egurra, txalapartari hauentzat ez dago ohiko txalaparta berritzeko eragozpenik. Dena da posible, dena da egingarria musikaren bidez haien bizipenak helarazten dizkigutelako. Bada ostiralean besaulkian ondo uzkurtuta, geu ere nomada bilakatuko gara, Nomadak TX


Haurrentzako berbena!!


Larunbat honetan, azaroak 22, gure herriko haurrek gerria astinduko dute konplexurik gabe. Txorromorro taldeak gramola haur dantzaldi dibertigarria egingo du umeen parte hartzea ziurtatuz.

Dantza eta jolasen bidez, etxeko txikienek gainerako umeekin zein Txorromorroko kideekin ikaragarri ondo pasatzeko aukera izango dute. Gainera, larunbateko eguerdian 12:00ak aldera, ba al da plan hoberik??. Bada hori udazkena bukatzear dugula Euskara Sailak antolatutako ekitaldi hau ere aprobetxatu beharko dugu. Anima zaitezte eta ea zelako erritmoa dugun!!

2008/11/17

Ni naiz Hector, ni bakarrik.


Santurtziko antzerkizaleok zorionekoak gara aste honetan, zeren eta bi emanaldi edukiko baititugu. Lehena aurreko berrian agertutakoa da, eta bigarrena Ni naiz Hector, ni bakarrik antzezlana.


Jokin Oregik idatzitako antzezlan hau ostegunean, azaroak 20, ikusi ahal izango dugu arratseko 20:30ean SKAn Euskara Sailaren eskutik. Prezioa 6 eurokoa da, baina AEK edo Udal Euskaltegiko ikaslea bazara, merkeago aterako zaizu!!. Beraz, ez geratu ilargiari begira eta anima zaitezte!!.


Hona hemen sinopsia:

Hectorrek, bere buruan ahotsak (Nia 1 eta Nia 2) entzuten dituela eta, konponbide bila bere maitasun platonikoa den Esti psikologoaren kontsultara joatea erabakiko du. Tartean, ordea, Estiren ama Carla sartuko da, zeina psikiatra den, eta gauzak are gehiago korapilatuko dira. Hectorrek, alde batetik, bere Nia1 gogaikarriari eta joera suizidak dituen Nia2ari egin beharko die aurre, eta, bestetik, Estirekiko erakarmena bideratu beharko du. Era berean, Estik bere depresioari eta amak eragindako gatazka guztiei egin beharko die aurre. Eta hau guztia komedia erromantikoen klabeak erabiliz, egoera absurdo eta umoretsuei leku eginaz.

2008/11/14

Zeru Gaineko Berlin.



Irudi ederrak, ametsetakoak, ikusteaz batera geure buruan irudikatu ditzakegunak, sentitu eta gozatu. Gainera, imajinek musika izango dute lagun, azaltzeko bide; eta honi esker giro liluragarria sortuko da, Kresalako besaulkietatik Berlineraino eramango gaituen erritmo barean. Eta hauxe izango dugu hurrengo asteazkenean, azaroak 19, arratsaldeko 20:00etan Kresala aretoan.

Zeru Gaineko Berlin ez da nolanahiko antzezlana. Hala Bedi irratsaio batetik sortutako ideia da, Celosamente Gordea saiotik ateratakoa. Irudiak, elkarrizketak eta musika nahastuko dira bakardade, maitasun nahiz denboraz hitz egiteko, betiere gauza bat nabarmenduz: Haurtzaroan genuen harritzeko kapazitatearen galera.

Eta oraindik ere harritu ahal garelakoan, zur eta lur geldituko garelakoan elkar ikusiko dugu Berlinen. Euskaraz amesten, Bai Esan euskara elkarteari esker.


2008/11/11

Haur dantzaldia Santurtzin!!


Betizu eta oilarraren kukurrukua ikuskizuna hurrengo larunbatean (azaroak 15) izango dugu J.J. Mendizabal plazan eguerdiko 12:00etan.
Bertan ohi bezala, dantza, txantxa, barre, salto egingo dugu!. Betizu behi bihurri hauek prestatutako azken emanaldia ikusi nahi baduzue, ezin duzue huts egin. Gainera, hil honetan tankera bereko beste berbena bat izango dugu bi larunbatetan. Hau lehenbizikoa izango da Euskara Sailak bultzatu duen Udazkena Euskaraz kanpainaren barnean.

Beraz, larunbat honetan euskaraz gozatzeko aukera duzu, non eta Santurtziko kaleetan!!. Hori bai, dantzatzen hasi aurretik ondo berotu. Osterantzean zaintiratuak eta axubetak izango dituzue!!

Euskal Herriko ohitura zaharrak


Kaixo!!!
Ostiral honetan arratsaldeko 20:00etan hitzordu polita izango dugu kresala aretoan. Bertan gure ohituren inguruan egingo dugu berba, zein diren, nondik datozen. Felix Mugurutza etnografoak bere ezagutzak gurekin guztiokin partekatuko ditu eskema zaharkituren bat baino gehiago hautsiz. Euskaldunok gure usadion jakitun garela denon ahotan dabil, baina euskaldunok Gabonak betidanik ospatu ditugu?, Olentzero noiztik dugu ezagun?, eta gure ospakizunak guk uste bezain paganoak ziren??.

Urriaren 14an, Euskara Sailak antolatutako ekimen honetan, galdera hauei erantzun egokia eman ahal diezue ekitaldi honetan parte hartzen baduzue, bestela zuen jakin-mina ase barik geratuko da!!


2008/11/04

Elvi sabeliztuna bere panpinekin dator!!


Pentsa ezazue zenbat denbora igaro den sabeliztun bat edo bentrilokuo bat ikusi zenuten azken alditik... Bufff aspaldidanik ezta??. Eta euskaraz zenbat bider?? Behin ere ez?.

Zuek egoera horretan bazaudete, ezin diozue ikuskizun honi muzin egin. Barrez lehertu, eta algara dela medio besaulkian sartu ezinik egon nahi baduzue, Elvi sabeliztunak irribarre andana ateraraziko dizue.

Izan ere, ordubeteko saio honetan bere panpin ezagunak agertzeaz gain, umoreak, magiak eta abestiek aldarte onean jarriko gaituzte!!.


Noiz: Ostiral honetan, azaroak 7 arratseko 19:00etan.

Non: Kresala Aretoan..

Antolatzailea: Euskara Saila.


Ahh eta emanaldia bukatu baino lehen, jende artetik bi panpin berri agertuko dira. Nortzuk izango ote diren ikusteko dago.

Munduko bira jolasean.


Hurrengo larunbatean, azaroak 8, agian ez duzu aparteko planik izango. Beharbada ohean geratzeko asmoa duzu gozo-gozo. Baina Munduko bira jolasean egin daitekeela jakingo bazenu.. beharbada nagiak aterako zenituzke eta bita pentsatu barik euskarari eragingo zenioke. Gainera, goizeko 11:00etatik aurrera eta goiz osoan izango dela jakin ondoren, lozorroan geratzeko plan hori guztiz baztertu beharko zenuke eta ekimen honetan parte hartu!!.
Euskara sailak Udazkena Euskaraz kanpainaren barruan kokatu duen ekintza honek helburu hauek ditu:


  • Lehen hezkuntzako umeekin jarrera eta jokabide arrazisten prebentzioa lantzea.

  • Jolasa eta tailerren bidez kultura ezberdinen ezagutza ahalbidetzea.

Kontinente guztiak ezagutu gura badituzu, parkean duzu hitzordu hau.